Abdel Kader Zaaf
Abdel Kader Zaaf txirrindulari aljeriarrak ospe handia lortu zuen 1950eko hamarkadan, Frantziako Tourrean, gurpilak zulatzen zirenerako ordezko tubulareak bizkarrean eramaten ziren garaian. Ospe handia lortu ere, osperik lortzea nekeza den era batean lortu zuen: ezer irabazi gabe, alegia. Azken indar maluta ahitu arte erasoak etengabe jotzen zituen Abdel Kader Zaaf aljeriar honek. Gertaerarik entzutetsuena ordea, 1950eko Tourrean gertatu zen, Perpignan eta Nimes arteko etapan. Egun sargoria zen, berrogei gradutik hurbil zegoen merkurioa eta bideko galipota eguzki galgatan urtzen zen txirrindularien ibilia nekezagotuz. Abdel Kader ohituta zegoen ordea Aljeriako eguzkipean eta lehen kilometroan bertan jo zuen erasoa, inork gurpilik kateatzerik lortu ez zuelarik.
Mendiko etapa orotan bezala, zaletuek ematen zizkioten edarietatik edan eta hurrupa ari zen iheslaria. Mahasti baten paretik igarotzean, Zaaf-ek mutiko batek eskaini zion bidoia dzangada bakar batez hustu zuen eztarritik behera. Ez zuen astirik izan hura Corbiereseko ardoa zela ikusteko. Musulman zintzoa izanik, Abdel Kader-ek ez zuen sekula alkohol ttanttarik dastatu, eta zurrutada haren eragina berehala azaleratu zen, bere begiak lausotu eta palmeradun oasiak ikustaraziz lehen harea besterik ez zegoen bide bazterretan. Lehenengoz abiadura mantsotu zuen eta berehala alderoka eta balantzaka hasi zen bizikletaren gainean, gero eta motelago, gero eta astiroago, harik eta bizikletatik erori zen arte. Zutitu eta aurrera jarraitzea lortu zuen nolabait azkenean. Etaparen kontrako norabidean ordea. Zenbait ikuslek, Mahomaren mendia zirudien haren magalean zuhaitz baten gerizpean etzanarazi zuten afrikar txirrindularia, eta abanikoaz airea emanez Abdel Kader Zaaf-ek konortea berreskura zezan saiatu ziren.
Anbulantziak Nimes-eko ospitalera eraman zuen. Gaua bertan eman arren, goizeko bostetan, Abel Kader-ek bere gelatik hanka egin zuen eta, eritetxeko murrua eskalatu ondoren, etapa irteeran agertu zen bata zuria besterik ez zuela soinean, lasterketan jarraitu asmoz. Tourreko zuzendariak, Jacques Goddet-ek, bere asmoa betezina zela adierazi zion, bezperako etaparen azken 19 kilometroak anbulantziaz bete zituelako. «Horregatik bada, oraintxe bertan itzuliko naiz atzera, atzoko etapa bukatzera» arrapostu zion Abdel Kader-ek. Baina Goddet-ek ez zuen Zaaf-en borondate tinkoa onartu eta karreratik kanpo utzi zuen.