Gure etxea
Gure etxea nolakoa zan begiak itxita pentsatzen jartzen naizenean, ikara eta danak ematen dizkit.
Atean sartu ta ezkerreko aldera, sukalde zarra deitzen geniona; eta ganadu aurrean bi metro zabaleko pasadizoa genduan erdian. Ate bat sukaldera sartzeko, eskubiko aldetik kuarto bat zuala; eta ezkerretik bestea.
Aiton-amonak bizi ziran. Aita eta ama ere bai. Eta gu, lau senide, bi kuarto aietan an moldatzen giñan.
Apaiza etorri zanean, gure etxean zegoala lekurik geiena eta guk artzeko apaiza esan zioten aitari auzokoak. Gure aita zanak, kuarto bat erditik itxita, apai zarentzat jarri man. Ala ere, bazan naiko lekua bi oi eta armarioa jartzeko. Ogei ta amar bat metro izango zituan kuarto bakoitzak, eta sukaldeak ere bai. Gu iru anaiak gelditu giñan erditik partitutako kuartoarekin.
Beste kuartoan iru oi baziran. Bost jartzeko ere leku-faltarik ez. Mai aundi bat zegoan bi alderditara zabaltzen zana. Festa-egunetan familiko billerak egiten ziran, eta orduan mai ori beste metro bana alde banatara zabaltzen zan, ankak erditik partituta. Zabaldu nai zanean, irikitzen zizkioten ankak eta doble luzeago gelditzen zan. Ala ere tokia bazegoan.
Ate ondoan erloju aundi bat egoten zan. Erdi-erdian eta zabalagoa, eguzkia bezela zuan, kristalarekin. Bost bat kilo pisu bakoitza izango zan. Zortzi bat egun gutxienez pasatzen zituan pisuak, jaso ta lurrera jeixterako. Kanpai-ots bizi askoa zuan. Gaur ez dakit zeiñek izango duan. Baiña oraingo senide oietakoren batek jasoa izango du. Ez da aztuta egongo, dagoan lekuan. Kaso egitea merezi duana da.
Sukaldean, berriz, beko sua, tximini zabal bat, trapu gorri bat bueltan jarrita. Bere azpian, egunez bustitako galtzerdi eta mantarrak, sekatzen egur ba tzuetan zintzilika jartzen genituan gauean. Askotan lurrez zikinduta ekartzen genituan. Goizean gogorgogor eginda egoten ziran. Orduan, bakoitzak bereak artu eta ikulluko posteari joka bigundu eta gozatzen genituan, lokatzak aundienak kenduta.
Sukaldeko leioaren aurrean, labetxoak deitzen genien. Egur-ikatzarekin sua egiten zan. Hornilloak esaten zitzaien. Festa-egunetan jana garbixeago jartzeko izaten ziran aiek.
Beko suaren baztarrean, talo-burnia. Talo-mantenua ori izaten zan. Talo-burnian taloa pixka bat gogortzen zanean, suaren aurrean txutik bezela jartzen zan. Aiek egoten ziran su-baztarrean jasota.
Beste tresna bat kinkea izaten genduan. Olio pixka bat bota, ari pixka batekin metxa bat egin eta gaiñean zeukan txulo batean sartzen zan metxa ori, mutur bat kanpora zuala. Arek, bear zuan olioa, barrendik txupatzen zuan. Ura izaten zan sukalderako argia. Eta beste kinke bat, ikullurako, farolean sartuta, ortarako preparatuak izaten ziran eta.
Tartean kandela eta argizaia ere bai. Baiña oiek gastu aundikoak ziran. Orduan diruari gaur baiño geiago begiratzen zitzaion.
Gero azaldu zan karburo-ontzia esaten geniona. Karburoarekin argia egiten zan. Oraindik gure ganbaran badago bat jasota. Sukaldean ura jarri zanean, ematen zuan eguzkitan geundela. Alkarri begira arrituta gelditzen giñan. Ikulluan len bezela segi bear, gure farol xarrarekin.