Egia
Egia, ala Hegia?
Zaila dago erabakitzen, inoiz Hegia izan zena Egia bihur lezake hilerriak: «laster esango da zuengatik, esaten oi dana gu gatik: ill ziran!».
Hilerri handi batek asko markatzen du inguruko ekonomia. Aldameneko baserritarrek loregintzari ematen diote, harginak marmolista bihurtzen dira, eta zalgurdi bat daukanak... Bada gaur futbol zelai bat hemen, belarrik gabeko modernoa, Matigoxotegi izenekoa. Izen hori, agidanez, Martikotxotegi zen lehen, eta bertako historian adituek diote Martin-kotxero-tegi batetik datorrela. Baserri horretako Martin delako batek bazeukan nonbait kotxe bat, zalgurdia alegia, eta hildakoak eramateko alokatzen zuen. Zerbitzu ederra egingo zuen, hilerrira iristeko malda igo behar baita, inondik ere. Gaur Ametzagaina kalea dena, ezinbestez, Kanposantuko Aldapa izan zen garai batean.
Kanposantua gizartearen ispilua da. Bertan islatzen da, ezin gardenago, aberatsen eta pobreen arteko aldea, garaileen eta zanpatuen arteko leizea, eta guztien gustu nolabaitekoa. Soziologia ikasten da hilerrian. Baita soziolinguistika ere: ofizialtasun eza, erakundeen arduragabekeria, ahanzturak, zabarkeriak, utzikeriak, okerrak, trasmisioaren hutsegina, euskaldun berrien koherentzia... Gure hizkuntzaren egoeraren mosaiko bat osa liteke hilerriko argazkiekin.
Klase altuek, panteoi erraldoiek, ez daukate euskararik abizenetan izan ezik.
Ordena erlijioso guztiek, berriz, erdara darabilte: dozenaka batzuk dira, eta bat bera ere ez dago euskaraz, ez inongo monjena, ez inolako frailerena, ezta probintziako apaizena ere.
Euskaltzale eta idazle ezagun batzuen hilobiak, erdara hutsean daude.
Euskaraz daude ordea beti erdaraz idatzi zuten beste euskaltzale batzuenak.
Euskararik gehiena, eta zuzenena, hilobi xumeetan ageri da, plastikozko loreek beti pindartsu dauzkaten hezurrobietan, hautsobietan.
Oker ez bagaude, euskaraz idatzitako hilobi zaharrena Arzaktarrena dugu. Areharrizko lauza batean irakurtzen ahal dugu, zail samar baina, honako leienda hau, piraten ikurra dirudien gainerliebe baten azpian:
Zorionekoak Jainkoagan
iltzen diranak.
Arzac eta Alberdi-ren familia.
RIP
1879
Interesgarria da hilobi hori. Alberdi, hain zuzen, Manterola hil zenean Euskal-Erria aldizkariko zuzendaritza hartu zuen Antonio Arzac
idazlearen bigarren abizena zen. Datari erreparatzen baldin badiogu berriz, hilerria mustu aurretikakoa dela ikusten dugu, Polloe 1887an zabaldu baitzen. San Martin hilerritik ona ekarria da noski, gaur San Bartolome esaten diogun muino horretatik. Badu halako balio historikoa, beraz. Eta, bestalde, Antonio Arzacek gurasoengandik hartu zuela hizkuntzaren kontzientzia ere, adierazten digu.
Bada beste lauza bat, Arzactarrena bezala hilerri zaharretik ekarria, oso luzera gabe irakurtezin edukiko dituena zortziko txiki bateko letrak:
Jose Ramon Egaña-koa
ill zan
1884-ko Azaroaren 30-ian.
Oraiñ emen daudenak
ezurren aurrian
bici bitez ill arte
Jaunaren leguian:
Mundu triste ontatik
bestera joatian
denok izan gaitian
ceruko glorian.
Josefa Tellechea-ko
ill zan
1894-ko urtian Maiatzaren 5-ian.
Bilintxena
dugu, Donostiako euskaldunok, hilobirik ezagunena. Udalak eraiki zuen, eta esan genezake ez dela, ezta hurrik eman ere, Polloeko mausoleorik zatarrena. Dotorea ere bada, bere apalean. Eta xelebrea egiten zaigu irakurtzen jartzen bagara: «¡Bilintx! Donosti maite ontan zure bertsoak entzun genituenok, esan genezake, Jaunaren miserikordiak kantatzera joan ziñan ezkeroztik, zerua bera gozoagoa izango dala». Bitxia da, Bilintxek daukan epitafio ofiziala baino dotoreagoa da metro batzuk aurrerago bere alargunarenean bilobek ezarri dutena:
Bakarrik esan behar dauat
neure barrenean
haramadala
bizirik,
bizitzea
merezi ukan
baituen.
Gabriel Arestiren poema baten zatia da, Rikardo Arregiren gorazarrez eginikoa. Hara non poeta, hilerria inguratzen duen errepidea utzirik Gabriel Aresti pasealekua harresiaz barne datorkigun, bretxa jator bat irekiz.
Lehen Polloe edo Polloene baserria zegoen hilerriaren orubean, eta ongi da haren izena ematea hilerriari. Baina herri xeheak ez du hilerria inoiz lotu Polloe baserriarekin, hurbilen gelditu zitzaion Txurkoenekin baizik:
«Hantxe dago Julian, Txurkoeneko baratzan...»
«Bai, guk ere laster joan beharko degu Txurkoeneko baratzera, harrak gobernatzera...»
Horixe izan da orain arte hilerri hau, «Txurkoeneko baratza». Ez dakigu gero ere hala izango den, Txurkoene ez baita jadanik baserria, araudi guztiei eta agindu guztiei trufa eginik zaharberritutako etxe tristea baizik.