Iskillu ikaragarria
Arbelaitz, O. M. Cap.
Euskal Esnalea, 1917-04-15
Iskillu ikaragarria da irakurgaia, biotzaren jabea da-ta. Onek ondatu ta jaso dezaken gaztelurik ez da.
·Erri koskorretan azitako gazte on utsak ez al dira erri aundietan maiz azpikoz-gora aldatzen? ¿Zergatik ala? Irakurgaiengatik. Txolarteetan, gosari ondoan, bazkalondoan edo apalondoan egunerokoa arturik egarri aundiz irakurri oi dute. Arian-arian urak arria zulatu oi du; irakurgaia, egunerokoa irakurriaren irakurriz, biotzan sartu ta onen jabe egiten da. ¿Euskera biotzen jabe egiteko zer bide artu? Euskerazko eguneroko euskalzalea eman. Barreatu ori gogotik, ta euskera euskaldunen jabe izango da.
Au ontzat emango zuan noski jakintsu batek esaten zuanean irakurgaiaz: «Ots egin gabe jarraitzen diogu; lotu gabe eusten digu; agindu gabe bere esanak egiten dira». Gauz jakiña da irakurgaiak jatorrizko obenan edo pekatuan jayoak idazten dituztela, ta zeruak argitutako goizpargille edo ebanjelistak esandakoa dirudite. Beraz egunerokoak euskerari indar aundia emango lioke, ta batasunerako bideak gertu edo prestatuko ditu.
¿Baño nork idatzi? Euskalzale guztiak, naiz jakiñak, naiz jakinezak. Auek idatzi ditzakete berriak; gero idazkariak zuzenduko dituzte. ¿Ta jakintsuak? Oiek, gauz mamidunak. Batzuek ipuiak, izkirimiriak, neurtitzak; besteak nekazaritzaz, langillien eginbearretaz, arrantzaleen gauzetaz, uskurtza edo erlijioaz, salerosteaz, edestiaz (kondairaz), abereak azitzeko eraz, eguneroko gertaeraz, aurren azieraz ta abar .
Itz batian; lagundu lezakete izkirimiri, ipui ta neurtitz egilleak, nekazari zerbait adituak, lege-gizonak, langillien ta nagusien arteko artu-emanak azalduaz; itxasgizon adituak, arrantzaleentzat on diran gauzak erakutsiz; apaiz ta lekaide edo prailleak, uzkurtzaz idatzi-ta; salerosle trebeak, saldu-erosien gora berak adieraziz, edeslariak, gure antziñakoan berri onak eman-ta; abere-sendatzalleak, abereetazko gaiak erakutsi-ta; sendagilleak, umeak nola azi ta osasunazko gauzak azalduaz, ta erakusleak bai gizonak, bai emakumeak; umeen animak nola azi bear diran esanaz. Euskaldun idazle guztiak, ta oraindik idatzi ez duten askok lagundu lezakete.
Ormetsek dion bezela, bular sendoa bear da egunerokoa argitaratzeko; baño euskalzaleen artean badira onelakoak, ta batez ere bada laguntza gutxiagorekin orain dala urte sailtxo bat euskerazko asteroko bikaina argitaratu zuena.
Gañera bear da «sakel laukoz betea», ta oietakoak ere badira euskelzaleen artean.
Ormetsek dion bezela, euskera errazean egin ezkero asko barreatu ta irakurria izango litzeke noski, ta onetan gertaerak pitin bat erakutsi didate.
Agian norbaitek eziñezkoa dala esango dit. Oneri, Ormetse jaunarekin erantzungo diot: «Gauza gatxagorik asi ta jarraitu bere egiten da». Onetarako bear dana da lan piska bat askoren artean egitea; eguneroko au ona izan ezkero zabaltzalle ugari izango lituke noski ta dirua biltzea uste det laistertxo iritxiko litzekela.
Eguneroko au ateratzen badegu, Euskalerriari egingo diogun onak ez du neurririk izango.
¿Zer diozute, idazle jaunak? ¿Zer diozute Euskal-Esnalea-ko lagunak?
Euskal-Esnalea-n tokirik ematen badidate, gai ontaz gehiago idatzi gogo det.