Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Mapa
 
Mapa
AIETE ALTZA AMARA ANTIGUA AÑORGA ATEGORRIETA EGIA GROS
IBAETA IGELDO INTXAURRONDO JAI-ALAI KAIA KONTXA LOIOLA MARTUTENE MIRAKRUTZ
ONDARRETA PARTE ZAHARRA SAN MARTIN UDALETXEA ZENTROA ZUBIETA

Ibaeta

 

        «Garai batean, Ameriketan izandako batek, taberna jarri zuan toki hortan. Handik barrena, garai hartan, itzaiak ibiltzen ziran, beren idi ta gurdiakin, orduko transportistak haiek baitziran. Ta, ardo-tragoxka bat edatera-ta, bide bazterreko taberna hartan sartzen omen ziran. Amerikano hura, Ameriketan fedea galduta edo, Eliza ta erlijioarengatik gaizki esaka aritzen omen zan beti. Ta itzaiak, haren hizketa moduaz harrituta, tabernari Inpernua jarri zioten izena», esplikatu zion Antonio Zavalari auzune horretan bertan dagoen Zapatari etxeko Antonio Sorrondegik.

        Amerikak kendu zion fedea tabernariari, tabernariak izutu zituen itzainak, itzainek goitizendatu zuten taberna, tabernak eman zion izena auzoari. Noizbait, Poliziak kaserna moduko bat izan zuen han; almazen gisa erabiltzen omen zuten. Gerra ondoren kartzela bezala ere erabilia izan zen, Ondarretan nahikoa leku izango ez zelako, noski. Horra inguruari Infernua esateko arrazoi polit bat gehiago.

        Baina toponimia oso lurralde arriskutsua da, gutxien uste dugunean estropozo larria egin genezake. Donostia eta Usurbilen mugan dagoen auzoari Infernua esateko arrazoia tabernari biraokari bat baldin bada, zein ote da Euskal Herrian barrena topa genitzakeen «Infernuko Erreka» ugarien sorburua? Ez ote du lekuak berak sortzen izena, latinoek «genius loci» horretan adierazten diguten bezala? Ez ote dauka uste duguna baino zer ikusi handiagoa formak, lekuren bati izena ematerakoan? Intxaurrondon oso binomio bitxiak egin litezke garai bateko baserriekin: Paris-Londres, Tunis-Argel. Ez ote da antzeko zerbait gertatu Infernua-rekin, era dialektikoagoan baina? Izan ere, Infernua izeneko etxeak Belen izeneko baserria baitzeukan aurrez aurre...

        Espainiako gerra amaitu berrian, Loiola partean dagoen Paskualdegi baserriko Juan Krutz Ibarburu mezetara joan zen Atotxako fraideetara. Meza hasi orduko Polizia azaldu eta denak atxilotu zituen: meza hildako gudarien aldekoa zen, isilean aterea. Jende hura dena, edo gehiena behinik behin, Infernuan zeukaten etxe handira eraman zuten. Gero, libratu zituztenean, Juan Krutzek Errenteriako Bordaxarko Jose Zapirain osabari kontatu zion gertatua, eta osabak azpi-zentzuz beteriko bertso bikainak egin zituen, elizatik infernura joan behar izan zuten gizajoez.

 

                Nunbait guztiyak igual

                genduen merezi,

                gaixtorik eta onik

                etzuten berexi;

                alako funtziyorik

                nik ez det ikusi,

                batzuek eskapatu

                ziyoten igesi:

                jakiña, Inpernuan

                etsaia nagusi.

 

        Infernua, kondenatuen biltegia. Harritzekoa al da bertan egon izana Donostiak gerraondoan eta urte luzez eduki duen prostibulorik ospetsuena? Oraindik zutik zegoen duela hamarren bat urte «Etxe Maite» izeneko villa zahartua. Hantxe zeuden, sos batzuen afanean, «izarren kontaduria» egiten zuten emakumeak, poetak esan zuen moduan.

        Etxe horren izena, izen arrunt bezala harturik —«etxemaite»—, prostibuloa adierazteko hitz jatorra bilakatu zen, bai euskaraz eta bai bertako eta inguruetako gaztelanian.

        Ikasterri handi bat da orain Ibaieta, laster txikiegi geldituko den «campus» bat, larrerik ezaz. Ikasterri horren sorburuan euskara dago, edo, zehazkiago, ikastola: hantxe kokatu zen Santo Tomas lizeoa, OHOtik gorako lehen ikastetxea Gipuzkoan. Bertan ikasi zuten, besteak beste, Joxemi Zumalabek eta Rafa Egigurenek. Batxilerra amaitu zuen lehen kurtsoa lau ikaslez osatua zen. Baina berehala heldu ziren behetik bultzaka zetozen belaunaldi berriak. Halako gerra-leloa zeukan, izan ere, Lizeoa sortu zeukan Karlos Santamaria, Luis Mitxelena eta Jose Migel Zumalabe hirukoteak: «Hasiak egina dirudi».

       

        Ibaeta... urak nonbait. Eta uraren ondoan, jakina, errota. Bitxia da, hain hurbil egonda, hitz desberdinak agertzea gauza bera adierazteko: Igara baten hurbil daukagu Errota-buru...

 

Errandoren amodiozko ametsa
S. Tomas Lizeoko zuzendariarekin hizketan

 

 

AIETE ALTZA AMARA ANTIGUA AÑORGA ATEGORRIETA EGIA GROS
IBAETA IGELDO INTXAURRONDO JAI-ALAI KAIA KONTXA LOIOLA MARTUTENE MIRAKRUTZ
ONDARRETA PARTE ZAHARRA SAN MARTIN UDALETXEA ZENTROA ZUBIETA
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak