Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ILARGIA PUTZUAN AGERI

Rafa Egiguren

Tian'an Men-Go atari zaharra

 

 

        Trafikoak uste baino lan haundiagoa ekarri digu, baina Tian'An Men-go atea ikusi behar genuela eta, Wang Fu Xin-dikan barrena abiatu gara gaurkoan. Akaso inbidiatan utziko nuen eta, badaezpada ere, ez diot Joxe Manueli ezer esan, nolanahi ere bazkalondoan japonesa batekin irten naiz bizikletak hartu eta paseo bat emateko asmotan. Bide bazterretan diru-jokoan, agureak ikusi ditugu pikotxan jarrita eta txirringa beltzen gainean eserita, manifestazioan baino jende gehiago bazebilen kaleetan. A zer nolako inurritegia!

        Inguru hauetan bizikleta asko dagoela edozeinek ere badaki, de modo que, zurrunbiloaren erdian erori gabe irauten ez dago egia esan, batere erraza. Ez ditut oraindikan kontatu, baina bost bat milioe ba omen daude Beijing-en, eta gaurkoan, denak ez badira gehienak, kalean zebiltzalakoan nago. A ze eromena!

        Eskurik gabe gidari, txuriz jantzita, arroz ontzia airean zeraman sukaldari abil batekin txoke egiteko zorian gertatu naiz hasteko. Nire lagunak, ondoren, bizikletaren gainean ardurarik gabe liburu bat irakurtzen zihoan estudiante betaurrekodunari nahi gabe enbarazo egin, eta hantxe utzi du hankaz gora, bazter batean erorita. Kilker kaiolak garraiatzen zituen aiton zahar bat aurretikan igaro, eta ametsetan galduta atzetikan etorri zaigun ileurdineko amona ere, ia-ia harrapatu dugu. Erdi Aroko zaldun baten gisa, belats kaputxaduna besoan kokaturik txistu bizian zetorren mutil gazte batek, pikatxoia bere pisu hutsean eutsita, inongo loturarik gabe parrilaren gainean zeraman langile trebe batekin egin du topo eta hortikan aurrera, elkarren artean ukalondoka, zirrikiturik estuena galtzeko beldurrez, hantxe ibili gara adin guztietako txinatarrez jositako kaleetan barrena.

        Japonesak hitzegiten zidan inglesari arreta jartzen nion bakoitzean, erortzeko zorian suertatzen nintzen eta zirkulazioari kasu egiten nionean, berriz, ez nion tutikan ere entenditzen. Ez zaigu gutxi-gutxi kostatu, baina a zer nolako deskantsua hartu dudan Tian'An Men-go atera iritsi eta bizikletak harrizko dragoi baten ardurapean utzi ditugunean.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki