Toribio Alzaga Anabitarte (1861-1941)
Toribio Alzaga Anabitarte Donostian jaio zan, Trinidade kalean, 30-garren zenbakian, 1861 urteko apirillaren 16-an.
Bere denbora guzian Toribio esan zioten; bañan berez Jose Maria Toribio omen zan. Orregatik, Erriko Etxeko paper-agirietan onela idazten omen zioten: «José María Toribio, conocido por Toribio...»
Karlisten bigarren gerra-denboran, mugaz beste aldean izan zan, Ziburun. Batxillerato guzia an egin zuan. Martzelino Soroa ere an zan; eta, onek idatzitako Idiyarena komeria antzeztu zanean, Alzaga ere antzelarietako bat izan zan, artean amairu urteko mutilla bazan ere.
Iru anai-arreba izan ziran: Toribio, Baleriano eta Soledad.
Aitak Pedro Juan aroztegia zeukan Trinidade kalean, 15-garren zenbakian. Bañan ez Toribio eta ez onen anai Baleriano etziran langintza orren zale. Naiago zuten antzerki-paper bat buruz ikasten eta komerietako jantziak prestatzen. Aitak, asarretu eta onela esaten zuan:
Mutil auek komikoak izango dira!
Ala gertatu ere. Baleriano gazterik il zan; bañan Toribiok aitaren langintza utzi eta etzuan antzerkia beste ogibiderik izan il arte.
Soroarekin asi zan komeriak prestatzen eta aietan parte artzen. Lenengo, Santa Mariko luistarrak antolatutako Santa Marta aretoan; urrena, berriz, kale nagusian, 7-garren zenbakiko bigarren bizitzan. Baita Centro Católico-an ere, Barriola, Lapazaran, Praile Motz eta abar lagun zituala.
1888-an, ogei ta zazpi urterekin bere lenengo komeria argitaratu zuan: Aterako gera, urte berean Donostiko Euskal Itz-jostaldietan saritua eta gaur liburu ontan berriro plazaratzen deguna.
Bigarrena, San Tomas-eko feriya izan zuan, 1982-an idatzia, lenengoz 1894-an argitaratua, eta 1963-an Auspoa Liburutegia-k berriro kaleratua.
Urrena, iru operaren letra: Txanton Piperri (1899), Anboto (1906) eta Gli kornamenti, azkeneko au parre eragitekoa, Buenabentura Zapirain jaunak (1874-1937) musika idatzirik.
Ondoren, onako antzerki auek etorri ziran: Axentxi ta Kontxexi (1914), Bernaiño'ren larriyak (1915), Oleskari berriya (1916), Txibiribiri (1918), Ramuntxo (1920), Andre Joxepa Tronpeta (1921), Eleizatxoko ardazlea, Gorostidirena berez, bañan Alzagak berriztatua; Arpuxa kalian bakarrizketa (1922), Bost urtian (1922), Etxietan (1923), Zalaparta (1923), Amantxi (1923), Tantarrantan (1923), Zanpantzar (1923), Neskazar (1924), Irritza (Macbeth) (1924), Babalora, Urdallekoa, Burruntziya, Ezer ez ta festa, Soroarena berez, bañan Alzagak berriztatua, Gizon ona, Osaba eta Mutil zarra.
Oiek guk dakizkigunak. Guztira, ogei ta amar bat. Irritza, Macbeth euskeratua alegia, Londrestik eskatu zioten, Departement of Printed Boocks, British Museum deritzaionetik. Lau ale bialdu zituan, eta Inglaterrako liburutegi nagusienetan banatu omen zituzten.
Batean, komeri oietan onenak zein juzkatzen zituan galdetu omen zioten. Onena Bost urtian jotzen zuala erantzun zuan; urrena, Amantxi, eta gero Irritza.
San Juan kalean bizi zan, eta etxeko seigarren bizitza utsik zeukan. An saloi aundi bat antolatu zuan. Baita ere gela bat antzezgilleak jantziak aldatzeko, eta zapi aundi bat goitik bera. Gañontzeko tokia alki arlotez beterik omen zegoan, eta jendeak bai omen zekian zein alki zein familirena zan. An aritzen ziran antzerki-lanetan Manolo ta Inazio Baroja, Galatas, Fernando Zubiri ta beste asko. Negu-partean, ia jaiero.
Donostiko Erriko Etxeak Academia de Lengua y Declamación Vasca sortu zuanean, Alzaga jarri zuten ango zuzendari.
Egunero an aritzen omen zan paperak kopiatzen, antzezlariei erakusten, decoradoak ta bear zan guztia prestatzen... Bazkaldu bezin laster, bere lan-gelara. Askotan, besoak mugitzen eta bere kasa izketan jarduten zan; bakoitzak nola egin bear zuan bere buruarekin aurretik saiatzen, alegia. Emaztea ta alabak soñekoak josten eukitzen zituan.
Maixu ona ote zan jakiteko, naikoa izango da Beorlegi, Egileor, Ugartetxea, Etxeberria, Mujika, Pepita Aramendi, Irigoien, Goikoetxea ta beste antzezlari trebe asko aren ikasle izan zirala esatea.
Zenbat antzerki-jaialdi prestatu zituan, berriz, Jaungoikoak bakarrik daki.
Academia ortan euskera ere erakusten zuan. Zoritxarrez, ikaskizun aiek etzituan idatzi. Bañan, aren ordez, bere ikasle izandako batek, Raimundo Herrero Tornadijo jaunak, egin zuan lan ori: «Estudio elemental de la gramática vasca, según las lecciones explicadas por el Profesor de Lengua y Declamación Vasca, D. Toribio de Alzaga (q. e. g. e), por un su discípulo».
Toribio Alzaga zein idazle talde edo gizalditan sartu diteken galdetuko du bearbada norbaitek. Erantzun erreza du orrek.
Donostian, fueroak galdu ondoren baiña Sabino Aranak Bilbotik bere politikari asiera eman aurretik, euskeraren aldeko piztuera bat izan zan. Izen batzuk eman ditzagun: Martzelino Soroa, Ramon Artola, Pepe Artola, Biktoriano Iraola, Antonio Arzak, Frantzisko Lopez-Alen. Kasal Otegi, Sanchez Irure, Alejandro Berroa, Klaudio Otaegi, Migel Antonio Iñarra, Juan Inazio Uranga, Jose Marino Arrieta, Jose Ganboa, Karmelo Etxegarai, Alfontso Maria Zabala eta abar eta abar. Baita Pedro Maria Otaño ere, Ameriketatik etorri eta atzera joan zan artean Gipuzkoako iriburuan egin zituan urteetan.
Etziran danak Donostian jaioak, baiña bai emen bizi ziranak edo emengo aldizkari eta egunkarietan beren lanak agertzen zituztenak.
Alzaga ere talde ontakoa izan zan, bere alegiña antzerkiaren alde egiñik, bide ortan Martzelino Soroaren jarraitzalle izan zan. Orregatik, bere leenengo antzerkia argitaratu zuanean, Aterako gera izenekoa bera, gaur emen berriro kaleratzen deguna alegia, ari eskeiñi zion; edo-ta, garai artan esaten zutenez, donkitu.
Auspoa liburutegi au Donosti zaarreko euskal piztuera orren emaitzak biltzen eta berriro argitara ematen aspaldian asi zan. Egille oietako batzuen idazlanekin zenbait liburu ere osatu eta atera zituan: Ramon Artola, Martzelino Soroa, Pepe Artola, Toribio Alzaga, Biktoriano Iraola, Alfontso Maria Zabala eta abarrenak alegia. Baiña iñundik laguntzarik ez eta alor ori utzi egin bear izan zuan.
Gaur, berriz, Donostiko Udalaren Euskal Patronatuak gizon oiekin zorretan dagoala ikusi du, eta laguntzeko borondatea agertu. Bai guk ere pozik eldu gure leengo lanari. Arazo guzietan alkar artzea indarra baita.
Bere jazkera auxe izaten omen zuan Alzagak: zamarra aundi bat (chaquetón), galtza beltzak eta visera buruan. lkasleren bat eskolan sartzean, visera kendu ta onela esaten zion:
Gabon Jainkoak deigula.
Bere lan auek etzioten txolarterik uzten, eta Donostian etzuan antzerki berririk idazteko astirik izaten. Langintza ortan Aizarnan saiatzen zan geien-bat. Urtero erri ortara joaten baitzan udara igarotzera. Antzerki batzuen gaia ere bertan arkitu omen zuan.
Batean, Aizarnatik Santa Engraziko ermitara omen zijoan, seme-alabekin batera, eguna gain artan igarotzera. Bidean, ura ere betik gora, baserritar neskatilla bat egokitu omen zan, bere asto ta guzi. Pardelak eramateko aukera oberik ezin izan zitekeala pentsatuz, Alzaga onela esaten asi omen zitzaion:
Entzun, neskatxa: Santa Engrazira zuzen al goaz?
Bañan neskatillak zer nai zuan igerri nunbait eta onela erantzun zion:
No entender, no entender castellano.
1930-eko abenduan, omenaldi bat egin zitzaion Alzagari: antzerkiak, dantzak, itzaldiak, txistulariak, bertsolariak... Baita lagunarteko bazkari bat ere.
Garai artan, Academia de Lengua y Declamación Vasca dalako ori Garibay kalean zegoan, gaur Aurrezki Kutxa dagoan ortan, goiko bizitzan, tellatupean esate baterako. Jaialdi ori zala-ta, periodista bat goi ortara joan zitzaion, alkarrizketa bat egitera.
Zamarra lodi bat jantzita arkitu omen zuan. Oñak berotzeko, berriz, noizean bein zutitu eta pauso batzuk ara ta onera eman bear. Egunkarian onela idatzi zuan gero periodista orrek: «Egun bateko bazkari goxoa baño, obeko luke negu guziko estufa on bat».
San Tomasetan, Joxe Bernardo Otaño, Udarregi, Pello Errota, Gaztelu, Txirrita ta abar, orduko bertsolaririk onenak alegia, kantu-lanera etortzen ziranean, Alzaga beti edo geienetan jartzen zuten epai-maian.
1901 urteko apirillaren 16-an ezkondu zan, berrogei urte betetzen zituan egunean. Andregaia, Maria Pilar Fernandez Mujika andereñoa zan.
Bi seme ta iru alaba izan zituzten, bañan etzuten aiekin suerte onik izan. Beste guztiak aita baño len il baitziran, gazteenaren aotik Maria Luisa beraren izena bildu genituan guk argibide auek, 1961 urte inguruan.
Zarrena, Luis, jaio ta berealaxe il zan.
Bigarren mutilla, Jose Jabier, aita ber-bera omen zetorren. Oso antzerki-zalea. Pozik agertzen zan antzeztokian. Ura ezagutu zuan batek, Manolo Baroja jaunak, onela zion:
Beorlegi baño obea zetorren.
Bañan emezortzi urterekin tifus arrapatuta il zan. Urte askoren ondoren, periodista batek onela galdetu zion aitari:
Zein izan dezu zure denbora guziko naigaberik aundiena?
Ta Alzagak segituan:
Nere semearen eriotza.
Alaba bat, Maria Paz, 1918-an il zan, amasei urterekin.
1940-ko otsaillaren 14-ean, beste alaba bat il zitzaion, Maria del Coro, ogei ta amairu urterekin. Alzaga oso zartuta zegoan ta biotzetik gaizki zebillen. Orregatik, alaba iltzera zijoanean, debekatu nai izan zioten gaixoaren gelan sartzea. Bañan onela esan omen zuan:
Gaurdaño etxeko eriotz guziak ikusi ditut, eta oraingo au ere ikusi egin bear det.
Oiaren ertzean jarri zan. Beste danak negarrez, eta bera alabari esaten:
Orain zerura, Korito, orain zerura...
Urrengo egunetan, ildakoaren ama ta aizpa maiz ekiten zioten negarrari. Aitak, berriz, onela esaten zien:
Ez dezute ondo egiten. Jaunaren borondatea alaxe izan da, ta ez dezute ondo egiten.
Bañan apalondo batean, jangelan aita bakarrik gelditu zan. Alaba bat-batean sartu ta belauniko ta negarrez arkitu zuan. Aita negarrez ikusten zuan lenengo aldia.
Urte artako martxoaren 14-ean, amagiarreba il zitzaion.
Urrengo urtean, 1941-ean, beraren txanda izan zan. Larogei urte zituan. Asma cardíaca zuan. Maiatzaren azken aldera zan.
Bere illoba bat, Jabier Billar, medikua izan ta uraxe zan kontu egiten ziona. Alabari onela esan zion:
Onezkero komeniko litzake gauza guziak egitea.
Alabak apaiza deitu zuan: Eusebio Astigarraga jauna. Au gaixoaren gelatik ateratzean, alabak galdetu ta apaizak esan zion:
Oraindik ez omen du presarik; oso ondo dagoala.
Ta alabak:
Momentu ontan bai; bañan noiznai izan dezake ito-aldiren bat.
Goizaldea zan eta arratsaldean beste bisita bat egingo ziola.
Illoba medikua etorri zan. Oso gaizki arkitu zuan. Alzaga oso tabako-zalea izana bazan ere, erretzea galerazita zeukan. Bañan ain gaizki ikusi zuanean, onela esan zion:
Osaba Toribio, zigarro bat egin bear diot.
Artu ta oso gustora erre zuan. Azkenekoa izan zan. Apaiza ostera etorri zan eta gaixoarekin denbora puska bat egin zuan.
Urrengo goizean, elizakoak. Ramon Inzagarai apaiz jaunak ekarri zizkion. Onela esan zion:
Etzitzaidan neri tokatzen; bañan, zu zeralako, neronek ekartzea nai izan det.
Eguerdi aldean lo zegoan. Bazkalondoan, gaixoak ere zerbait artu bearko zuala ta alaba aitarengana joan zan. Esnatu ta esan zion:
Aita, marrubirik nai al du?
Oso zalea baitzan. Bañan orduantxe ito-aldi batek artu zuan. Apaiza ta medikua deitzeko. Etorri ziranerako, zentzua galduta zegoan. Andik laster il zan.
1941-eko maiatzaren 27-garrena zan, eta arratsaldeko laurak. Larogei urte zituan.