Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Dokumentuak
 
Dokumentuak
mapa: San Martin

Atzera

 

Koldo Izagirre

Egunkaria, 2000-12-09

 

        Han utzi zigun Saizarbitoriak Ehun Metro-ren eskuizkribua, gogoan daukat ilunabarra zela, Atxaga eta hirurok geunden, eta piper beteak jan genituela eginen nuke Ramonek Lurrekoak Arestirekin askotan bilduak zirela bertan komentatzen zigun bitartean. Zinkean bela-ontzi itxura hartzen zuten triangeluan tolesturiko musuzapiekin garbituko genituen noski ezpainak ardoari ekin baino lehen, horixe ez nuke segurtatzen ahal, baina bai paper haietako bat hartuta txukun gordetzeko irrikan egon nintzela. Lotsak eragotzi zidan, hurrengo batean bakarrik etorrita hartuko nuela erabaki nuen. Bexamelaz eta mahonesaz zikindu behar zuten papertxo haietan, izan ere, hauxe baitzetorren inprimaturik gorriz: «Hegoak ebaki banizkio / nerea izanen zen / ez zuen aldeginen. / Baina honela / ez zen txoria izanen / eta nik txoria nuen maite. Hartzabal.» Do you remember, laztana?

        Aldaketa gaitza egin du Donostiako erdialdeak azken urteotan, plazak itxuraldatu egin dira, eraikuntza berriak jaso dira, oinezkoentzako karrikak zabaldu dira... Zaharra zen oro panpinatu egin da, ez beti-berri bizi beharrak sarritan dakarren nortasunaren galerarik gabe: Donostiaren ikur omen den Kursaal modernotik ez oso urrun kalitatezko hiri batek behar omen duen merkatua dute mustu oraindik orain, Burgosen edo Dax-en bezala ezkerrean McDonalds, eskuinean Adolfo Dominguez eta erdian «Centro Comercial La Bretxa» ageri duela. Saltegiek hala bereko bilakaera eduki dute, jabez bezala aldatu dira gaiez eta estiloz. Guria kafetegi historikoak, donostiarren memorian habanera ezagun bati lotua, Victoria izena hartu zuen duela urte batzuk, Gaztelubideko orfeoia batere mindu gabe. Egun Remember du izena. Oroitzen ote zara nitaz, ordea? Musuzapi-poema hura opari niezazun baino lehen jatetxea eraberritu eta self-service moduan zabaldu zuten Aurrera bera, lehengo izenaren azpian «har eta jan» eztabaidatu bat ezarrita, batere lotsarik gabe. Baina leku mitiko hura ere saldu eta bestelakotu egin zen. Eta tabernari euskaltzaleek, laztana, «Eskerrik asko etortzeagatik» jartzen duten musuzapiak erosten dituzte orain.

        Hiribarneko toponimiak, donostiarren oroimen publikoak pairatu duen higadura honen jakile ohartuak dira, zer duda egin, aste honetan Espainiako Entzutegi Nazionaleko epaile batek AEKren aurka egin desmasia eta «euskara hil nahi duten alderdi politikoak» salatzeko manifestaldian bildu ziren euskaltzaleak. Udaletxeko parean, Hernani karrikatik gora ageri zinen, laztana, Egunkariak ateratako argazkian, «Euskal Herria euskalduna lortuko dugu!» zioen pankartaren ondotik. Ez dakit ezker jo zenuten Askatasunaren Hiribidetik edo Andiatik barrena San Martineraino jarraitu zenuten zuzen, besteetan egin ohi dugun moduan. Azken norabide hau hartu baldin bazenuten hantxe ikasi ahal izanen zenuen, Urbieta karrikako eskuineko espaloira behatu izan bazenu behintzat, nola remember den herri honetako burgesia gure historiaz: «El Aurrera».

        Bistan da gure maitasunak etsai handiak dituela, ez dizut ukatuko. Hain handiak, laztana, ze ez diguten ingurua ikusten uzten, behakoa bahitu digute. Gure gozoaren hiltzaileak, ondikotz, ez dira haiek. Hurbilago daukagu gaitza.

 

 

mapa: San Martin
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak