Errandoren amodiozko ametsa
Jose Angel Irigaray
Gauerdiko ele galduak. Elkar, 1986
Noiz edo noiz, bekan, Donostiaraino ere jautsi behar izaten zuen; merkatura, erosketak egitera eta hala. Donostian barna ibiltzen ohituxe zen, begiak, beti ere, emakumeen atzetik emanez.
Eta bazekien fulana etxe batzuk bazirela, noizbait ere entzuna zuen zerbait. Bera beti harat joateko pentsamendutan zen, nahiz eta makina bat aldiz entzuna izan arriskutsua zela, bekatua zela. «Arraiopola! Nahikari goxo guziak bekatu dituk!».
Bekatuak bekatu, nahikari bizi haiek ezin ematu. Beti amets haiekin zabilen eta behin, illunabar batez, gehiago pentsatu gabe gorderik zeuzkan sosak harturik Donostiara abiatu zen, etxe haietako batera.
Dardar berezi batek eraginik pentsamenduz oinez baino agudoago zoan.
Ikasia zuen etxe haietako bat nontsu zegoen eta aise asmatu zuen. Sartzerakoan denak bere beha emanen zirela zeritzaion. Pixka bat lotsak zegoen, bainan «Zer kristo!» etxearen barnera abiatu zen. Bihotzak lehertu behar zuela zirudien.
Sartu eta terziopelo gorri zaharrez jauntzitako saloi bat bazegoen. Han hemenka mahain eta aulkiak, bai eta besaulki eta sofa batzuk ere; mahain gainetan eta paretetan zenbait argimutil. Argia apala eta gorrixta. «Hau giroaren beroa!» Bertan emakume eta gizon batzuk solasean eta edaten. Emakumeak sarritan tokiz aldatzen ziren, batera eta bestera zabiltzatela. Batak bularraren ederrak erakusten, besteak izterrak, hangoak ezpainekin keinu deigarri eta beroak egiten, hemengoak begiradaz kixkaltzen. Errando lorian zen; taupadak gainezka eginez. «Baso bat ardo». Berehala emakume haietako bat inguratu zitzaion. Amodioa egin nahi ote zuen galdeginez bere burua eskeini zion, fereka bat egiten ziola izterrean. Errando mozkortuta bezala zegoen. Baietz erran eta haren gibeletik joan zen.