Añorga
Zer ote zen Añorga, N-1 errepidea sortu aurretik? Muino hegaletan zabaldutako baserri multzo bat noski. Gero zementu edo hiraulika lantegiak eman dio nortasuna, bertan erretore egondako Juan Mari Lekuonak horretan hartu zuen oinarri Porlandi poema sortzeko.
Gero Joxe Mari Aranalde
idazle eta bertsozale handiak hartu zuen parrokia. Honen etxera heldu zen Nikolas Ormaetxea Orixe, Ameriketako erbestean amaiturik.
Orixe euskaltzale berezi samar batzuen eredua genuen, mintzairaren erabilerari dagokionez.
Pelotari mintegia izan da, historikoki, Añorga. Gaur egun Mikel Unanue du izar, euskaraz dotore jarri den aurrelari txapelduna.