Berriketak baserritarrentzat
Lizardi
Argia, 1928-01-22
Baserritar aizkidea: Ni enaiz, zu bezela, mendian jaioa.
Zoritxarrez, noski: ala diot nerekiko. Bestela, al-nitzake iñoiz beldur babarrunetan egositako odolki gizenari egitera oratu, ala basotxo bat ardo beltz noizean-bein zintzurretik barrena iresten?
Esan dezadan, ba berriro, (oraingoan malkoa begi-ertzean dedala): ni enaiz mendian jaioa, ez arta-jorran autsia, ez laietan izerditua. Bai, ordea, kale apañeko ume, irakur-ikasketa legorrek argaldua, lumero kakotsu (ta k.k. tsu) pranko egin-bearrak zimeldua.
Zuena ala nerea bizimodu obea? Jee! Errexa al da asmatzen?... Zuk zereari, nereari nik, exkaxagoa iritxiko, noski... Baña mundua mundu izango dan bitartean, gizakumeok ala bearko degu: iñorenari bai, ta nork bereari ezin ederretsi... Lan aundia ez ba-da au!
Baña, goazen arira, orrenbeste txotxolokeri esan gabe.
Naiz eta neroni baserritarra izan ez arren, zuei, baserritarrei, eskeñi nai dizkizutet nere jardun txaldan auek.
Zergatik, gero? diozute.
Ara; kaletarrok paperik asko (ta ez beti egokiak) irakurtzen oituak gaude. Irakurritze ortatik, buruaundi-xamarrak geranok ere ainbeste gauza jakingarri ikasi izaten dizkizutegu.
Zuek, berriz, irakurtzen (leetzen) oitugabeak zerate, geienen. Ta nola izan, guk, kaletar arroxko ikasiok, beñere orain arte (Argia jator au agertu zan arte) euskerazko irakurgairik eman ez ba-dizutegu?
Ez irakurtze artatik dator askotan zuen ez jakitea, ain kaltegarria dezuten ez-jakite ori. Beraz, bai-ote diteke gauz bidezkoagorik guk zuei, aldiro-aldiro, irakurri degunaren mamiak eskeñi, ta zuek, zeuen aldetik, gero ta geiago, gero ta obeto irakurtzeko asmo bizia artzea baño?
Baña, mami oiek ez dizkizutegu azal lakatz pean eskeñi bear: latzez, naikoa dezute latza zuen eguneroko lana (baserritar zintzoakin diardut gero, ez nornaik gorapena irabazitzat jaso!...) ; nekez , naikoa dezute eskola gutxikuok, letrak alkarrekin lotzearen nekea.
Bidezkoa da, ba, guk zure neke ori pitin bat gozatzea. Nola? Geren esanak arinki, atsegiñez, al danean parregarriro, eskeñiaz. Zelebrekerien bat buruak eman digula? An ziak zelebrekeria!... Ez dizutela batere parregurerik eman? Or konpon; guri ajola gutxi; lotsa ere ez dabilkigu lakarika, ta...
Artara, uste gaberik irakurtzen oituko zerate, ta ontatik letorken irabazia zuentzat dezute oso-osorik.
Orretarakoxe ba, orra garbi esan, asibidea eman nai diogu BERRIKETAK deritzogun sail oni.
Ez iñori esan, baño baditugu gure errian ezagun bi, berritsu purrukatuak, Ameriketan diru-mordoxka bat egiñik diralako egun osoan alkarrekin jardunean aritu beste lanik ez dutenak. Izena ere ainbestekoa dute: batak PERU ELTZE, besteak PATXI ARDATZ. Ba, auetxen jardunak (berak oartzen ez diralarik, noski) emen ipintzeko asmoa degu. Gaur luze dijoa ta esango dizutet urrena (Jainkoa lagun) bi mutilzar oiek nor-nolakoak dituzuen.
Baña, gazteak! badakizute seriotxogi ari naizela-orain arte? Ez ba! biurrikerien bar egin gabe ez noa ni emendik...
Nai al dezute, txapela burutik kendu ta ukabilean lukainkaturik, bertso berri bat botatzea; artarako jaioak ez ba-gera ere?
Baserritarrak, irriparrez:
Betor bertsoa. Ona ez ba-da, ordea, begira sorbalda-gañeko kalabaza eder orreri, artaburuen batek, uste-ezean, mallatu ez dizazun!...
Nik, piper errea baño lotsagabeago:
Je, je! Beldur gutxi. Ori baño gogortxeagoa ez ba genduka, orratik!... Ia, ba; beingoan ixo:
Enaiz baserritar,
txankame kaletar
kaskariña baizik.
Arta-jorran ezik,
berritsukerietan
naigo jardun nik.
Artakoxe ere, baña,
gaizik ez ba-nuke,
idiaz uztarritu
al nazakezute:
apika, gurdirako
geiago ninteke...
BASERITARRA, betozko- xamar:
Tira, tira, gaste,
ixildu ziñezke:
jardun alperrikakoz
naikoa dala uste.
NIK, ankai eragiñaz, bada-ezpada:
Belarrondokoren bat
irabaziko ote?
Agur, banoa igesi;
agur, urrena arte.