Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

SUZKO GEZI BAT BEZALA

Mikel Albisu, Mikel Antza

        Waka-Hok (uaka-jo irakurri), haur zelarik, gurasoak galdu zituen. Onondagas irokes tribuko agure zaharrenak hartu zuen babesean eta aiton horren ahots leunak deskribatutako eszena ederrak, ipui lilurakorrak, betirako pausatu ziren Waka-Horen irudimenean. Lur hobeagorik ez luke aurkituko halako haziak. Waka-Horentzat hitz bakoitzak kolore bat zeukan, arnasaldi bakoitzak erritmo bat adierazten zion. Eta hala, agurea zaharturik hil zenean, Waka-Hok, han, basorean abartsuenean, negar egin zuen. Eta gero, aitonaren errautsak eskuan hartuz haizeak eraman zituen arte begira egon zen. Arratsean, hitzak bata bestearen atzetik erten zitzaizkion:

 

                «... haizeak ajeatzen duen gorputz zimela

                errauts da

                eta errautsa landetan barreiatzen da

                lore eta fruituen bidez nigana etortzeko...»

 

        Waka-Horen haurtzaroa bakartia izan bazen, —agurearen laguntzak soilik ezkutatzen zuen bakardade hori—, gaztaroa are uzkurrago eta beste gazteengandik aldenduago igaro zuen. Txikitan, tribuko beste haurrak ezberdin begiratzen zituen, nahiago zuen mila aldiz agurearekin basoko babes ilunean pasiatu, solasean, haur-jolas mengeletan parte hartzea baino.

        Bakardade hori hitzez betetzen irakatsia zion agureak eta orain hura aldendu zelarik, atsedeneko orduak ipuiak bergogoratzen eramaten zituen. Horretan eta arkuz tiratzen ere aritzen zen, laster tribuko tiralari onena bilakatu zen arte.

        Aitonak kontatutako ipuiak bergogoratzen zituenean beti asmatzen zuen zerbait berria, hemen edo han sartzeko... Bere bizitza aurrera zihoan beste asaldadura handirik gabe. Gainera, gutxinaka, tribuko haurrak hurbildu zitzaizkion, asmatzen zituen ipuiak eta esaten zituen poemak oso ederrak bait ziren (tiralari on izatearen ospeak ere bazuen horretan zerikusirik). Euria edo elurra ari zuen neguko egun hotzetan, Waka-Horen «tipi»a adin guztitako haur eta gaztez beterik egon ohi zen. Eta, Waka-Hok, agureari ikasi zion ahots leunez esaten zituen irokesen tribuetako kontu zaharrak.

        Horietako egun batetan, otsoak kanpamentutik hurbil zebiltzan gaua zen, auhen batzu entzun ziren baso aldetik eta gero eztanda bi. Waka-Horekin zeuden guztiek arnasa eten zuten eta txintik atera gabe adi-adi geratu ziren. Waka-Ho izan zen jeikitzera ausartu zen bakarra, larru lodia gainean hartu eta gezi-arkuz horniturik gaueko elurretara erten zen basorantz.

        Beste eztanda batek hautsi zuen elurraren erori malgua eta otsoen oihuak areagotu ziren. Basoaren argiune baten erdian gizon zuri bat zegoen, otsoz inguraturik eta antza zenez handiki zauritua, odola bait zerion ezkerreko saietsetik.

        Waka-Hok trebeki jaurtiki zituen geziak; eta bat, bi, hiru otso geratu ziren hilik elurretan, bakoitza putzu gorri baten erdian. Besteek ihes egin zuten. Ordurako konorte gabe zegoen zauritua bizkar gainean hartu eta «tipi»ra eraman zuen.

        Une hartaxetik aldatu zen bere bizitza. Gazte hark Edgar zuen izenez eta irokesen hizkuntza ezagutzen zuen; sentsibilitate handiz entzun zituen Waka-Horen poemak zauria sendatzen zitzaion bitartean tribuarekin igaro zituen egunetan. Gizon hura biziki hunkitu zuten Waka-Horen poemek eta behin Waka-Ho poemak esaten ari zitzaiola fabore bat eskatu zion. Otsoek zauritua gertatu zen gau beldurgarri hartan zaldia ere galdu zuela eta zaldian poltsa balioso bat zeramala kontatu zion Waka-Hori. Hura ekarriko balio asko eskertuko liokeela.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki