Orixe euskaltzale (1)
Txillardegi
Euskal Herritik erdal herrietara, 1978
Orixe euskaltzalea zela ukatzea zentzugabekeria litzake: Orixek bere bizi osoa eman zuen euskeraren aldeko lanetan, orain arte gutxik egin duena. Itzultzaile gisa liburu-mordo bat euskeratu zuen: Tormes'ko Itsu-mutilla (bizkaierara, bere itzulpenik onena beharbada), Urte guziko meza-bezperak, San Agustinen Aitorkizunak, Mistral-en Mireio, Salmutegia, eta abar.
Horrez gainera, anitz olerki eta artikulu argitara zituen euskal aldizkari guzietan (euskeraz gehienak). 1950-etik aurrera, Zaitegirekin batera, Euzko Gogoa aldizkaria atera zuen aurrera, hortarako Guatemalara aldatuz. Dena dela, bertsotan Barne Muiñetan eta Euskaldunak dira bere lan nagusiak; eta Kito'n arrebarekin saila hitz-lauz. Beste gai batzuk ikutu zituen ere, euskal gramatika barne.
Batez beste, zein da lan gaitz horren joera nagusia? Euskaltzale haundi baten aurrean gaudela aitortu ondoren, nolako euskaltzalea zen Orixe?
Dagoeneko zerbait esanik dago. Goazen aurrerago.
Gaur Orixeren iritzi batzuk gauza ageria iruditzen bazaizkigu ere, bere garaiean aurrerako urrats haundia ziren, eta harrigarri gertatzen. 1920-1930-ko girora aldatzen saiatu behar dugu. Euskaltzaindiko biltzarrak erderaz egiten omen ziren 1936-arte, Olabide, Urkixo, Canpion bera, eta beste euskaltzain batzuk gauza ez baitziran euskeraz mintzatzeko (!). Euskaltzainen arteko gutunak gehienetan erderazkoak ziran. (Euskaltzaindiaren Euskera sorta hausnartzea dauka irakurleak). Alderdiko euskaldun puntuzko askoren eta gaurko Lendakariaren beraren seme-alabek euskeraz ez dakite, beren etxeetan erdera baitzan hizkuntza bakarra. Hori zen, bai, orain guztiz español eta onartu-ezina iruditzen zaigun giro kiratsa. Euskal Herri-ko arroztea azken hondoraino joana baitzen.
Gabon-Mezuetan, esate baterako, Lendakariak hitz arrunt batzuk esan ohi zituen euskeraz, eta gero erderaz jarraitzen zuen gainerakoa, mami guzia españeraz emanez. Xinplekeriak euskeraz, gauza inportanteak erderaz: horra hor orduko legea. Gutunetan azken muturreraino joana zen farragarrikera hori: «Agur lagun», gero azalkizun osoa españeraz, eta bukatzeko tuyo en Jel famatu hura... Hala zela Orixek berak gogoratzen digu: «Eztabaida au euskeraz asi duzu (Euzkadi ala Euskadi)... len beti erderaz ari giñan, edo geienetan». (E.G., 1951-3/4-34).
Pizkunde-hasiera hartako abertzaletasuna Alderdi barruan erdaldun hutsa izan zela neuk berriz salatzea, nere lelo ezagun bati ekitea lekioke askori. Mintza bekigu Orixe. El Día eta Euzkadi egunkariak erderazkoak ziran %-eko 99-tan. (Orixek berak ematen ditu huni buruz oso berri interesanteak. Ikus E.G., 1950-7/8, «Lizardi Ameriketan» artikulua, 6-7-8 orrialdeak). Euzko Gogoa-ko Zuzendaritzak eta Orixe barne, beraz erdal joera hori salatzen du: «Gurean Jel-Alderdia izan da abertzaletasunaren arrobia, baita euskeraren illobia ere. Ez, noski, asmoz eta jakitez... (baiña) etzun euskera artu alderdiko ele bakartzat... eta erdera izan du ele nagusi». (Ikus E.G., 1954-5/8-74).
Orixe'k berak horri zer zeritzan argi azaldu zuen: «Euskaldun ez zan euskotarrak ez du aski euskotar dala esatea, ezta abertzale dala esatea ere, gure izkuntza ikasten alegiñak egiten ez ba ditu». (E.G., 1951-1/2-12).
Eguneroko mintzabideari dagokionez, beraz, bere garaieko seme izanik ere (= beti erderaz eguneroko bizian), Orixek bat egiten zituen teorian bederen abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna; eta huntan gugandik bertago dago «euzko» guziak baino. Eta «euzko» horiek, noski, ez zioten hori sekula barkatu.
Hala ere, Orixe idazterakoan euskalduna zen, baina Ormaetxea erdalduna. Idazterakoan, eta literatura egiterakoan, euskeraz mintzo; hitzegiterakoan erderaz. Axala ez besterik euskalduna bailuan! «Euskalerria» han dago, urruti, Tabor mendia bezin urrun, denetatik at eta lekorean, Euskal Herritik beretik berex, Ormaetxea gizonagandik beregandik anitz kilometrotara.
[...]