Gitarra euskeraz
Iñaki Beobide
Zeruko Argia, 1966-03-13
Jarrai taldekoek, lendabizi Ernanin eta ondoren Donostian, oraindik ez dala denpo asko Jaialdi berezi batzuek antolatu ditugu. Ernanin dagoen gizarte bateko adiskideak bearturik, abeslariekin itzegin ondoren egindako gauz bat izan zan; jendearen etorrera onak pentsa arazi zigun ordea, egun artako esperientziaz baliaturik, gauz batzuek kendu ta besteak geituaz, Donostian ere ba zegoela gauz berdiña egitea, Ernanin ain gogoz txalotu zan erakutsaldia Donostian obeagotzen saia bear ginduela.
Pentsatu ta egin. Ilbeltzaren 23an Victoria Eugenia antzokian ez zegoen exer-leku bat bera ere. Arrixku aundiko gauza zan, bainan egun artan ikusten ziran arpegiak berak adierazten zuten, ontzat eman zitezkeala, kezka ta eragozpen guziak. Jendea pozik zegoen. Berebiziko jaialdia igaro zuten. Txalo sutsuaren bidez, ontzat eman zuten eginitako prueba.
Egunak aurrera, erdaldun eguneroko batean emakumezko baten lana agertu zan Jaialdi auen egite kaltegarria aipatuaz. Geroxeago, beste eguneroko bat aurrez idatzitakoarekin bat egiñaz jantzi urratzen geitu zan, ondoren irrati bat, gero...
Bakoitzak bere iritzia eman dezake, ta auek beena eman dute, orren aurka ezin joan gindezke. Bada ordea zerbait argitu bearra, ta denak beren iritzia eman dutenez gurea agertzera noa.
Batit bat, egun oietan ez da Folklore jaialdi bat eman nai izan. Ez dakigu ori nondik aterea izan dan. Ez degu uste euskeraz mintzatzea, euskeraz abestea folklore egitea danik, ez daukagu ain galdutzat gure euskera.
Ritmo berriko abesti batzuek abestu zirala? Bai jaunak, bai, abestu ziran EUSKERAZ. Kanpoko abestiak baño geiago izan ziran gureak, zaarrak edo sortu berriak. Presley, Halliday eta Beatlesen abestiak ere bai ordea. Ta zergatik ez? Gure izkuntza euskera izaki, zer dala ta ezin dugu euskeraz kanta? Euskerak mugak al ditu? Onetako erabilli diteke ta beste gauz artarako ez? Ez, ez degu zuek bezela pentsatzen. Guretzako euskera ez da baserri batean edo urrezko bitrina batean gorde bear degun gauz bat, guretzako euskera, gure egintza guzietan beraz balia gindezken gauz bat izatea nai dugu.
Gaztediak ez ditu abesti zaarrak gorrotatzen, ori argi erakutsi du Mikel Laboaren diskari eman arrerarekin. Edizio guzia agortu da. Nai gabe ordea telebisio, irrati, diska ta abarrek beste ritmo batzuetara eramaten dio; zergaitik orduan berari atsegin zaizkion doñuari euskal itzak eman ez? Ori ezin diteke iñolaz ere, euskerararen aurka joatea izan. Euskera beste izkuntza guziak bezela erabiltzeko da, ta gure iritziz zer naitan erabilli bear da.
A! Bainan zuek barka eziñezko pekatu bat egin duzute, GITARRA joaz euskeraz abestu.
Pena ematen digute orrelako jendeak, ezin ditugu aintzakotzat artu, parre, ezin beste egin dezakegu.
Auek gure mendietako baserri batean telebisioaren antena bat ikusten dutenean su ta gar jartzen dira, Erriaren amaiera ikusirik. Gu ere ez gera alaitzen, ez, ala da; ez ordea euskal baserrira telebisioa iritsi dalako, euskeraz ez izateak, orrek mintzen gaitu.
Denok dakigun gauza da Jazz musika era nola sortu zan. Garai artan beltzaranen folklorea zan, Jainkoari eskerrak eboluzionatu egin du ordea; gaur, benetako jazz batekin arkitzean ereslari ospetsuak errespetu aundienez begiratu izan diote.
Donostiako Jaialdian txalapartari sarrera eman genion, ez folklore jai baten usaia emateko, Zuaznabar anaiak ain bereziki erabiltzen duten ritmo orreri gaur egunean alderdi on asko ikusten dizkiogulako baizik. Orregaitik ez ziran, oitura duten bezela, ardi larruz jantzita atera, gaur eguneko jantziarekin baizik, ritmo ori gaur-gaurkoa iruditzen bai zaigu.
Jaialdi ori dala ta «anonimoak» jasotzea ez zaigu batere arritu, ba genekigun gauza da «euskal espiritua», «euskal anima» mito bat besterik ez dirala.
Buka baño leen, gazteak zeratenoi, nere adiskide on dan Saizarbitoriaren aurkezpen itzak gogoratu nai dizkizutet, «gazteak, izan zaitezte ye-ye edo nai dezutena, bainan leenen eta beti euskaldunak».