Antigua euskaldunaz
Txillardegi
Antigua 1900. Kutxa, 1992
Industriaren etorrerarekin batera, hizkuntz borroka hasi zen Antiguan; mende bukaeran, esan dezagun. Antigutar jendea (bai lehenengo multzokoa, osoki; bai bigarrenekoa, hein batez) euskalduna zen, eta euskara hutsez bizi zen. Hirugarren multzoa, berriz, industriaren ondokoa, erdaraz sortu zen, eta erdaraz hazi: etorkinik gehienak erdaldunak ziren, Nafarroatik etorritako gehienak barne. Adibide gisa: Jexux Ferro Lareki adiskidea, nafartarra da jatorriz: aita Urantziakoa, ama Añorbekoa; baina bi aldeotatik erdara izan du ama-hizkuntza. Bujandatarrak, era berean, gaur euskaldunak, nafartar erdaldunen ume dira: Jose Bujanda Oses, 1848, Otiñanokoa zen; eta Jerardo Bujanda, berorren semea, 1881, Eguzkitzakoa. Eta horrela beste anitz: Txenatarrak Karkastillokoak dira jatorriz.
Antiguako osagile izateko, horretara (Médico de Barrio izateko, alegia), Antiguan bertan bizi beharra zegoen, batetik; baina, bestetik, euskaraz jakin behar zen: ez como mérito, edota con un valor del 10% de la puntuación total. Euskaraz hitz egiten jakitea nahita-ezko baldintza zen.
Donostiako Udalak, adibidez, hauxe erabaki zuen 1887ko martxoaren 9ko bere bileran: Anunciar a concurso por quince días la provisión de la plaza de médico titular del Antiguo, siendo una de las condiciones para pretenderla poseer el idioma vascongado. (Diario de San Sebastián, 1887-III-10).
Eta ondoko egunetan Larrauri alkateak argitara zuen iragarkiak honela zioen Donostiako «Ayuntamiento Constitucional»-aren izenean: Los que solicitan (la plaza) acreditarán ser Doctores o Licenciados en Midicina y Cirugía, y poseer el idioma vascongado; imponiéndose, al que resulte nombrado, la condición de residir en el barrio del Antiguo. Urte-saria: mila pezta (ordukoak!)
[...]
1937 inguruan, ni Lurdes-ko eskolara joaten nintzenean (elizaren ondoan, eta Mintegi ahizpen zuzendaritzapean), oso ongi oroitzen naiz Aietetikako mutil batzuk ez zekitela erdaraz... Amarekin behin urte haietantsu, Zapataritik gora abiatu, Iza inguruko baserri batean bertako batekin hizketan hasi, eta nire amak euskaraz hitz egin behar izan zion; nik, jakina, ezer konprenitzen ez nuelarik (edo ezer gutxi, bederen)... Beste behin, Lurdes-Txikiren ondoan, zorbidea ez zen bideska batetik gu abiatu, eta oihuka hasi zitzaigun anderea (Mugitzakoa? Bekotenekoa?) euskaraz; eta erdaraz egiteko gauza ez zen (nirekin zeudenek erdaraz erantzun baitzioten)... Errotaberriren ondoan, oso gazte denboran, 1940 inguruan, sagarrak hartzen hasi, baserritar bat etorri, euskaraz guri erritan (eta oso gogor!), eta orduantxe nire bigarren sorpresa: nirekin etorria zen adiskide batek, Aranalde izenekoa, sunbildarra, euskaraz erantzun, eta istilua baretu zen (un navarro que habla vasco... ez nuen deusik ulertzen). Eta abar, eta abar. Hori 1940 inguruan.
Beranduago, 1945-46an, egunero joaten ginen koadrilakook Errotaberri ondoko errekatxora. Eta batzutan sagardoa hartzera baserrira igotzen. Bertako mutila zen Kandido (Artola, uste dut), gure adinekoa, ez zen gauza gurekin hitz bakar bat trukatzeko; gu erdaldun hutsak baikinen...