Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

POEMAK

Alex Azkue

I

 

 

Paperak lurretik jaso ditiat hire gorazarrez,

hik ere usoek ogi-papurrak bezala,

jaso baithuan gazteen uzta, nahiz garia, nahiz hizkiak,

usoek ere ez diate merezi hainbat eskertuko

eguzki ttipiaren irriz sortu huan irritar zabal.

Uso gorri, urdin, berde, beltz... horiek inguratu hinduten

edota hik inguratu ahal hituan?

galdetzen diot neure buruari lau hormez osaturiko

heriotzaren zerraldoan.

Malkoek ez omen ditek bazter lehorrik uzten,

                                                        eta nireek ere,

ez dute hire irri ximelak eskeintzen zuen estalpea

                                                                aurkitzen

baina adimenak bai, adimenak hi aurkitzen hau

                                                  giro busti honetan.

Nigarrak ibai luze, odolezkoa ote...? ibai luze honetan.

Ibaiak arakatuta ere, hire bizar galduaren hileak

                                      besterik ez dugu aurkituko

hire gorputz fisiko metamorfosiaren lekuko,

lekukotasun honek dirau gugan oraino,

argi bitxi bat hintzen erraldoi artean,

izarrak bezain bitxi, Dabid bezain ttipi,

baina argia, argizarizko kandela ahulen habia,

hi hintzen.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki