Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Dokumentuak
 
Dokumentuak
mapa: Zentroa gaiak: Irratigintza

Euskera irrati bidez

 

Nemesio Etxaniz

Zeruko Argia, 1965-12-19

Lan Hautatuak. Hiria, 2000

 

        «Radio» euskeraz irratia esan ohi dugu. Asmakizun hau, gure egunetako asmaketarik onenetakoa da. Honen bidez, hizkuntza bakoitzak bere indarra ta zabalera asko sendotzen eta indartzen du.

        Aidea milla olatu izkutuz josia dago ta haiek harrapatzen irratiak laguntzen digu. Harri bat uretara botatzen denean, ur azala olatu txiki ta biribillez esnatzen da; olatu haiek zabaltzen dijoaz alde guzietara. Halatsu gertatzen da aidean ere, gure hitz-hotsak eta musika aideak esnatzen dutenean.

        Nik hitzegiña alde guzietara zabaltzen da, aidea bultzatuz. Miraria dirudi ta gauzarik aurrentena da. Euskalerrian ere zabalduak daude irrati-etxeak, emisorak.

        Donostian dela, Bilbon dela, Iruñe nahiz Gasteizen dela, gure aidea irrati-soiñuz betea daukagu. Herri nagusiak nahikoa eztirala, Seguran hasiera ernan zigun beste irrati-etxean apaiz batek. Haren antzera, gero Arraten, Tolosan eta Loiolako santutegian jarri zizkiguten beste irrati-etxeak.

        Irrati hauek, erderaz hasi ziren beren berriak zabaltzen; baiña Euskalerriari zegokion bezela, euskeraz ere zerbait ematea itxura zela ta, poliki-poliki sortu ziren irrati askotan euskal orduak. Batez ere, herri txikietako irratetxetan euskerak leku haundia ta zabala iritxi zuen gure hizkuntzan bere berriak emateko.

        Pozik geunden aidez gure hizkuntza hain hedatua ta zabaldua ikusita. Gipuzkoan batez ere, aberats zebillen gure euskera zaharra. Azkenengo, aitatzekoa da Jon Oñatibiaren euskal ikastaroa. Honek Donostiako «Radio San Sebastian»etik bere euskal irakaskintza zabaltzen digu ta ikastetxeak beren ikasleak entzuten jarri dituzte, gure nexka-mutikoek euskera ikasi dezaten. Naparroatik eta Bizkaitik ere eskean ditu Oñatibia adiskideak bere ikastaro hori zabaltzeko gogotan.

        Pozik geunden, beraz, hainbestekin. Baiña hontan, gure herri txikietako irratetxeak, itxi zizkiguten.

        «Frecuencia Modulada» delakoa behar zela-ta gure irratetxerik euskaldunenak mututu behar izan zuten. Azkenengoa, Loiolakoa izan zen ixiltzen.

        Askoren pozak eta gure herrietako euskal saioak galdu ziren era hontan; baiña iñor ez da atzeratu etsipenez. Alde guzietan berriro hasteko erabakita daude gure irratetxeak. «Frecuencia Modulada» bidez hasi nahi dute, lege berrietan sartzeko.

        Aurrena, jakin dugunez, Loiolako irratetxea izan da, era berri hortan lanean hasteko baimena iritxi duena. Asko pozten gara, ta zai gaude gure Segurako, Arrateko ta Tolosako irratetxeak berriro entzuteko ere.

        Baiña orainarteko euskal irratsaiotan gai gutxitxo eta ordu gutxi bete izan ditugu. Irratiak gure lurrean, ordu gehiago eman behar dizkio euskerari; ta euskal jakintza bideak zabaltzen ari diren bezela, euskal orduak bezela, haietan erabiltzen diren gaiak ere aberastu ta ugaldu egin beharko genituzke.

        Horretan ari direnek, tarte honetan badute zerbait erabakitzeko aukera ta beta. Pentsa bezate aurrez eta berriro gure aidea euskal hitzez esnatzen denean, ager bedi gure hizkera mutillago, aberatsago, ugariago. Honela emango diogu gure euskerari zor zaion mailla ta bizitasuna.

        Eta gerorako, ames haundiak egin behar ditugu.

        Irratia nahikoa eztela, Telebista (Urrutikuskiña esango genuke euskeraz), alde guzietara begiz eta belarriz zabaltzen hasi zaigu. Begietatik sartzen dena, belarri eta beste zentzunetatik sartzen dena baiño barrenago gelditzen da. Belarri ta begiz sartzen dena, berriz, are ta gehiago.

        Asmaketa hau, beraz, gure euskeraren morroi jarri behar dugu Euskalerrian. Herri aurreratuen maillan joka behar dugu hontan.

 

 

 

mapa: Zentroa gaiak: Irratigintza
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak