Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

IPUIAK EDO KONTUTXOAK (I)

Ramon Artola

Ramon Artola Larrañaga

 

 

        Ramon Artola Larrañaga Tolosan jaio zan, 1831-ko abuztuaren 31-an.

        Aita, Jose Antonio, Astigarragakoa zuan; ama, Maria Antonia, Tolosakoa.

        Aitaren aldeko aiton-amonak, Bernardo Artola eta Maria Migel Etxeandia, biak Astigarragakoak ziran; amaren aldeko aitona, Santos Larrañaga, Tolosakoa; amona, Maria Gamuza, Plazentziakoa.

        Ez dakigu noiz eta nola joan zan Ramon Artola Donostira bizi izatera. Baiña gazterik, ziur asko.

        Ogei ta zazpi urterekin ezkondu zan, 1858-ko azaroaren 23-an, Donostiako San Bizenten. Andregaia, Manuela Elizetxea zan, Lezon jaioa eta Donostian aberats batzuen etxean serbitzen zegoana. Orduko berri ez dakigu, baiña gero beintzat oso emakume lodia omen zan, eta pixua ainbat grazi eta gatza zuana. Arengandik ekarri omen zuan bere umorea Pepe beraren semeak.

        Bost seme-alaba izan zituzten: Ramon, Frantzisko (Pako), Jose (Pepe), Manuel, zortzi urterekin illa, eta Rosario.

        Pepek bertso asko moldatu zituan. Baita antzerki eta ipui batzuk ere. Rosario ere bertsogintzan saiatu zan.

        Karlisten bigarren gerratean, aita, Ramon, liberalekin ibili zan, voluntarios deitzen ziranetan.

        Bere ofizioz linternero eta pintorea zan. Tallerra eta denda Puyuelo kalean zeuzkan; gaur Fermín Calbetón. Semeak aitaren ogibidea segitu zuten.

        Azken egunetaraiño lanean jardun zan. Biotzetik gaixotu eta elizakoak artuta, silloi batean il omen zan, arnasa artu eziñik, seme-alaba eta billoba guziak inguruan zituala, 1906-ko abuztuaren 20an, irurogei ta amabost urte betetzeko amaika egun falta zituala.

 

A. Z.

 

 

 

 

Oar batzuk

 

        Auspoa Liburutegi onek Ramon Artolaren eskutik ekin zion bere bideari. Gure leenengo zenbakia aren bertso liburu bat izan baitzan. «Sagardoaren graziya» izenarekin.

        Baiña oso jartzaille ugaria izan zan ura. Orregatik, bertso guziak ezin eta aukeraketa edo antologia bat eskeiñi bear izan genion irakurleari.

        Gaur ere aren bertsoekin gatoz. Baiña oso bereziak dira oraingo auek. Ipuiak edo kontutxoak ditugu, liburuaren izenburuak dionez; baiña bertsogintzaren legeetan moldatuak, eta bukaeran erakuspen bat izan oi dutenak. Erderaz, fábula edo apólogo izenarekin ezagutzen dana, alegia.

        Literatur jenero au olerkariaren iduripenean sortutako kontakizun labur bat da. Ori adierazteko, ipui itza erabili izan da aspalditik euskeraz. Ortik Artolak bere sorta onentzat pentsatutako izenburua ere.

        Jakintsuak diotenez, ipui edo fabulak India aldean asiera izan zuten. Urrena, Greziako Esopok jorratu zuan gai ori. Ondoren, Erromako Fedrok. Erdi Aroan, berriz, jarraitzailleak Europa guzian sortu ziran.

        XVII mendean, ipuigille oparoa eta ospetsua izan zan La Fontaine Frantzian. Gazteleraz, berriz, Iriarte eta Samaniego ditugu, XVIII mendean goi maillaraiño igo ziranak. Leenengoa, euskal abizena zuana, baiña Kanariasetan jaioa. Bigarrena berriz, Arabako Laguardian mundura etorria, eta Euskal Erriarekin artu-eman bereziak beti izan zituana.

        Oien denboran oso modako jarri ziran ipuiak. Orregatik, zer arriturik ez du mugimentu arek gure artean ere bere eragiña izan bazuan. Ala, emen ere ipuigille saiatuak sortu ziran. Adibidez: Bidasoaz iparraldean, Archu; Bizkaian, Zabala; Gipuzkoan, Iturriaga.

        Zerrendatxo ori geiago luzatu ditekela dudarik ez da. Besteak beste, gaur izen berri bat erantsi nai diogu: Ramon Artola.

        Onen ipuiak, danak ez bada ere asko beintzat, «Euskal Erria» aldizkarian ikusi zuten argia. Aren zenbakietan noiznai agertzen ziran beraren lan oiek.

        An, ordea, sakabanatuta dauden ezkero, ez du ematen liburu bat osatu aal izateko mordoa egin lezatekenik.

        Baiñan Ramon Artolaren ondorengoak, urre puska balitz bezela gorde dute beren aurreko ospetsu orren esku idazki bat, leenengo orrialdean onela diona: Ipuiak edo kontutxoak. / Beraren egillea / Ramon Artola. / 1896'eko urtean izkribatua / Donostian.

        Berak ondo zekian, beraz, idazlantxo oiekin liburu mardula egiña zuala. Argitaratu ere gustora egingo zuan arek, artarako modurik izan balu. Bere esku idazkia artarako prestatu zuala ere, txeetasun batek garbi asko salatzen du: irakurleari zuzendutako itz aurrea ere erantsi ziola aurretik.

        Arek beren denboran ezin izan zuana, guk atsegiñez egiten degu, ia eun urteren buruan: lan eder ori argira ematea alegia.

        Baiña, esan bezela, bi iturri genituan: beraren esku idazkia eta «Euskal-Erria» aldizkaria. Oietako zeiñi kopiatu? Esku idazkitik artu bearrak zirala dudarik ez da. Orri oiek, izan ere, Artolak bere eskuz idatziak dira asi eta buka; eta iñoren eskua ez da or ibili itzak aldatzen.

        «Euskal-Erria» ortan an eta emen itz batzuk aldatuta baitaude. Baiña aldi gutxitan. Gaiñera aitatzerik merezi ez duten aldaketak dira. Orregatik, ez ditugu liburu ontan ezartzen.

        Baiña esku idazkian, koplatzerakoan utseginda-edo, lerro batzuk falta dira iru edo lau bat aldiz. Utsune oiek betetzeko, «Euskal-Erria»-ren testoaz baliatu gera.

        Ipuien bukaeran, «Euskal-Erria»-k noiz argitaratu zituan adierazten da. Baiña, leen esan degunez, orrek ez du esan nai aldizkari orri kopiatu diogunik, esku idazkiari baizik.

        Ala ere, «Euskal-Erria» erabiltzerakoan, esku idazkian ez dauden ipui batzuk arkitu ditugu. Oiek onako auek dira; «Arranoa eta belea», «Azariya eta arkakusoak», «Fortuna eta deserakida edo diskordiya», «Txerriya eta bere bi umeak», «Astoa eta katamotza», «Gitarraren lokarria» eta «Erriotxoa».

        Beste bat, «Liburu saltzalle bat eta tximubak» izenekoa, onako liburuska ontan arkitu degu: «Euskal Festak Donostiari / Oroimengarria, 1885». «Oroimengarri» auetan argitaratuak zein diran ere adierazi degu ipuien bukaeran.

        Ipui auek ez dute, beraz, esku idatziarekin zer ikusirik. Ez dira aren orrietatik kopiatuak. Bere bilduma ortan kopiatzea aaztu egingo zitzaion Artolari.

        Oietaz gaiñera, bere lekuan ostera esango degunez, «Itz neurtuak» izeneko bost bertso ere arkituko ditu emen irakurleak, esku idazkian falta diranak. Bertso oiek, izan ere, Ramon Artola nolakoa zan agertzen digun marrazki baten ondoan arkitu ditugu. Marrazki ori emen azaldu nai izan degu noski; eta, berarekin josita dauden ezkero, bai bertso oiek ere.

        Sari batzuk irabazi zituan Artolak bere ipuien bidez: Premio Extraordinario esaten ziotena, Donostiak garai artan urtero antolatzen zituan literatur sariketetan edo Juegos Florales Euskaros izenekoetan, 1885 eta 1886-an. Baita urrezko medalla ere Durangon, 1886-an. Eta geiago ere bereganatuko zituan arek, ziur asko.

        Sariketa oietan gaillen ateratako idazlanekin liburuska bat argitaratzen zan ondoren. Ramon Artolaren ipui batzuk ere or agertu ziran. Olakoak zein diran ipuien bukaeran adierazi degu. Baiña ez ortik kopiatu ditugulako. Esku idazkia izan da gure iturria, leen esandako aldietan izan ezik.

        Artolak bere burutik sortzen zituan ipuietarako gaiak edo argumentuak. Guziak bearbada ez, baiña bai geien-geienak. Ara nola esaten dion berak irakurleari bere itz aurrean: «...asi bañan len agerkaitzen diot arkituko dituala, gañerako ipui berri txar edo nolabaitekoen artean, amabiren bat osoro berriak ez diranak...» Eta oietxek zein diran urrengo lerroetan adierazten du. Ipuigille askok bestek asmatutako gaietaz baliatzen baitziran.

        Ramon Artolaren izena etzegoan gure ipui idazleen taldean sartua. Baiña meritu asko ditu ospe ori bereganatzeko. Aren ipuien argitalpen onekin ori lortzen badu, Auspoa liburutegi onentzat poz aundia izango da.

 

A.Z.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki