Donostiari
Bitoriano Iraola
1884
Itsaso eta mendi alaiak
inguratuak,
gaztelu sendo berde berde bat
buru duela,
altxatzen zaizka oñetik etxe
zuri altuak.
usa tortolak talde luzean
diruritela.
Gogoz kantatu nai nioke gaur
Donostiari,
zillar zuria bezin garbiro
bizi zalea,
gizon argien seaska eta
dierriari
glori aundiak irabazitzen
laguntzallea.
Baña nik nola kantatuko det
argiratzeko,
indarrik gabe arkitzen bazait
biotz gaixoa?
Arren, Apolo, bigal zadazu
ukitutzeko,
bigal zadazu, Apolo, zure
lira gozoa.
Bigal zadazu, baldiñ apur bat
kupi bazera!
Bigal zadazu jira ditzadan
saroi berdeak,
kopet zabala aurrez jarririk
aize aldera,
azaldutzeko Donostiaren
doai gordeak.
Bere lurrean, esazu!, zeñek
ez du gozatzen?
Zeiñ ez da ziñez pozgiratutzen
bere putzuaz?
Baga uztaitu pizkorrak nola
diran goratzen,
urre moduko ondar txe-txea
miliskatuaz.
Aurrez daukazki esku bastoak
ongi landuak,
arri gogorrez altxatutako
etxe galaiak;
beraren jiran itsas urdiña,
mendi altuak,
baratz loratu, saroiak eta
kanpo alaiak.
Murall altuak gogor zeuzkanak
jiran lenago,
purrukatu ta amildu ziran
danak lurrera;
Donostiaren azalgarria
geroztik dago
bere banderan zabal-zabalik
«Beti aurrera».
Ara landetxe berri-berriak,
danak nastuak
mendigañetan, atseginduaz
aize gozoa,
egaa zorrotzez diruritela
ara goituak,
andik obeto ikusteatik
erri osoa.
Ikusgarriak dira geroztik
bere kaleak,
ikusgarriak dirade bere
arboltegiak;
aitortzen dute etortzen diran
eder zaleak,
erri ontako gauzak dirala
ikusgarriak.
Jai egunean apaindutzean
dama gaztea,
zeñi etzaio gustatzen bere
gorputz liraña?
Aren modura arkitutzen da
graziz betea,
apaindutzen dan jai eguneko
izarra aña.
Argatik ziran lur azpiratu
urre montuak,
argatik dauzka ederren famak
irabaziak;
argatik dauzka banen banako
etxe altuak,
argatik aztu azitzen ditu
erri guziak.
Beti garbiro, zeru txiki bat
diruriela!
Konparatzeko ez du merezi
beste itzikan;
an ikusten da, pena sentitzen
balu bezela,
uda ederra Donostiatik
joan nai ezikan.
Kanpo zabalak lorez jantziak
inguruetan;
arrigarrizko putzu doaitsu
bati begira,
antxe goizeko aizetxo bigun
gozotsuetan,
jabe gabeko txoriak ere
jostatzen dira.
An ikusten da, zeru azpitik
diz-diz egiñaz,
saltatu nairik eguzki eder
zabal alaia,
gozatutzera usai gozoaz
eta lurriñaz;
ala maite du euskaldunaren
erri galaia.
Eta nik ere, arranoaren
modu berean,
egaa zabalez igo nai nuke
zeruetara,
ordu askoan, poza sentiaz
biotz nerean,
andik begira egotiatik
Donostiara. ..
Zeñi etzaizka baso berdeak
asko gustatzen,
eta gañera txantxangorrien
kanta gozoak?
Zeñi ez dio biotz guztira
poza banatzen
egun sentiko ollar gaztien
kukurrukoak?
Ederrak dira baratz loratsu
eta mendiak;
ibar saroiak ere guztizko
ederrak dira;
baña ikusi nai badirade
gauza aundiak,
arrizko zubi sendo artatik
jarri begira.
Ipar lasterrak jostalkerian
eta pasadan,
musuz beterik kopeteraño
bela zuria,
an ikusten da ontzi goitia,
bere bultzadan
killa zorrotzez erdiratutzen
itsas geldia.
Ikusten dira itsas egazti
arrapariak,
egaa zabalez jira-biraka
kanpo aietan.
eta goituaz eraz biziro
gero guziak,
ezkutatutzen diraden arte
urrutietan.
Baga indartsu orrolariak
beren bidean,
arkaitzak ere jo ta apurtu
nai dituztela;
baña indarrak galdu ondoren
sosegatzean
gelditutzen da kristal garbi bat
balitz bezela.
Onla daukazki inguruetan
doai ederrak;
berak txit arro altxatutzen du
kopet garbia.
Etorri bitez ikusitzera
dierritarrak,
Irutxulueta izendatzen dan
euskal erria.