Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Dokumentuak
 
Dokumentuak
kronologia: 1876-01-20 gaiak: Bertsolaritza

Iparraldeko gutunak

 

Curros Enriquez

El Imparcial, 1875-1876

 

 

Donostia, 1876ko urtarrilaren 5ean

 

        [...]

        Gaur, hamaika t'erdietan, danborra joka egin da pregoia herri honetako plaza-karriketan bertako alkatearen bandoarena, biztanleak gaztigatuz gisa guztietako artak har ditzatela etsaiaren baterietatik babesteko, hauen tiroak ezin baititu igarri, barteko hamabiak ezkero, Mota Gazteluan su-kanpaia jotzeko dagoen talaiariak.

        Neurri hau, berez aski gora mintzo dena hemengo autoritateen arduraz, kausa karlistaren korifeoei eragiten diegun baja mordoaren ondorioa da; izan ere San Marko eta Arratsaingo gotorlekuak parapeto edo patetatzar handiz babestu behar izan baitituzte, eta honek, gure tiroetatik nolabait begiratzen dituen arren, aldiberean eragozten digu beraien tiroen sugarra ikusten. Halaz guztiz ere, badakigu Arratsaingo gotorlekuak ezin duela hiri honetako alde berrian mira egin, eremu zabal honetan orain arte egin duen bezala.

        Kaserna Nagusitik sorturiko aurreneko erabakietako bat izan da atzo brigadaburu guztiei komunikatu zitzaiena, ez daitezela bataloietan kantinera eta hornikari gehiago hartu, erabakiak daudenak eta behar bezalako baimena dutenak izan ezik.

        Batez beste gotorleku karlistek egunean jaurtitzen dizkiguten granadak ez dira hogeita hamarretik gora.

        Esperantza dago duela hiru egun granada batek zauritu zuen neska gaztea salbatzeko.

 


 

Donostia, 1876ko urtarrilaren 7an

 

        [...]

        Hiri honen bonbardaketaz kontatzen diren pasadizo jakingarrien artean, bada bat, berri, zinezko eta berezitik duenagatik, kontatu egingo dizuedana.

        Senar emazte gazte batzuk hiriaren alde zaharrean dagoen Kale Nagusiko etxetik irteteko zeuden, egun batzuetatik hona tristura handian sartua zegoen alaba alaitzearren. Baina tupustean bururatzen zaio senarrari ez kaleratzea, ez dakit zer aitzakia jarrita, eta etxean gelditzea deliberatuta, zabaltzen du liburu bat, hurbiltzen da kalera ematen duen sapailora, eta egiten die emazterai eta alabari:

        —Zoazte zuek eta ez berandutu.

        Alaba eskutik hartu eta badoa emaztea. Egongelako atalburua iragaten du, zeharkatzen dute pasiloa, eskaileretan behera abiatu behar dute. Baina une honetan emazteak dei egiten dio senarrari, jiratuta.

        —Hau izorratzea! —dio honek egongela utziz eta harengana abiatuz—. Tira, zer dugu?

        —Gizona, emaiozu musu bat neskari, etorri nahi ez duzunez.

        Eta aita makurtzen delarik aingeru haren bekokia musukatzeko, Arratsaingo gotorlekuko granada bat erortzen da bera eseria egona zen butakan, lehertutakoan egongelako altzari eta tabike guztiak birrinduz.

        Probidentziak, gizateria sakrifizio ikaragarri batez jaregin zuena,  errukitsuago atzo, familia bat jaregin zuen musu batean.

 


 

Donostian, 1876ko urtarrilaren 15ean

 

        [...]

        Hurbildik ikusita gerra honi interesgarritasun ilun bat ematen dioten elementu, pertsonaia bortitzenetatik bat, mundu guztiak espioi karlista edo atzeko karlista bezala ezagutzen duena da, dudarik gabe; derbitxe modukoa, ez ditu ezpainak mugituko igarkizun izugarriak edo profezia inozoak egiteko ez bada, edo armada liberala, beldurrak hartuta, lausengatzeko; baina honen harat-honatak zelatatzen ditu egunez, hauen berri emateko gauean argi baten bitartez bere lagunei, Arratsaingo biztanleei.

        Tipo hau, Donostian bezala hiri setiatu guztietan dago, ez dira falta setiatzaileen aldekoak, eta karlista da batez ere; baina, inor ez bezala koldar eta guztiok bezain gaizto, badaki estaltzen, zapi hipokrita baten azpian, bere iritziak, eta espioitzaz eta salaketez bizitzen ohitua dagoenez hiena bezala haragi usteletik, berdin dauzka informatuak bere kredokideak gure tropen egoeraz, nola murriztu egiten duen guretzako etsaien kopurua, beti ere karlisteengandik omen datozen albisteen arabera.

        [...]

        Nor da pertsonaia hau? Non bizi da? Inork ez daki. Inork ez dio hitz egiten, inork ez du ezagutzen; menturaz ez du lagunik, tradizioko Ahasvero hark bezala, baina bizi da eta bizi dela frogatzen dute beti eta beti fakziosoen proiektilek eragiten dituzten ezbeharrek. 

        [...]

 


 

Donostia, 1876ko urtarrilaren 21ean

 

        Nire azken gutunetik ez da egundaino ezer aipagarririk gertatu. Eguraldiak aldatu egin du, osorik ez bada ere, bai oraindik negu gorrian gaudela aditzera emateko beste, eta gerra-operazioak haren arabera egingo zirela espero genuenok uste argiagoetara ekarri gaitu. Urtarrileko eguzkian bada emakume pertxenta baten bihotzean baino gaiztakeria gehiago: menturaz indiferentzia gutxiago ezkutatzen du honek bere irriaren atzean, hark izotz eta elur baino, zeru oskarbi baten atzean. Ojalateroek, edozeri heltzen diotela, zirkunstantzia hau baliatzen dute, hots, eskala handiko operazioak eragozten dituen tenperatura aldaketa, Jainkoa  beren kausaren aldeko egitearren.

        —Gure alde dago! —saten dute Pandolfo doktorearen zuhurtziaz; baina ahaztu egiten dira zenbat eta beranduago igaro beren lerroak, orduan eta porrot ziurrago eta handiagoa izango dutela. Gainerakoan, nazkatuak gaude jakin beharrez beren Jainkoak haizeak eta txingorrak, lanbroa eta ilunpea dituela ezaugarri; argia, beroa, Jainko horri giza holokaustoak edo antzeko zerbait eskaintzeko baino ez dituzte erabiltzen.

        [...]

        Berri triste bat adierazi beharrean naukazue, eta ziur nago hiri honetan eragin duen hunkimendu triste bera egingo diela irakurleei. Bada Donostian poeta guztiz herrikoi bat: bertako semea, ikasketez urri, baina argitasun harrigarrikoa, irudimen bizi eta oparokoa, suhar eta sentimendu goi eta garbiz beteriko bihotzekoa; poeta hau Ossian antzeko bat duzue probintzia hauetan; bere kantak, askatasunaren kontzepturik nobleenean oinarrituak, ahoz aho dabiltza hala ondra nazionalaren defendatzaileetan nola dama aristokratikoaren gelan errezitatuak edo baserrian, mendian, mendeetako zuhaitzaren gerizpean eta ohiko dultzainaren doinuan. Poeta honek, guztiek ezagutua, guztiek gurtua, ez zuen inoiz gaztelaniazko bertsorik egin; bere aberriaren dialektoaz maitemindua, Lamas Carvajal eta Seraf¡ Pitarra bezala, bere konposizioak euskaraz dira asmatuak eta idatziak; haienak bezala, poesia bakoitza pitxi bat da idatziak dauden hizkeraren edertasunak dastatzen dakiten guztientzat; guztientzat esan dut, eta oker nago: beraiek ez dute konprenitzen idazten dutenaren balioa. Horregatik ez zituen bere lanak bildu orain ari naizen poetak.

        Arima pribilejiatua, zauritzen duen lehen argi printzan hartzen du ideiaren hazia, eta pentsamenduak arte bilakatzeko behar duen beste transiziorik gabe, hunkitu eta sortu egiten du. Entzuten duen oro harritu eta liluratu egiten duen sorkuntza hau, bera ez beste edonorentzat da. Denek gordetzen dute belarrian edo oroimenean zerbait hartatik, bere aitak izan ezik. Eta batzuetan bi gizonezkok entzuten dituzte karrika huts batean piano baten akordeak, zortziko baten armonia kadentearen sugean.

        —Entzun duk? -galdetzen du batek.

        —Zeinen ederra den kanta hori!

        —Eta nik ezin egin halakorik!

        —Ba kanta hori heurea duk...

        Eta hala da gainera. Baina, ba ote daki zuztarrak bereak dituela gu zoratzen gaituen lorearen lurrinak? Baleki, menturaz, harroturik, gure ezpainak ukitzeraino haziko zatekeen, kentzeko.

        Baina jabetzen naiz sobera ari naizela luzatzen agindutako albistea eman gabe. Arrosa lurrinez nahi nuen idatzi, ezinbestean odolez idatzi behar dena... hain tristea baita poeta bat hilaginean dagoela esatea! Hain tristea baita esatea atzo arratsaldean granada batek larri zaurituta eroriko zela bere emaztearen eta haurren ondoan, Diario de San Sebastian-en hau idatzi berri zuena:

 

                Nic au pentzatu nuben

                bein zu icusita

                ori bay dala guztiz

                nescacha polita

                nay balu nere izan

                gaude ezcongayta

                maiteco nuque nola

                ama eta aita,

                nere biziya baño

                gueyagore baita.

 

        Egia da ordea. Jakin nuenean, bart arratsean bertan, ni, Vilinch ezin nobleagoa aditzera eta bere kantuez besterik ezagutzen ez nuen hau, bere adiskide Cirilo Latierrok lagunduta, etxera joan nintzaion, Portu kaleko 5 zenbakira, eta orduan sentitu nuena, oraindik ere oinazetan dut oroitzen.

        Irakurleak barkatuko ahal dit bisita honen xehetasunetan ez sartzea, guztientzat ere alferrikoak izango baitira jakiten dutenean gizajoak hanka bat kendua zuela, lazgarriki txikitua, eta medikuak prestatzen ari ziren, esan zidatenez, berdin egiteko bigarrenarekin, beti ere minduna kementsu baldin bazegoen eta operazioa pairatzeko gertu. Ez dut karlisten haserrearen biktima honen biografia egin nahi. Ez dut nire aspaldiko laguna, PeĻa y GoĻi idazle errespetagarria, Vilinch-en adiskide eta herritarra, berez dagokion eskubideaz gabetu nahi; izan dadila berea irekiko den hilobian lore bat paratzearen ohorea. Berak izango ditu nik baino oroitzapen gehiago ondratzeko, eta ezerekin eros ezin litezkeen adiskidetasunaren malkoak.

 

 

kronologia: 1876-01-20 gaiak: Bertsolaritza
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak