Geiegitasunaren alde txarrak
Jon Etxaide
Purra! Purra! Itxaropena, 1953
Praixku Tipula donostiar koxketako gizaseme xelebre bat zan. Onelakoak oi diranez, edonun ezaguna ta edonora otsegiñetakoa zan.
Beñola, donostiar aberats batek bazkari bikain bat eratu zun lagunarteko jaialdi bat ospatzeko ta jaialdiari bizitasuna ta umorea eraxtearren, Praixku Tipula ere an otsegin zuten bazkaritara.
Otsegiñen artean jakintsu edo sasi-jakintsu asko zeuden eta beren izkerari apaintasun geiago eman ustez edo-ta beren jakintza geiagotzen zutelakoan, erdal-izkerak sortutako itzik bakanenak eta zailenak ezpañeratzen zituzten.
Praixku Tipulari gogait eragin zioten jauntxo aien panparroikeriak eta aien lepotik parre pixkabat egitea buruak ekarri zion.
Onelako norbaitek, «superproduziñoa» aitatu zun. Aspaldiko denboretan superproduziñorik eztala, au, ura ta bestea.
Itz dotoria bururatu zaitzu, bota zion Praixkuk sasi-jakintsuari nundik adarra joko, baño egi usairik eztiot artzen zure jardunari.
Gezurretan edo ez-jakiñean ari naizela uste al-duzu, apika? Erantzun zion sasi-jakintsuak ziaro minberatuta.
Orixe berbera, jauna. Zuk, superproduziñorik eztala diozu ta nik berriz superproduziñoa egunean baño egunean geiagotzen ari dala.
Ago ixilik itzontzi alena! Ekin zion sasi-jakintsuak ziaro sututa. Superproduziñoa zer dan ere ba ote dakik ik?
Ezezkoan zaude nunbait, erantzun zion berebiziko patxadan Praixkuk, baño nik maikide jaun abei aditzera emango diet superproduziñoa gañezka dagola gure egunetan. Orretarako baña, etengabe utzi bear didazute izketan.
Jo, Praixku, jo! ekin zioten maikideak zirika, ateraldi parregarri baten zai.
Orra ba; prantzes batek labatiba sortu zun. Gero, ingeles batek labatiba oiek egiteko lankaia, ta azkenik, aleman, yanki edo dalako batek lankai oiek sail aunditan egiteko beste lankai nagusi bat. Eta ba al-dakizute orduan zer gertatu zan? Ainbeste labatibentzat ipurdirik ez! Superproduziñoa, alajañetan!