Jose Maria Zubia, Mari
bere miragarri baten oroitza
Bitoriano Iraola
1881
Non dira gizon jakintsu aien
indar sendoak? Non dira?
Gogoratzian negar malkoak
saltatzen zaizkit begira;
nik baneukake menderatua,
o!, nik Eratoren lira,
zer pozik, Mari, ateratuko
zinduzkian gaur argira!
Eskatzen diot aingeruari,
eskaka nago zerura
argi apur bat sar dizatela
gaur nere pentsamentura;
atozte, fama-zabaltzalleak,
egan nere ingurura.
denak batean kanta dezagun
zein dan gizon aundi ura.
Odoi beltz pisu bildurgarriak.
tximist zorrotzen su-garrak
beren azpitik ikaraz datoz
itsasoko deadarrak;
urikalduen antsi larriak,
legorrekoen negarrak,
laburtzen ditu beso sendoak
eta biotzen indarrak.
Txalupa txiki argal batian
ausarkiz ziran atera,
Mari gidari zuela presaz
urikalduen bidera.
«Ara anaiak urian zion,
arraun da goazen aurrera,
itsaso arro indartsuari
anai geriak kentzera».
Itsas golpeak puskatu bear
txalupa menderatuta,
ala zijoan anaien billa
itsasopean sartuta;
olatuari desafioka
odol guziak sututa...
Ikusi utsak jartzen zituen
ille muturrak zut-zuta.
Palo zatitu erbalan edo
ol puska bati eutsiak,
olatu zakar irakiñetan
estu zebiltzan guziak;
itsas goititu orrolaria,
turmoi nastuan aiziak,
o zer trantzetik kentzen zituen
zenbait gizonen biziak!
Baña egun bat, o zer eguna!,
triste sartzen zait gogora,
itsaso puskak arkaitz gañetik
saltatzen zuten txit gora,
olatu batek ontan txalupa
jo ta botarik ondora;
o zer agudo galduen billa
Mari irten zan kanpora!
Urezko mendi nabarbenduak
golpez alkarren furian,
legoi indartsu zaurien gisa
orroaz beren aurrian,
«Ara gizonak -?zion itotzen!
Ara gaixoak urian!
Boga, mutillak! Boga korajez,
denak atera artian...
Itsas-egazti mokoluziak
txilioz denak gosiak,
egalka jiran beren gañean
kendu bearrez begiak;
olatuaren zurrunbulluak
uzten zituen gordiak,
ziruritela ezkutatuak
betiko beldurgabiak.
Itsaso eta aize zorrotzak
ala ziraden indartu,
beren bultzadan arkaitzak ere
nai zituztela urratu;
olatu batek istante artan
bertan zituen ondatu,
eta... a! Mari gizarajoa
etzan geiago agertu.
Biotz aundiko kantauritarra
beldurgarria urian,
euskaldun onak biotz barrenen
gaur daukatena gordian;
anai askoren salbatzallea.
beti laguntzen urpian.
arkitu zuen arte obia
itsasoaren erdian.
Beti urpean, beti laguntzen
ziran bere zorionak,
zenbait alditan eldu ta kentzen
itsasoari gizonak;
famak, berriro zabaltzazute
orain urrutira sonak,
bada sari au merezia du
ori egiten zuenak.