Orixe bisitatzen
Joxean Agirre
Hitza hitz. Txillardegirekin solasean
Elkar, 1996
Behin baino gehiagotan kontatu duzu zuk ordura arte Euskaltzaindiko bilerak erdaraz egiten zirela.
Horrek adierazten du ondoenik egoera nolakoa zen. Garai horretan Euskaltzaindiak bere bilerak gaztelaniaz egiten zituen. Urkijok edo Olabidek ez zekiten euskaraz mintzatzen. Inazio Maria Etxaidek, Jon Etxaideren aitak, larri-larri hitz egiten zuen. Ohituraz ere, gauza garrantzitsuak gaztelaniaz eztabaidatzen ziren. Krutwig izan zen Euskaltzaindiko bilera eta lanetan euskara erabiltzeko asmoa hasieratik beretik agertu zuena, baina Urkijo zaharrarekiko errespetuz ez zuen bere proiektua don Julio l950ean hil arte aurkeztu. Euskaltzain urgazle batzuk alde atera zitzaizkion.
Dena den, Euskaltzaindiko joera horiek ez ziren bat-batean errotik aldatu. Euskaltzainek erdaraz aurkezten segitu zuten beren txostenak, eta gaztelaniaz mintzatzen ziren beren artean. Euskaltzain ezagun batzuen seme-alabak erdaldun hutsak ziren edo, kasu batzuetan, euskaldunberri biribilak. l957an, ni Euskaltzaindian sartu nintzenean, erdal joera horien arrastoak nabarmen zeuden.
Puntu honi dagokionez Orixeren pasadizo esanguratsu bat gogoratu izan duzu.
Orixeren kasua oso adierazgarria da, baina ezin da esan inola ere salbuespena zenik. Orixe l954an itzuli zen Ameriketatik eta Euskaltzaindiko bileretara joaten nintzen urte haietan, Orixe joaten zenetan erdaraz hitz egiten zuen normalean euskaltzainekin. Esan beharra dago Orixe izan zela euskaltzaletasunak sortu duen lehen idazle profesionala. Baina Orixe ezagutu genuenok zalantza gutxi dugu bere erdalkeriaz. Ramon Labaieni behin eta berriz entzuna diot: gerran bestaldera joan zelarik, Saran bere aitak, Antonio Maria Labaienek, etxean hartu omen zuen; eta erdaraz hitz egiteko zuen ohitura horrekin harrituta-edo, behin ea bera bezalako euskaltzale batek beti ere erdarara jotzea ez al zen bekatu mortala galdegin omen zioten, eta Orixek baietz erantzun omen zion, bekatu zela, baina «bekatu beniala».
Beste euskaltzale asko bezala ni ere Leitzara joan nintzen l957ko abenduaren 22an, euskaltzain oso hautatu zutelarik, bere sarrera-hitzaldia entzutera. Hitzaldia hasi berria zuelarik, nonbait aretoan zarata gehiegi sumatuz edo, hauxe galdegin zuen erdaraz: ¿Qué? ¿Ya se me oye ahí atrás?... Sinetsi ezinak dira gauza horiek, baina gurean normalak izan dira.
Donostian ebakuntza bat egin zioten l958 inguruan. Bisita egitera joan gintzaizkion emaztea eta biok Ategorrietako klinika batera. Ez dago esan beharrik Orixe errespetuz eta mirespenez tratatzen genuela. Sartu gara biok Orixeren gelara eta galdetu:
Zer moduz, Orixe? Hobeto al zaude?
Bueno, pues ya voy un poco mejor.
Eta zenbat egunez egon beharko duzu ohean?
Todavía no me ha dicho nada el médico al respecto.
Eta abar eta abar, elkarrizketa elebidun txandakatu izan genuen.
Halako batez, emaztea eta biok erabat mindurik, ausartu egin ginen moztera:
Aizu, Orixe! Euskaraz ere badakigu!
Ez zen jabetu ere egin bera, eta erdaraz segitu zuen.
Guk, orduko gazte abertzaleok, geure herriaren mintzabide bihurturik nahi genuen euskara. Hortxe sumatzen zen bi euskaltzale belaunaldien arteko etena.