Telebista bertsotan
Telebista bertsotan ari zen lehengo igande eguerdian gure sukaldean, ni etxera bildu nintzenean. Ez dakit bertsoengatik sakatua zioten botoiari ala beste zerbaiten bila egina zuten; baina nik bertsotan harrapatu nuen telebista.
Nik entzun ez nituenak ez dakit nolatsu joanak zitezkeen. Azkenaldea zen nik entzun nuen zatia. Eta ez nuen bakarrik entzun. Ama nuen ondoan, eta honako bi gauza hauek entzun nizkion bertsoak ari zuten bitartean: «Neri ez da ezer nazka haundiagoa ematen didanik bertso txarra baino». «Hor Azpillaga onena». Hori da nik adineko bertsozale bati igandeko bertsosaioan entzun niona.
Egia esan, han bazen bertso-bertsoa ez zen zerbait saio hura moteltzen zuena gure amarentzat. Hizketa kontua zen. Xanpuni ez zion erdia ere ulertzen gure amak. Batetik euskalkia du arrotza guretzat lapurtarrak, eta besterik bertsogilea da bihurri xamarra bera. Eta jakina, laukote batean norbaiti ondo ulertzen ez bazaio eta beste norbait hala-hola edo ari bada eta abar, ez da harritzekoa saioa zozoa gertatzea entzulearentzat. Baina bada besterik ere, nik uste.
Bertsoa komunikabideetara ekarri beharra omen zegoen. Hori hotsegin eta hotsegin ari ginen aspaldian. Irratian aspalditxotik, beraren jaiotegunetik ia-ia, sartuak genituen bertsoak. Orain ugariagotu egin dira hor ere. Bertsolari bati entzuna diot, nahikoa eta gehiegi ere badela irratietan bertsoa. Okitu egingo omen gaituzte. Ez dakit.
Telebistan ia ez zegoen bertsorik. Orain hor ere hasiak ditugu sartzen. Gure ontzi sorgin hori bertsotan ere hasi zaigu. Ai ongi egin baleza! Zer atsegina guretzat.
Eta zer egin dugu telebista bertsotan jartzeko? Errazena nik uste. Jaialdi bat hartu plaza edo antzoki batetan eta hura eman. Orain sukaldea dugu bakoitzak bertsoak entzuteko gure plazatxoa. Hori al zen egin behar zena? Plaza al da gure sukaldera edo saloira ekarri behar dena? Ez al du bertsoak antolamendu berezirik eskatzen telebistarako, beste emanaldi-mota askok eta askok eskatzen duen bezala?
Deia, 1989