Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

LANIK GABE EZIN BIZI

Bizente Barandiaran

Beizama

 

  Beste festa leku bat ere bagenduan mendiz ibili bearrekoa: San Pedro eguna ain zuzen, Beizamako jaialdia. Aruntza ere iritxi izan giñan. Garai artan, nere etxeko koñata Santa Maiñako Aldaola baserrikoa danez, bere fameliarekin lagun giñan. Ni gure baillaratik bakarrik nintzan. Andik beste bi edo iru. Aruntza arte lagunik gabe. An lenengo kafea artu; eta lenago ordu t'erdi egiña bidean, berriz segi betik gora.

  Lenengo baserria, Txapartegi. Ezagutu nituan ango bi bizitzakoak. Batean, Jose Joakin. Aita-amakin enaiz gogoratzen. Bi alaba ta semea. Danak alde egin zuten, batzuk kalera eta besteak Jaunak deituak. Uste det terrenoak piñuak edo sasiak artuak daudela. Andik pasatzen gi±an.

  Gero, Arrata. Ganaduleku ederrak, terreno aundiak eta belar piña, altu dago ta.

  Urrena, Santa Ageda. Taberna egoten zan. Gaur ere ala egongo dala uste det.

  Andik goitik bera, an baserri batzuk badira bidean. Ez ditut ezagutzen.

  Jetxi giñan errira. An etzegoan beste festarik. Bi taberna zeuden. Bat Kontzeju eta bestea Dendaberri. Trago bana egin da plazara. Angoa jakiña zegoan: nai zuanak dantza egin eta besteak begira egon. Ni, soiñua entzun ezkero, geldi ezin egon. Amabi urtetarako asi izango nintzan. Makiña bat egin det nere denboran. Irurogei ta amar urte arte ez diot utzi. Orain ankak moteldu zaizkit.

  An lagun egin genituan Bidaniko neska batzuk. Ekin genion dantzatzen. Atera genituan anketako otzak.

  Arratsaldea aurrera zijoan. Aiek ere urruti. Asi giñan plazatik kanpora laguntzen. Aurrera segitzea nai zuten. Guk, berriz, beste aldera etorri bear. Partiran kontu saio bat eginda, ala partitu giñan.

  Gero, ostatuko tabernan meriendatu genduan. Illunduta abitu giñan. Bi ordu ta erdiko bidea. Aldaolan beste ordubete pasata, ni etxera irixterako astelena asia.

  Ala ere, ajola gutxi. Esaera dan bezela, gustoko aldapan nekerik ez. Gaur ere alako ankak baleude, segi liteke.

  Orain arte Beizamako pestetako berriak idatzi ditut. Baiñan bestela ere buelta asko egiña naiz alde ortara. Oietako bat emen jarri nai nuke. Poztuko nintzake irakurleen gustokoa balitz.

  1942 urtean Beasaingo fabrikan nenbillen lanean. Garai artan etzan beste itzik entzuten: gosea eta jana falta.

  Egun batean etorri zitzaidan lagun bat esanez ea gari tarteko baba nun zegoan ba al nekian. Beti izan naiz al dana iñori egiteko gogoa izan dedana. Ez daukat ori egindako penarik. Esan nion:

  —Saiatuko naiz billatzen.

  —Al badezu, amabost kilo artuko nituzke.

  Gure aita eta ama alkarren ondokoak zidan. Ama, Urkigoena baserrikoa; aita, Urkigoena-azpikoa. Amaren anai gazteena ni bai±o zortzi urte zarragoa. Nik ogeita bost. Urrengo larunbatean esan nion osabari:

  —Biar Beizamara joan bear det garitako babaren billa.

  Berak esan zidan:

  —Ni ere joango nauk.

  Ni gustora, ori esan zidanean.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki