Izperringiak
Nemesio Etxaniz
El Día, 1934-05-20
Lan Hautatuak. Hiria, 2000
Euskera Asteko bigarren aitatu lana, «izpirringiena» nizun: Hain zuzen Latsurregi'tar Peli lagunak nere buruko asmaketak gai honetzaz aurreratu ditzit. Eztela, alegia, zintzo jokatzen euskera alde egunkarietan. Ez nere ustez ere. Laiñeza hartu dugula esango digute euskaltzale «integristoi», baiña zuzen ari gaituzulakoan nago ni. Euskaltzale soiñekoz bere burua apaindu nai digun egunkariak euskeraren aurrerapen erakustoki izan beharra dizu; ta Euzkadi ta El Día ikusita bakarrik, ez dio iñork antz emango euskerak azkenengo urte hauetan egin dizun gorakoari.
Pozik ditugu zenbait idazle La vida del Euskera izenburuz azaldu zizkiguten bi erdal lanak irakurri ondoren. Ni ez ordea, orduko zarata apur hura ezkero ez dudalako nabaitzen garbairik eta euskerari izperringietan gehiago emateko gogorik. Suzko erreberentzo izan zaizkigu bi erdal lan hoiek; pun pun egin ondoren lehenean diraute gure egunkariok, lehenean gure idazle aipatuenok: euskera maitasun irazeki hori, beti edo ia beti erderaz azaldu behar. Gutxi aurreratu dizute hontan Arana Goiriren idazkia ezkero batak eta besteak. Bilinguismo sasoiak sarturik gaituzulaka hasita zenituen idazle horiek, baiña ez dago antz haundirik; hala balitz, honuzkero erderaz aiña euskeraz idazten hasiak behar ginduzke gure idazle jatorrenak eta zoritxarrez eztugu halakorik nabaitzen.
Eztitugu alperrik izan oraiñarteko euskaltzaletasun zalapartak, egunkariak agertzen diguten aurrerapena besterik egin ezpadegu. Horietan izan ere oso kaxkar azaltzen zaigu euskera gaixoa ta zerbait piztuago dugulakotz bizi giñen gu. Agian gure ele zaharra «señoritatu» egin zitzaigun eta «linea» galtzerik ez nahi nunbait; horregatik izan ezik, eztakit zergatik ote diteken gure hizkuntza gehiago ez gizentze hori izperringietan.
Baiña ixilik nagoen eztarria alperrik urratzeke. Nor duzu izan ere gure euskal lanei begira? Aintzakotzat hartzeko, erderaz hasi beharko eskribitzen. Oraintxe oraintxe tentatuta naukazu erdal lanetan dotore hasteko. Berehala idatziko dizut artikulu orraztu bat erderaz; lehenengo edo bigarren lerroan «dinamismo» jarriko dizut eta horren ondoren kontu ez ahaztu «estructurar», «superación», eta hitz horien beste kideko batzuek. Honela gure izena ezagutu arazi ezkero, aintzakotzat hartuko ahal gaitue erderazko mundu apain hontan.
Bai por cierto , ya que bestela kasorik egiten ez diguten erderaz idazle izena hartu beharko. Orduantxe bai entzungo digutela; «endemas» halako hitz dotoreak erabiltzen hasten bagara.
Baiña hasi nadin honuzkero benetan. Egunero guk nahi aiña euskera eman ezin badigute, Aste Nagusi horretan bada ere ezin ote lezakigute eskatzen dieguna eman? Nik baietzekoa dut nerekiko. Aukera bezaigute bada hortarako aldia ta poztu gaitzatela euskera egunkarietan lodi erakutsiz. Hartara jarri ezkero, etzaio ardurarik egunkaria pixka bat garestiago saldu behar balitz ere. El Debate-k igandero bere irakurleengandik iristen duena, guk aste batean iritxi eziñik eztugula uste dut. Beste egunetan halako bi ordaindu beharko litzakela izperringia? Pozik hala ere.
Hori, nik aitatu aste hori heltzen bada; ta bien bitartean bezate lan egunkari artezkariek ahal duten neurrian poz hori euskaldunoi aurreratzen. Lotsagarri zait neri Azkoitiko korresponsala ta beste herri batzuetakoak erderaz aritzea. Ordaindu ta idazten duten berri-emaileek horrelako herrietakoak behintzat, poliki poliki euskeraz eskribitzen hasi behar luteke; lehenbizi ataltxo batzuk (jaiotzak edo ezkontzak hain errez ikasi diteke euskeraz adierazten). Ez dezatela idatzi euskeraz idazle primoak bakarrik. Zertan geldituko ote litzake El Día-ko euskal gai saila, hutsean eskribitzen dugunok ixilduko bagiña? Hori euskaldunok gorritzekoa dugu.
Sarri bururatu ohi zait beste gogapen bat ere; gauza txiki asko baiño, ez ote genduken hobeto gauza aundi bat euskeraren alde eukitzea. Baditugu egunkarietako euskal sailak, baditugu euskal asterokoak, baiño guztiak kaxkarrak. Ez al litzake ederki etorriko asteroko Argia igandetako El Día-rekin bat eginda argitaltzea? Honela El Día-ko euskal gai saila igandetan Argia bera izango litzake; ta bide batez nik lehen aitatutako igandetako Euskal Orri berezia (extraordinario antzera) besterik gabe iritxita genduke. El Debate-ren zenbaki berezia bezela, bestetan halako bi ordainduta erostekoa izan dedilla igandetako El Día ere; ta honela Argia hobeto aurkeztuta argitaldu ahal izango zendukete ta El Día euskaltzaletasun usai gehiagoz lurrinduta astean behin hartuko genduke. Baiña nor sartu dirua bitarteko duten elkartze horietan? Nahiko al ligukete Argia-ren jabe ta El Día-ren jabe ditugunok asteroko ta egunkari horiek bat egiterik? Horixe nik ezertxo eztakidana.
Eztakit euskaltzale zintzo, nere lan hau honera arte irakurtzeko astirik eta gogorik gelditu ote zaizun; oso luzetu baitzait. Baiña izperringietzaz ari naizela, ezin ixilik utzi Lizardi zenak (Goian bego) hain ederki jaso zigun Euskal Egunkaria ateratzeko asmoa. Honenbeste abertzale artean, ez ote ditugu arkituko hiru mila harpide Euskal Egunkari horrentzako? Nik behintzat eta nik bezela beste euskaldun askok El Día utzitzeke pozik emango genduke egunero beste txakur haundi bat Euskal Egunkariarentzako.
Lizardiren aldi hartan Egunkari asmo hori zerabiltenak izan ere gehienak El Día-n sarturik ditugu eta, nik uste, El Día-ri kalte egingo lioken bildurrez ixildu zitzaizkigula Euskal Egunkariaren aldezlariok. Bildur horiek alde batera bota eta zerbait honetan egiteko sasoia dugulakoan nauzu ni. Aurretik dijoan guztia idatzita gero irakurri dizkitzut Eusko Antzerti Eguna-ri eta Zumarragako Eusko Nekazari Bazkuna-ren Batzarrari buruz El Día-ko lehenengo orrian argitalduriko euskal idazlanak. Bai pozgarri egiten zaidala euskera lekurik nagusienean ikustea! Ta zenbat irabazten duen gure ele baztartuak horrela nausi azaltzen digutenean! Noiz ote guretzako amesik gozoen zaigun euskera, egunkari osoz jabeturik ikustea?
Ixildu nadin baiña, noiz edo noiz, honuzkero Job donea ere aspertua dut eta. Agur eta zorion.