Donostiar bat bere erriyan
Pepe Artola
l885
Donostitikan alde eginda
egondu naiz txit aparte,
Habanan eta Montevideon
egin ditut zenbait urte,
nere biotzak eta animak
ekarri arazi naute,
Euskal Erriyan sartu naiz eta
ez naiz irtengo ill arte.
Gustagarrizko egotegiak
badira kanpo oyetan,
Montevideo, Habana eta
Buenos Aires aldietan;
naiko tokiya miratu arren
zenbait urtetxo abetan,
Euskal Erriya bezelakorik
eztet arkitu bestetan.
Montevideon ikusi ditut
kanpuak eta ibayak,
gañera berriz baso, zelayak
ta lur-itsaso aundiyak;
alaz guztiyaz gauza geyago
ditu gure alderdiyak,
Euskal Erriak sendatzen ditu
andik datozen guztiyak.
Arriturikan sartzen naiz emen
kanpotikan etorrita,
nere erriya ote dan ezin
xinisturikan jarrita,
auxen da, bada, ederra eta
begiragarri polita,
ezin obia sortu liteke
berriz egiten asita.
Alde batera begiraturik
daukagu edertasuna,
izugarrrizko alegrantziya
eta zoriontasuna,
kanpuan ontaz oroiturikan
sortzen da tristetasuna,
Euskal Erriya! zu zera neri
miña sendatzen nazuna.
Gogo aundizko begiratua
egin diyot erriyari,
alde batetik abiyaturik
besterañoko danari,
alde guztiyan edertasuna
besterik ez da ageri,
ezin aspertu liteke iñor
begira egotez berari.
Denborarekin arkitu ditut
lengo etxe emenguak,
bill-bill egiñik oñian dauzka
kontu aundiz gazteluak,
konbentu bi ta eliza biyak
erre gabe geratuak,
bakar-bakarrik ditut arkitu
nik emen lenagokuak.
Lengo denboran ziran bazterrak
ustez ziran ezer-ezak,
baña denboraz egin dirade
emen lanak ez errezak,
arboldegiyak, etxe alayak,
kale zabal eta plazak,
miragarrizko pauso lekuak
eta gañerako gauzak.
Murall aundiyak len erriyari
ziranak kontu artutzen,
guztiz lurperaturik, gaur etxe
berriyak dira agertzen,
ikusgarrizko lore-tokiyak,
plaza ederrak ementxen,
etxe oyekin batian dute
erriya oso apaintzen.
Kanpotik etortzen dirade asko
mintsuak oso auldurik,
berialaxen jartzen dira
Donostiyan pizkorturik,
ur gaziyazko mañuak eta
aire ederrak arturik,
beren errira itzultzen dira
biyotz guztiya pozturik.
Negar malkuak irtetzen zaizkit
neri pozaren indarrez,
ikusirikan nere erriya
betia gauza ederrez;
urrezko bola dirudi, goitik
amilduta berez,
onen onduan beste guztiyak
zer dira bada? Ezer ez.
Zori oneko erri maitia
guztiz estimagarriya,
mintsu guztiyen baltsamu eta
euskaldunaren kabiya,
pare gabeko perla ederra
guztiz begiragarriya,
bedinkatua izan dedilla
beti beti Donostiya!