Nahi ta nahiezkoa
Ramon Saizarbitoria
»Gazte naiz». Zeruko Argia, 1965-10-10
Duela egun gutxi, izkuntza eta literatura dominatzen duen euskal zale zahar batekin elkartu nintzen. Batzuetan pozik mintzatzen naiz berarekin, oso jakintsua denez, ikasten bai dut zerbait; beste batzuetan ordea ez nago zearo akort bere iritziekin.
Bainan gaur nere asmoa euskal zale zahar horrek esan zidana kontatzea zen bakarrik...
Gaur egunian, irakurle baino idazle geiago gaituk...
Hau esan zuenean, niregatik zuzen-zuzenki esaten zuela iruditu zitzaidan. Nere iritziz ez bai zuen nahi esan idazle asko giñala, edozeinek idazten zuela baizik. Eta alde batetik arrazoi apur bat ba zuela iruditu zitzaidan.
Izan ere ain euskaldun gutxi gera... Eta eratzen degun zirkuloa ain da txikia...
Oraindikan oroitzen naiz zelan sartu nintzen euskal giro orretan.
Nahi duk antzerkia egin? galdetu zidan batek.
Txoratu egin al haiz! erantzun nuen. Sekulan ere ez diat egin, gainera nik ez diat balio...
Jende faltan geudek... Paper txiki bat bakarrik...
Eta orrela asi nintzen, jakin gabe, antzerkia egiten (edo egin nahiean). Barkar-bakarrik euskeraz zela eta, ni euskalduna naizelako... Antzerkitik irratira pauso bat, eta orrela, euskeraz zelako eta euskaldun bezela beharturik nenegoelako, eta batez ere besterik etzegoelako, milla istillutan sartua aurkitu nintzen. Leku guzietan aurpegi berdiñak ikusten nituela zer esanik ez.
Idaztearekin ere berdin gertatu zitzaidan...
Zuek, irakurle maiteok, esango dezute izugarrizko aurpegi gogorra dutala jakin gabe idazten asi naizelako. Alde batetik etzaizute arrazoirik falta. Egia da neri idazteko erak, estiloak eta gauz horiek ez didatela buru-hauste haundirik ematen, eta bakar-bakarrik ahal dutan ondoen nere ideiak zueri idazten saiatzen naizela.
Lehendabizi ikasi egin behar nukela? Egia orixe, bainan norbaitek idatzi behar du, eta lehenago esan dutan bezela, neri besterik etzegoala esan zidaten. Neronek ongitxo ikusia dut.
Bein baino geiagotan galdetu diet asko ikasi duten oieri (gure izkuntzaren berezitasunak aztertzen dituzten horiei):
Zergatik ez dezute idazten?
Erantzuna beti berdiña...
Ez dugu astirik!
Izan ere ikasteak ainbeste denbora kentzen die... Eta horiek lanean jarri arte guk lotsagalduok beren lekua bete behar... Orrela, ikasi behar genuken garaiean, lanak ikasteko denbora kentzen digu... Gainera ez degu beinere ikasiko, horiek lanean jarri ordurako guri asteko berandutu egingo bai zaigu.
Ba dakit nik idatzitakoa oraindikan ikasten hari diran jakintsu horiek boligrafo gorriarekin zuzentzen hariko dirala. Euskera eta euskeraren salbatzalleen onerako ba da, ni pozik.
Espero dut laister ez dutela zer ikasirik izango. Orduan irakurriko dituzute gauz onak...!
Ordurarte barkatu bainan nerekin konformatu beharko zerate.