Buen Pastor
Alfonso Zabaleta Aita-ren sermoia
1898
Gaur arratzan, nere kristau maiteak, euskeraz itzegin nai dizutet, errosario santuaren debozioa gañean.
Parroko jaunaren aginduz, leku santu onetara nator errosarioko kofradeak egiten dezuten jai onetan, itzaldi labur bat egitera.
Obe litzake gure euskera eder garbian sarriagotan itzegingo balitz.
Au da gure gurasoen izkuntza zoragarria, au da guk lenengo entzun genduana. Gure amak euzkerazko kantu gozoak abestuaz, lo eragiten ziguten beren magalean edo seaska garbietan; gure gurasoak euskeraz errezatzen zuten; guk euskeraz begiak zerurantz jaso ta gure eskuak tolestaturik zuendu genion lenengo otoitza euskaldunen Jaungoikoari; guk ikasi genitun lenengo itzak euskerazkoak izan ziran; aitatxo, amatxo. Izen eztitsu ta gozoagorik baditeke? Gure gurasoak ezkontzaren bidez elkartu ziranean, euskeraz eman zioten alkarri onetarako baimena ta, gurasoak il baño lenago, zeruratu baño lenago azken agurra euskeraz egin ziguten: «Agur, nere umeak, Josafateko zelaira arte, zeruan alkar ikusiko degu esan ziguten eriotzeraño kristau onak eta euskaltzaleak izan zaitezte...»
Zergatik euskeraz itz egin bear ez degu bada? Lotsaz?... Euskeraz itz egitea lotsatu? Euskeraz zergatik ez itz egin? Euskaldunak, ainbesterañokoa da gure esker beltza gure amara euskerarekin?
Eta iñon bada, nun arrazoi geiagorekin euskeraz itz egin, bada eliz onetan baño? Euskalduna da eliz onen planua atera duen maisua; emengo apaiz beneragarriak euskaldunak dira; euskaldunak emen lan egin duten arotz eta argiñak; Euskalerriko arrobietatik irten dira emengo arri marmol ta gañerakoak; Euskalerriko zaldun noblea da aldare nagusi ori erregalatu duana; Euskalerriko ertilari pizkorra pulpito eder au egin eta jaso duana; Euskalerriko emakume zintzoak apaiz jantziak ekarri ta josi dituztenak.
Eliz onetan euskeraz itz egin bear ez bada, non egin?
Eliz onetan maiz euskeraz itz egingo ez balitz, zimenduetatik asi ta dorre tontorrerañoko arriak (...) altxatuko lirake gure izkuntza maitatzen ez degulako, gure kontra, gure guraso zarrak altxako lirake beren obietatik damuz eta naigabez beterik aiek erakutsitako euskera ederra maite ez degulako.
Aitorrek erakutsi zigun izkuntz miragarri onetan itz egin dezagun; menturaz munduan itz egiten dan izkuntzarik zarrenenean itz dezagun; (...) izkuntzan Adan ta Ebak paradisuan itz egin zuten izkuntz Jaungoikoak erakutsitakoan itz egin dezagun; birau ezin esan diteken euskera zerutikakoa.
Eta itz egin dezagun gure elizetan, karriketan, plazan, baserrietan, sendi ta leku guzietan. Apaiz ta erlijiosuak euskeraz itz egin bezate, aberats eta beartsuak, nekazari ta itxas gizonak. Otoitz egin euskeraz, idatzi ta abestu euskeraz ta euskal ... maitatzen ... soñu nabarmenetan.... Maisuak euskaldun jatorrak izan bitez. Umeai eskola euskeraz erakutsi bizaie, dotriña ta beste ikasgaiak berdi.
Euskeraz irauten duen añean eusko erriak iraungo du.
Gogoratu zaitezte Euskalerriko mendiak odolez gertuak daudela ta odol ori gure gurasoak ixuri zutena dala erlijio ta euskeraren alde.
Eta azkenik, sinis nazazute, euskera aitutzen bada Euskalerria aitu dala.