Mariano Arrate il da
Ramon Saizarbitoria
Zeruko Argia, 1963-01-05
Gizon on eta kirolari on bat joan zaigu. Mariano Arrate ill da. Oraindikan oraiñ illabete batzuek Atochan ikusten genduan bere omenaldi eguneko partiduaren omenezko sakea egiten. Bere senda-eziñeko gaitzaren berri bagenduen, ala ere eriotzaren berri jakiteak ukitu egiñ gaitu. Aiñ ezagun zitzaigun bere irudia ez degu ikusiko Atocha-ko mailletan, eta Marianok berak ere ez du bere taldea, aiñ maite zuan taldea ta hainbeste aldiz defenditu zuan taldea, jokatzen ikusiko. Talde aukeratuaren lenengo kapitana izan zana, Anberes-ko olinpikoa, jokalari sutsua, argi, trebe ta leiala; lengo jokalari aien furia, aserrea aiñ ederki adierazten zuana, talde aukeratua batez ere euskalduna zan garai aietan.
Bañan kirolari bat bakarrik etzaigu ill, baita ere gizon, itz orren esan nai osoan. Donostiako kaiako gruaren gizona, izan ere bere garaietan futboletik eziñ zitekien bizi, sport utsa zalako, benetako kirol utsa. Buru-auste galantak ekartzen zituan, ez dirua, oraiñ bezela. Zer pentsatzen ote zuan oraingo jokalariak bere gruatik ikusten zituanean aiñ dotore ta aiñ errez bizi diranak, bera hainbeste balioko futbolaria izanik ikatz artean bizi bear izandu zuala ikusiak. Nolako desberdintasuna garai aietatik auetara! Garai aietan Mariano, lana egun batez nola albait utzi ta Parisera joan zan, irabazi zuan, jendeak txalo bizi-bizian atera zuan. Urrengo egunean, egunerokoek bere izena bete-betean zebilkitenean, Mariano antxe zegoan ikatz artean Donostiako kaiaren gruan.
Orri auen bitartez agur bero bat ematen diogu kirolari jator oni, euskaldun leial oni, gizon osoa izaten jakin zuan Mariano Arrateri. Goian bego.