Ostiraleroko jokoa
Ez zeukan beste munduko sekreturik. Jokoa singlea zen berez: Bulebarrean bi telefono-kabina zeuden bata bestetik aparte samar, telefono-kabina batetik bestera laurogei pauso, zehatz-mehatz neurtuak. Distantziaren neurketa zehatza oso garrantzitsua zen, gainera, jokoa behar bezala egiteko. Bulebarraren erdian berriz, telefono-kabina bakoitzetik berrogei pausotara, marka gorri bat zegoen, estolda-zulo biribil baten gainean margoturiko gurutze gorri bat. Eskolatik atera eta bertan biltzen ziren ostiralero, ilunabarrean. Estolda-zuloko estalkian margoturiko marka gorriaren gainean jartzen ziren jokoa hasteko. Binaka burutzen zen lehia: elkarri bizkarra emanik, nor bere telefono-kabinari begira jartzen zen, ezker eskuaz aurkariaren eskuinekoa ukitzen zuela, bietariko inork abantailarik ttikiena ere izan ez zezan. Gero, epaile izendatu zutenak-dantza gustuko izan ez, edota korrikarako abilidade berezirik izan ohi ez zuenen bat, eskuarki ziztu egin, eta eskuan eskuaz heltzen zuen musuzapia beheratuko zuen, lasterketari hasiera emanez. Egin beharrekoa zera zen: lasterka norberari zegokion telefono-kabinaraino aurkaria berera baino lehenago heldu eta, bertako bionbo-atea raus batean ireki ostean, entzungailua eskuan harturik, ahalik eta azkarren aurrez bi lehiakideek erabakitako telefono-zenbakia markatu.
Telefono-hariaren bestaldean erantzuten zuenari dantzarako gonbitea egin behar zitzaion. Aurrena iritsi eta aurrena markatzen zuenak lortzen zuen, jakina, ia beti, baiezko erantzuna. Bien bitartean, laurogei pausotara zegoen beste telefono-kabinakoari esan dezagun garbi: galtzaileari komunikatzen ematen zion hari etenaren seinaleak.