Ategorrieta
Batzuek diote inguruetako etxe guztiek gorriz zeuzkatelako ateak, beste batzuek esaten digute Urumea pasatzeko bazela zurezko zubi bat Santa Katalina bere atearekin, «zezen odol kolorez margotua», eta hortik datorrela izena: Puertas Coloradas.
Kontuan hartzekoa da bigarren hipotesia, orduan zubiek peajea baitzeukaten, egun autobideek bezalaxe, eta oso posible da ate bat edukitzea, «zubi-saria» esan behar litzaioke, hain zuzen, peajeari.... Puertas Coloradas, nolanahi ere, Jaia-Alai eta Mirakrutz bitarteko aldapatxoari.
Bigarren karlistaldirako giroa pizten hasia zela, «Inaziyo Egi-jariyo-k» bertso satiriko batzuk atera zituen 1869an Donostian, apaizen kontra eta liberalen alde, baserritar bat balitz bezala:
Ni ere zuen gisa
baserritar bat naiz,
soroan izardiya
kentzen detana maiz.
Erantzunak berehala heldu zitzaizkion, eta ugari. Horietako batean, «Juan Ilusiyo gezur-jariyo» esaten diote, nekazaritzat pasa nahi duen kalekumea delako, besteak beste. Hona hemen sail horretako laugarren bertsoa:
Juan Ilusiyo lebitaduna
ezkutatzen da poliki,
nekazaritzat bere buruba
pasatu nai luke noski;
Ategorriak, ai bazter onek
gaur itz egiten baleki,
urbano onen azaña aundiak
esango lituzke ederki.
«Ategorria», beraz, egungo toponimoen pluralaren atzizkia gabe. Honek indartu egiten du zubiko atearen teoria: atea pasa gabekoa zela esan nahi zaio, «urbano» eta ez menditarra, «lebitaduna» edo jauntxoa, gaur egun «pijoa» alegia, eta ez Bautista Bazterretxek zeukan dohainaren zentzuan noski. Zezenak barreratik ikusten zituena zen, Ategorria edo Ategorrietatik mendira (karlistetara) ausartu gabe. Herriaren hizkerak gain hartu zion, behingoz, orduan erabilera ofiziala suposatzen zuen erdara idatziari. Nolako aurpegia jarriko liguke autobus gidariak, erdalduna izanda ere, «Puertas Coloradas» izeneko leku baterainoko txartela eskatuko bagenio? Alabaina, horrelaxe esaten zioten Ategorrietari XIX. mendeko kronista guztiek.
Etengabe sortzen dira muga berriak. Lehen erreka batek mugatzen zuena, gaur errepideek, autobiek eta burdinbideek dute erabakitzen zer zeinen eta nor non. Orain Egiaren zati egingo genukeen trenbide gaineko hegalean hainbat etxe eta villa eder eraiki ziren XX. mende hasieran. Batzuek iraun dute, beste batzuek lur jo zuten aspaldi samar. Horien artean daukagu «Emilia Enea», Arturo Campion euskaltzale handia udaz egoten zen etxea. Bertan zegoen Francoren tropek Donostia hartu zutenean. «Zer, sartu al dira gureak?» galdetzen omen zuen hurbil zeudela jakin zuenean. Hala diote dakitenek.