Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Dokumentuak
 
Dokumentuak
mapa: Egia kronologia: 1876-07-21

Bilintx doakabeari

 

Klaudio Otaegi

1883

 

Umerik izan bada munduan

Zoriontasun gaberik,

Donostiako Bilintx izandu

Zala, ez dago dudarik:

Patu gaiztoak jarraitu zion

Utzi gabe egun bat onik.

Eraman arte mundu igeskor

Eta naasi onetatik.

 

Jaiotzetikan ill arteraño

Erio biotz gogorrak

Bere gañean zeukazkiela,

zirudien, atzaparrak:

Itsuskitua, atsekabetan,

Denak ez oso ezurrak.

Aiñ eriotz izugarria

Izan oi dute bakarrak.

 

Baña, Apolok, ikusirikan

Zuela barren garbia,

Biotz beera ta txit maitatsua,

Aur baten inozentzia,

Bidali zion pena eta miñ

Guzien gozagarria:

Tortola baten egal azpian

Eratoren etorkia.

 

Senar maitea: gurasorikan

Izan liteken onena,

Mundu ontako neke ta lanak

Ondo zeramazkiena,

Iñori gaitzik opatu gabe

Denak maite zituena.

Zan egiazko adiskide bat

Etsairikan ez zuena.

 

Koplari samur gizagaixoa

Jaio zan maitatutzeko

Ta amodioa kantatzen zuen

Berekin sortu zalako.

Nola ez zuen, bada, gau ta egun

Ezpañean edukiko,

Baldin onela naigabe denak

Bazitzaizkion aztuko?

 

Beartsu beti bizitu arren

Ez ziraden penazkoak

Aren lantuak eta negarrak,

Baizik amodiozkoak:

A, zirudien atsegintasun

Eta doai zerukoak

Poztu zezaten, zikiotela,

Bidaltzen aingerutxoak!

 

Ala da, ezik, nork ark bezela

Ixuri zizpiro, lore,

Gaitzik ez duten itz eder eta

beste zenbait jolasbide,

Neskatx garbien matrall oriak

Gorritu arazi gabe?

Ark bezelako itz eztitsuak

Esateko, nor da trebe?

 

Aren itzerak iruditutzen

Zaizkit usoren urrungak,

Mugidagabe dagoeneko

Itsasoaren baga otsak,

Gau oskarbian aize goxoren

Suxu-muxutxo biguñak

Gora altxatuak, txoriandraren

Egunsentiko diosalak.

 

Deritzaizkit, ai, Euskal Erriko

Aritz guzien pirpirrak:

Lore tartean gordea doan

Iturritxoren murmurrak,

Kabi ondoan teilatupeko

Enaratxoren txor-txorrak,

Amorez ila dagoeneko

Errexinolen gorgorak.

 

Ark senti zuen amodioa

Da keribinen arnasa,

Jargoi oinean Jaungoikoari

Zuzendutzean otoitza,

Egunsentian lore gainetan

Egan dabilen artaiza,

Azuzenaren orri tartean

Pozez gordetzen dan intza.

 

Nor da ordea, nor, gairik aski

Pintatzeko nolakoa

Izandu zuen arima bigun

Garbiak amodioa?

Ain amodio gaitzik gabea,

Loratsu eta gaxoa,

Toleskabezko ezpainaz inor

Lotserazi gabekoa.

 

Inor ez, noski, ni ez naiz behintzat

Eta noa isiltzera...

Baina ez, ez naiz isilduko, ez.

Bear det segi aurrera,

Pentsa gaberik, berez etortzen

Zitzaizkion min gainera

Itz egokiak, biursaririk

Bikainenaren gisara.

 

Ao betean ezpainetatik

Zitzaiozkan ixuritzen

Izjostailuak eta gozitzak

Zituztenak par erazten.

Nor egon muker Joxe Mariren

Zaldiren koplak aditzen?

Neronek ditut zenbat ingeles

Ikusi parrez itotzen.

 

Baina, neretzat, ark utzi zigun

Moldaerarik onena,

Duda gabe da, Juana Bixenta

Olabeko neskarena.

Dezaiokegu eman, aldean,

Poema baten izena,

Zeren aleak dute izen au

Ez izan arren au dina.

 

A, zer lastima ez zala izan

Nabarmena asko bezela!

Pare gabeko edertasunez

Apaindua zegoela!

bada utziko zizkigun noski

Joia ederrik bestela,

Aatsi gabe esanaz ezer

Baliorik ez zutela.

 

Geiegikoa zan arek zuen

Modesti neurri gabea,

Ez zuen nai zer izkribatutzen

Zuen inork jakitea,

Ez eta ere moldaerarik

Bikainetaz galdetzea,

Ain gutxi bere mirarizleak

Argitara ematea.

 

Genezakegu esan, lorerik

Politena izan arren,

Sasi tartean bere burua

Maiz oi zuela gordetzen,

Ez zituela jazkai ederrak

Inoiz jantzi nai izaten,

baizik bakarrik, noiz edo berriz,

Norbaiti erakutsitzen.

 

baina, eskerrak euskarazale

bati ziradela bildu,

Eta liburu polit batean

batzuek argitaratu,

Onela ditu bi lan on egin:

bata, ez dedila galdu

Aren oroitza, eta bestea

Euskal izkirak apaindu.

 

Bizitu bedi Euskal Errian

O, Bilintx! zure arraza,

Izan dezagun atsekabezko

Egunetan zure antza:

Patu gaiztoak gu ere gauzka

mendean, ai!, zure gisa,

Eta nondikan libre izango

Geran da gure ametsa.

 

Kanta dezagun, kantatu gure

Penen konsuelorako,

Zeren arkaiztak eta mendiak

Dituzte zeruratuko,

Eta Aitor ta bere lagunak

jainkoari eskatuko

Izan dezala kupida guri

Lege zarrak itzultzeko.

 

 

mapa: Egia kronologia: 1876-07-21
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak