Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

POLI: MUTIL UMEZURTZ BATEN IBILLALDIAK

Agustin Anabitarte

I

Poli

 

 

        Nagiak kendu ta errenka atera zan eguzkitara. Begiak igortzi, bi aldeetara so-egin, eskuak sakelean sartu ta ganoraz abiatu zan mendian beera Gaztelu zaarraren ondotik. Bizkarra belar-tximaz josia zeukan. Bide-baztarretan arbolak ugari. Arunzko muturrera iritxi zanean ortziko argiari ezkur-alea zitzaion. Orduan amabost urte zituan Poli-k.

        Poli umezurtza zan, oso pizkorra mutilla. Ba'zirudian —ezin ditekena— noizbait ogei urte izan ta, geitu bearrean, gutxitu egin zitzaizkala urteak. Batzueri arpegiko azala kendu ta bost urtez aurreragakoa agertuko balitzaie, Poli-ri bost urtez geroagokoa ageri. Biurria mutilla; zer galazi uraxe egin bear. Norbaitek, mendian beera, «agur, mutil» esaten ba-zion, ezta erantzun ere. Bera ez zan mutilla. Bere adiñeko mutillak, guztiak gutxiesten zituan eta utsagatik zartakoa eman. Bein mutil batek nexka bateri taba ostu. Neska txikia negarrez. Poli-k mutilari zartako bat eman eta taba neskari biurtzea agindu. Aal izanez geroz, noiznai jaten zuan, ez zuan otorduetako garai jatorrik; lo, edozein baztar ezkutuan. Iñork begiak itxita ikustea nai ez. Lana, nai zuanean. Batzuetan, kaieko arrikatz puska aundiak zankoz bultzatuaz uretara bota, gauez; ta urrengo goizean larru-bizirik murgildu, arrikatza atera ta saldu egiten zuan. Bein suge bat arrapatu zuan, txapelan sartu, muturra lotu ta uretara jaurtikita bertan itoazi. Urrena beste mutil bateri txapela kendu.

        Goiz artan Poli itsas-baztarreko arrietara jetxi zan. Ura bare-bare zegoan. Poli aitz baten gañean jarri zan urari begira. Poli txikia ta bere errañua bi, esan zitekean. Eguzkiak ondo argitzen zuala-ta, beeraño ikusten ondoa muskar-margoan; barrenago ta illunago. Urpeko arriek ba'ziruditen palaxtaka uraren ibillerarekin. Uraren zola oso polita, itsas-belarra apaingarri. Txalburuak añako arraitxoak arri-azpitik atera ta egiñaletan biurtzen ziran. Beste buru aundi beltzak, bildurtiagoak, ba'ziruditen zearka begira ere ba'zekitela. Karramarro bat ozta-ozta urpetik lekorera asi zan. Atzeko ankak atera zituanean bertan geldi eguzkitan arrian gora. Karramarroa busti-berria ta diz-diz egiten.

        Arri aiek Poli-renak ziran. An lapa ugari izaten zan. Txoko artan ba'ziran zuloak, exeri ta etzatokiak. Poli itxuan ere ibilliko zan arritik arrira etxean bezela, baldin noizbait etxean ibillia zala esatekoa ba-da. Gorde-lekuak ere bai. Iñor arri aietara joaten ba-zan, antxe aldean egongo zitzaion aldegin arte. Arrantzaleren bat arrantzan asten ba-zan, arrantza luzea izanarren, ez zitzaion joango arek kanabelak-eta jaso arte. Ta onuntzean bere ondoan igarotzen ba-zan, begiratu zorrotza egingo zion gizona ba-zan ere. Ostutako kare ta arriekin egindako etxearen jabeari bezin berea zitzaion toki ura.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki