Gabriel aresti Aurreran
Ramon Saizarbitoria
Lau Teatro Arestiar. Hitzaurrea. Lur, 1973
Hirurogeita hirugarrena behar zuen izan Aresti lehenengo aldiz ikusi nuenean. Afari batean izan zen, Aurrerako bodegetan. Aresti gurekin, Jarraikoekin, hitzegitera etorria zen, teatro obra bat gure neurrira egiteko. Gure ekonomiaren, eszenario parrokialen, erosi eta konstante eszeniko bezala erabiltzen genituen panelen neurrira. Eta, ahal bazen, gure edadearen, gure estiloaren neurrira. Afaltzen genuen bitartean, Arestik behatzen ginduen. Orduan entzun nion, lehendabiziko aldiz, gerran pasa zuen goseaz hitz egiten. Geroztik askotan entzun izan diot. Brillantea zen eta komiko artean dagoen dramaturgoarena egitera jolasten zen apur bat.
Handik aterako zen «Beste mundukoak eta zoro bat», Mirari izeneko pertsonaia batekin Mirari Mujikarentzat, Juan Antonio Juan Antonio Arozenarentzat, Karmele Karmele Esnalentzat... Gehiegi esatea litzateke afari hartan pertsonaien karakterolojia atzeman zuenik. Ni behintzat ez nintzen oso pozik geratu niri tokatu zitzaitzaidanarekin.
Baina egiazki axola duena ez da bakarrik teatroaren bideetan sartzea, baizik eta teatroa egiten zutenen arauera idaztea eta Miller, Prestley, O'Neill-en teatro konbentzionalak piska bat itotzen gindunean eta Ionesco bati zuzenean begiratzen genionean, Aresti banguardismo kutsuko teatro herrikoi bati lotzen zitzaion, nola hala beste parajeetan inposatzen ari zen teatro integral batetara heldu nahiean.