Santomasak Antzoki Zaharrean
Nemesio Etxaniz
Zeruko Argia, 1972-01-02
Lan Hautatuak. Hiria, 2000
Urterik urte, Donostiako Santomasak etortzen zaizkigu euskal arnasez jantziak. Urterik urte, Plaza Zaharreko nekazaritza ta lurreko emaitzen erakusketa zabaltzen da gure herri baserrietako jendearen ikusgarri. Donostia egun horretan Gipuzko bihurtzen da. Ta euskera nagusitzen da Donostiako kaletan.
Mailla askotako erakuskizunak gerta ohi dira egun horretan, baiña jakintza saillean egiten den gauzarik goienetakoena, arratsaldean eskeiñi ohi diguten euskal teatro jaia izan ohi da. Aurten Iparragirreren omenaldia eman digute Euskal Iztunde taldeko antzerkilari saiatuek. Eztu lan makala hartu Maria Dolores Agirre andreak, Juan Gerrero Urreistiren eres-antzerkia euskeratzen, eta teatrorako prestatzen. Antzerkilariak ere saiatu dira beren lana ahalik eta ondoen eramaten.
Etxebeste adiskideak hartu du lanik nagusiena; ta bai ederki biribildu Iparragirreren izaera ta bizitza ere. Gure txalorik bizienak merezi dituzte teatrogintzan horrenbeste ahalegintzen diren Euskal Iztundeko lagunek. Askoz harrigarriago ta txalogarriago da beren lana, dena musutruk, xentimorik hartu gabe egiten dutelarik.
Gizaldi zaharra bete-betean agertzen da Teatro Principalera egun horretan. Gazteak ere inguratzen dira sail ederra, baiña egun horretan, batez ere, urte guzian antzokirik ikusten ez duen jendea da Santomasetan antzokia betetzen duena.
Sasoi batetik aurrera goazenok bihotzean dugu egun hortako teatrogintza. Lehen Beorlegi ta Egileor genituen aurrelari. Haien ondoan, beste zenbait langille ixil, euskal antzerkia jasotzen ezeren irabazirik gabe saiatzen zirenak! Orain, Etxebeste adiskidea dugu, lanik astunenak eta nagusienak bere gain hartzen dituena. Ta bai jator betetzen duela bere egitekoa hainbeste eratako paperetan!
Aurtengoari buruz, hau gelditu zaigu esateko: herriari Iparragirreren berri jakiñarazteko, egokia asmatu duela Urreisti antzerkilariak ikusgarri hau. Azkena, beharbada, zerbait aldatu zitekeen, Iparragirreren heriotzak arrada biziko ikusgarria sor zezakeen. Eta Iparragirreren hautsetatik sortzen bezela, Euskalerriaren zuzperraldia, gure itxaropen loretzat goraldu zitekeen. Indar haundia emango ziokeen antzerkiari hala egiteak.
Bukatzeko, erregu bat egin nahi genioke Erakargo ta Turismoko Etxeari. Aurten, Donostiako erakunde horrek hartu du bere gain, antzerki jai horren antolaketa. Haren gain joan da jaiaren hedakunde ta propaganda. Guri esan zaigunez, Altzagaren denboran, antzerki horretan jasotzen zen dirua, Euskal Antzertiari laguntzeko izaten zen guzia. Gerora gauzak ahaztutzen joan dira.
Donostiako Herriko Etxeak sortutako Euskal Iztunde taldeak urte gorriak igaro ditu, iñoren laguntza gabe lan goragarri hori betetzen. Eta gaur, egun horretan erakusten den teatro horren sarrerak sortzen duten dirutik ez du xentimorik ere jasotzen Euskal Iztunde taldeak. Beraz lan zail eta nekegarri hori musutruk egiten dute gure antzerkilari goragarriek.
Erakargo ta Turismoko gaurko zuzendariak, beharbada, eztaki kontu hauen berri. Baiña ez al da benetan negargarri, ez euskal antzerkilariek eta ez euskal teatroak hortik laguntza eta eskerroneko apurrik ere ez jasotzea? Esker oneko izan nahi badugu, hainbeste lan egiten duten talde hortako antzerkilariei zor diegun laguntza eskeiñi beharko genieke, ezta hala? ta beste gauzatxo bat ere esango genduke: euskaldunontzat antolatzen den urtean behingo antzerki hau ikusteko sarrerako txartelak merketxeago ezin ote ditezke jarri?
Hor gelditzen da aidean galdera horien erantzuna. Turismoko zuzendariek kontu hau entzun eta gozatuko balute, gu oso pozik izango giñake.