Txoko berritik, agur
Luzear
El Día, 1930-06-01
Ortze ta lur, dardarrez ikara bizian euki zituan europar guda izugarri artan, hamaika aldiz irakurri degu: «Alako muño gereganatu degu, aruntzagoko tontor ura kendu diogu etsaiari». Alako muño ta aruntzagoko tontorra etzituen izenez inguru erritako geienak ere ezagutzen ordurarte. Ta ainbeste ta hainbeste gazteren bizi truk irabazitako muño koxkor edo tontor kaxkar aiek menderatzean: mundu oso zear zabaltzen zan garaipen orrexen berria.
Europar guda, gogorra izan zan. Egundaño ikusi gabeak bai genitun hainbeste deabruzko tresna, gizakalterako batera lanean. Europar guda gogorra izan zan. Baña ez uste gogoz barrendik ain mingarria ez danik euskal izate aldez darabilgun lanbidea.
Lanbide ontan, askotan arki oi ditugu (geiegitan esango genuke) atzerapideak. «Gaizki gabiltza... Onela jarraitzekotan gureak egin du... Egiñal guziak alperrikakoak dituzute, ez dezute ezer iritxiko... Amar urte barru ez da euskera apurrik entzungo...» itzetik ortzera entzungo dituzute, gai au ikutu bezin laster. Epel dagona oztuko luteke, arranok ezpadu, gure arteko igarleok. Ez noski gauza berria esaten digutelako: ¿ez ote ditugu ba gure mugak gero ta estuago nabaitzen? Baña ez baizaio iñori on itxaropen gabeko ekin bearra.
Ona ba gaur, europar gudateko buruak egin oi zutena egiteko garaia eldu. Gure gaurko «partia» auxe izan bedi: «Euskaltzaleok gallur bat geigo menderatu degu. Gaurdaño gure kalterako izan dan txoko bat gureganatu degu. Aurrerantz, euskerak, Gipuzkoan zabalpide berri bat izango du. Zabalpide berezia, eguneroko zabalpidea. Gorantz biotzak, itxaropena sendotu, ta aurrera».
Ez ditzagun beti begiak galbidetara itsatsita euki. On da itxu-itxuan ez jokatzea, baña ez ordea itxaropena galtzeko arrixkuan jartzea.
Sinistu beraz gaurkoa aurrerakada aundia degula, ta gaurkoz ez aurrerantz besterik begiratu. Noizbait bear degu guk ere alako pozaldiren bat.
Ona beraz gure lumak (idazkortzak) eguneroko lanbide berriari lotuta.
Gaurtik aurrera, zuekin irakurle maiteokin, etengabeko jardunaldia izango degu. Goizero, goizero, zuen etxetara iritxiko da guk illunabarretan nolabait jositako itz errenkada. Udaberriko intz izango al zaizute, zuen euskaltzaletasun ernearoan, batzuei. Ta udaraldeko bustialdi atsegin, euskaltzale egiñak zeratenoi.
Gaurtik aurrera, euskal idazle maiteok, zuen laguntz bearrean nazute. Leku aundirik izango ezpadegu ere, egunero bete bearra naiko aundi.
Zuek, erri izperkariok, ain oparo eskeñi oi dezuten lana ukatuko ez diguzutela esango genuke. Bialdu beraz zuen berri idazkiak, baña, arren, laburki idatziak eta ondo ornituak bitez.
Elertidazleok (literatook) ere bear zaituztegu ordea. Ez da naikoa, norbaitek egin izan duan bezela, erritako berriak euskal irakurleak asetzeko gai ez dirala esan eta berak euskeraz ederki egin arren, laguntzik apurrena ez eskeintzea. Atozte, atozte, zuek ere, ta zuen adimen-irudimen argiz euskera edertu ta irakurleak ase. Ez ordea berri idazleen lan txalogarriari par egin... eta etxean gelditu. Oiek dagokiena betetzen dute behintzat.
Guziok maitasun batek elkartu gaitzala. Ta idazleok, idazkiz, eta irakurleak abegi onez, indartu zagun laĻo uxatzalle datorkigun orritxo alai au.
Agur, ba, berri ontatik.
Lendik ezaguna zeratenoi, lagun zar baten besarkada.
Adiskide berri izan bear dezutenoi, bostekoa.
Ta agur, berriro ere, euskaldun anaiok.