Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

XALBADOR PERTSULARIA

Joxe Mari Aranalde

«Txistuak jo dituzute...»

 

 

        Argitik ilunerako jauzia dugu, irakurle, aurreko kapitulutik oraingora. Hura Mattinen bihotza bezain gardena genuen, eta hau pikea bezain beltza. Beltza da, izan ere, orain kontatzera noakizuna.

        Gogora dezagun eguna, ordukoek berri dezaten, oraingoek ikas eta datozkeenak aurki. 1967a da urtea, ekaina hilabetea eta 11a eguna. Arratsalde partetik gertatu zen gertatzekoa. Nik Gipuzkoako Beasain herrian jakin nuen. Urbasa mendian Añorgako gazteekin eguna pasata nentorren, eta eztarriak bustitzeko gelditu ginen Beasainen. Hango tabernariak eman zigun berria.

        Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa zen egun hartan Donostian. Zortzik egin zuten beren iharduna goiz partean, eta horietatik hiru pasa zituzten arratsalderako. Xalbador, Lopategi eta Gorrotxategi ziran hauek, eta Lazkao-txiki zena sartu zen horien tartean, arratsaldeko lehen iharduna egiteko. Saio horretan erabaki behar zen zeinek jokatu txapela berria Uztapide txapeldunarekin. Mahaiak Xalbador hautatu zuen aurrerako.

        Hautatu bazuten hautatu zuten. Hura iskanbila, noski! Inpernuko atea zabaldu balitz bezala, hango oihu eta zarata eta txistuak! Hura sua eta hura egoeraren gorria! Noizpait, hala ere, jendeak arnasartze alde edo, baretzera egiten du burrundak, eta kanta dezake Uztapidek bere agurra, eta kantatzen du. Xalbador hasten da hurbiltzen mikrofonora eta berriro zabaltzen da grinaren atea, eta txistuak hasten. Txaloak ere badira, ordea, eta iskanbilak bajatzera egiten du, eta hontan urepeldarra kantari hasten da. Hona bertso gogoangarri hura Auspoa 67 alean datorren datorrenez, ondoko esplikazio eta guzti:

 

                «Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa

                neure gustora nagonik,

                poz gehiago izango nuen

                albotik beha egonik;

                zuek ezpazerate kontentu

                errua ez daukat, ez, nik...

 

                (Jende guzia txaloka asten da, ta ezin jarraitu du denbora-puska batean; gero onela bukatzen du bertsoa:)

 

                zuek ezpazerate kontentu

                errua ez daukat, ez, nik,

                txistuakjo dituzute bainan

                maite zaituztet orainik!

 

                (Oraingoan jendea eskuak puskatzerañoko txalotan asten da, ta, txistu-soñurik gabe, txapelketak aurrera jarraitzen du.)» Honeraino Auspoa.

 

        Zeinek asma? Zeinek iger? Zeinek suma zertsu gertatu zen Xalbadorren barruan ordu gorri hartan? Eta nola esan? Nola konta? Nola adierazi inork inori? Sendimendurik hezeenez eta beroenez eta ondogabeenez horniturik zegoen bihotz harek, txistuzko erauntsi hartan zer pairatu zuen aditzera eman nahi izatea, itsuari argiaren berri eman nahi izatea bezain ezinezkoa dela edozeinek daki. Denok dakigu. Baina harria izan zela hura artzainarentzat ez dago esan beharrik. Ez zirela harentzat joak izan? Hura zela eta joak, bat Eta hura jo zutenak ere, bai. Jo ote zuten gero?

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki