·El Día euskaldun?
(Irakurle, euskaltzaleak itzaren jabe)
El Día, 1936-06-23
EL DIA mutilkoxkortu zaigu. Sei urte beteberria degu oraintsu, il onen lenengo egunean. Gutxitxo, oraindikan, zartzaroaren nekeak nabaitzeko. Gaztegia, ille zuriaren miñak naigabetzeko. Naikoak, ordea, gaurko onetan bizitzen ikasteko. Ez dira izan sei urte oiek nolanaikoak. Urte oien zear aizken Diktadura urratuta erregetza jautsi zitzaigun. Ogeita amaikagarren urtea erdibiturik Errepublika sortu zalata, etorkizunaren berri ezgenekigun. Nork igarri gure Euskalerri oni letorkioken zoria?
Begi-lausotuak ezin ikusi lezake aurrez aurre dagoana; ezta zeru goibelduan euzkiaren errañurik. Areago guk aberriari letorkiokena ezagutzeko; ez baigaituzu igarleak biarkoari buruz ezer asmatzeko. Ba-dirudi, gaurko onetan beintzat, guretzako lañuak zerbait urratu ote diran, eguzki izpiari bide emateko. Alegia, Euzko Araudiari esker bide mugak argiratu zaizkigula edo.
El Día-ren bide berriari, mutikotu dan ezkero, lotu natzaion. Korputza sendotu zaio, gizontzarako asmoan. Baita itxuraz ere zerbait edertu. Gure izparringiaren gorako onek poztu egiten gaitu. Ez bai-da beñere atsegingarri malda beerakoa. Bijoaztela besteak Euskalerria-zaleak ez diranak, malkar goitik amiltzen; igo gaitean gu bitziz erpiñetara, euskaldun guziak gureganatzeko.
* * *
Pozik ote gera ba El Día apaintze eta edertze onetzaz? Pozik bai; ez, ordea, aseak. Ez bai-degu begizkoena zaigun euskera egunerokoan nagusitu.
Maitemindua maitearen jabe dan arte etzaizu baretuko; gure euskal-miña ere euskera bidez ezti leike bakarrik.
Entzuna dezu, agian, Lizardiren seta aundizkiro uraxe. Nork gure Lizardi zanari burutik kendu ezin zeikiela eguneroko osoa euskera utsean irarri?
Lagunduko al-diak nere elburu onetan, gogoz? entzunak giñan olerkari goren arei.
Euskaltzale pilloa lanari lotuak giñuzun. Euskal egunerokoa irartzekotan ala? Asmo orixe genduan zirikalari.
Urrutiko intxoarrak amalau, bertaratuta lau; esaera zaarraren egia.
Ez besterik guri gertatutakoa. Euskal izparringi utsa argitaratzeko bear zan laguntzik ez genduan aurkitu.
Geroztik euskerari, sei urte auetan malda latza igotzea suerta zaio. Igotze ortan, oinkada bakoitzak bideak edoldu ditu. Ainbat arantza bide baztarretan! Bai txuri elorriaren lorea; elorriak, ordea, arantz eztenak jaurtitzen ditu bidera. Euskeraren gozotasuna bai maitekorra; euskal arantza bai minkorra ere! Elorriri eder arantza; euskera-pizkundeai ederrago mingotza.
* * *
Nortzuk eguneroko euskerari muga ipintzen ote diote? Irakurleak, adizkidea.
Irakurleak zer nai, ura ezkeintzen diote izparringiak. Irakurleak zer eska, ura bera egunerokoak ematen diote.
Gaurgoz, egunerokoaren irakurle geienak, zoritxarrez, ez dituzu euskaltzaleak. Benetako euskaltzaleak diot; euskerari lotuak, bai izketan bai irakurgaietan, bizi diranak.
Neroni natzaizu ortan beste edozein asko baño ikusiagoa. Ondo askotxo dakigu, aleka-aleka batzuk besterik ez dirala euskal irakurtzalleak.
Euskera nabaitu orduko, besterentzat lagatzen dute irakurgai ua.
* * *
El Dia-k erderari laguntzen diola Gipuzkoan, norbait esana degu. Esan errexa dezu etxe baztarretik esateko. Noizean beinka jolasteagatik, keska aundirik gabe, idaztea ez bai da auntzaren gaberdiko eztula.
Besterik da egi gorria. Egi gorria eta egi gordiña. Mintzen duan egi biribilla.
Iltzera dijoakizute «Poxpolin» aur-aldizkingia. Illeroko izparringitxoari eutsi ezin diogu eta eguneroko batei arnasa nola eskañi?
Gauden gertatzen danari makurtuak; ez ametsetan buru arri ibillia.
Egunero, bederik, irakurle berri bat irabazi dezagun. Biarkorako zaletu ditzagun abertzaleak euskerari lotzeko.
Orra, nere buruaustearen berri eman. Ortara nijoakizu, aspalditik, pixkabanaka: gure erdel-irakurleak euskerara zaletzera. Oitu ditezela, bearrak makurtuta, euskera irakurtzera.
Biartik, millaka irakurle batzuk eskatuko baluteke euskerari egunerokoan bide ematea, a ze nolakoa, gure poza! Alderantziko adizkide loxintzak, ordea, entzuten ditugu: «¿para qué escribe usted en euskera, si nadie le lee? No se emperre usted, que nada consigue». Orrelakoak maiz, belarrietan ditugu. Beste erako pozgarriak baño ugariago.
Ez egunekoari erantsi irakurleen nagikeri, alperkeri eta erdelkeria.
Irakurleak dirana izparringia izango zaiete.
El Dia-ren euskaltasuna irakurleen eskuetan dezute. Irakurlea bedi, ba, itzaren jabe aurrerako.