Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Dokumentuak
 
Dokumentuak
gaiak: Irratigintza

Hor dago okerra

 

Lizardi

Union Radion esana

1932-03-11

 

        Euskalduna: zabalari darion hots harrigarri honi belarriak erne zaudeten anaiok, gabon Jainkoak!

        Beldurrik gabe esan dezakegu oraintxe, euskera ez dala hiltzeko jaioa.

        Aspaldidanik, bidazti bat ez da etorri izan Euskal Herrian barrena, euskerari hil-kanpaia jo ez dionik. «Ehun urte barru»... «Berrogeita hamar barru»... «Hogeiren buruan»... euskeraren bizitza mugatzeko, nornahi izan degu gauza!

        Gaur bertan ere, bada euskaldun aipaturik, jolas horreri bere burua emana. Euskera bai omen dihoakigu, nahi eta nahi ez; gaixo kutun horren alde euskotarrok ez omen dezakegu ezer egin, «primerako entierroa» antolatzea ez bada.

        Bitartean, igarle edo profeta haundiki horiei iruzur eginik, euskarari buruan sartu zaio ez hiltzea; hobeto esan, euskotar zenbaiti muinetan sartu zaigu euskerak ez duela hil behar. Ta ez da hilko, jaunak, guk maite badegu: hizkuntzaren zaharkitzea ez baitakarte urteek, haurren maite ezak baizik.

        Hargatik, atso zahar-zaharra zalakoa, horra gaur suspertuta, neska pertxentaren apaingarriak jazten; horra, baso-basoan gizonaren haurtzaroan jaioa, oin azkarrenez gaur, zalu eta txairo, zabalean barrena, munduari biraka.

        Zer daki, izan ere, inork, hizkuntzaren zainaz, eta haien izkutu-indarraren berri?... Nor da nor, haiei arnasa neurtzeko, haien egunak mugatzeko?...

        Ondoren berri pozgarri bat zabaldu zuen, Euskal Herriak laster izango zuen bere poema nazionala. Orixe bere herrira erretiratua zen, «munduaren azken ipurdira», obra erraldoi hori egiteko. Eta laguntza ekonomikoa ere eskatu zuen, poetarentzat. Basarri izan zen irratsaio hauen garrantziaz idatzi zuen bakanetakoa, hasi eta bi urtera, ia ehun emanaldi egin zirenean.

        Atsegin zaigu euskaldunoi; hemen Gipuzkoan, asteazkenaren zai zoratu beharrean asko egon ohi gera. Izan ere, bai gozoa! Negu beltzeko arrats gordinean, gela txuloko patxaran, gure hizkuntza mundu zabal guzira hegatzen dala nabarituta, nola ez poztu, izan ere! Ta, han urruti, bizi beharrak euzko aberritik aldendu arazi dituan eusko anaiak, zer esango dute? Europa guzian, ta batez ere Amerikan arkitzen diran euskaldun irratentzuleak, nola hartuko dituzte hemengo saioak? Amaren magalean ikasitako mintzoak beren belarri zolietan toki duela ikusteak, nahi ta nahiez zoratu behar. Irratizkin bidez dihoazen Euzkadiko albisteak, poz zoramenez gaineztu behar. Berak hainbat aldiz dantzatutako txistu soinu alaia entzundakoan, ai zer oldozpen gozoak! Aberriko abots eztitsuak, ai zer bihotz-ikutua!

        Bai, irakurle, hori ez dago esan beharrik. Urte beteko gudaritzak Euzkaditik urrutiratzen bagaitu, geure txokotara noiz bihurtuko egunero egunero oldozten gaude. Euzkadin degu gogoa, soina urruti bada ere. Hori urte batekin! Ongi egonda gainera! Hogeitaka urteak kanpoan daramazkiten anaiak berriz ez dago zer esanik.

        Lan ederra benetan irratsaioa! Uste baino haundiagoa! Behar dan garrantzirik ez baitiogu ematen euzkotarrok. Hor dago okerra!

        [...]

 

 

 

gaiak: Irratigintza
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak