Beltran gazteluratu zenean, jauregitarrak eskaratze nagusian afaritan ari ziren. Beltranek, atea zabaltzean, morroiari bere nortasuna azaldu zion, baina etxekoei bere etorrera jakinarazten ez zion utzi. Bera azalduko zitzaien ustekabeki, arima erratua bezala.
Afaltzen ari ziren mahaira urreratu zen, eta txanoa kenduz, ozenki agurtu zituen Usoaz ezer ez baleki bezala:
Jainkoak gabon, etxekoak!
Hauek txunditurik gelditu ziren Jaun Beltran aurrez aurre ikustean. Otxandak, bere begiek ikusten zutena eta belarriek entzuten zutena ezin sinetsiz, zizakatu zuen:
Baina, zu ote zaitugu?
Bai, ni nauzue, Beltran Alostorreko, hezur-haragitan.
Mahaikideak, beren amorrua ahal bezala gorderik eta aurpegiko zurbildura ezin disimulaturik, altxatu ziren beren jarlekuetatik eta poz irudiko irriabar maltzurrez, hurbildu ziren bana-bana aitajauna besarkatu ustez. Honek, ordea, nazkak eraginda, haizatu zituen azalutsok eta Usoa egon ohi zen leku hutsari begira, galdegin zien salakor:
Non da Usoa?
Gaixorik datza -erantzun zion emazteak izukor.
Gaixorik? Ez ote dago hilurren? Eraman nazazue bertantxe beragana diotsa emazteari aginkor.
Baina, zer diozu gizona! Bart, ondoezik zegoela eta sukar pixka batekin oheratu zen. Hori da guztia.
Hala hobe. Bestela...
Ez al duzu aurrena afaldu nahi? Nekaturik eta goseturik etorria baitzaitugu, noski, gizagaixo hori.
Gauza guztien aurretik alaba ikusi behar dut.
Bai, Beltran, bai, ulertzen dizut. Ez litzateke egokia, ordea, zure alabak soineko zahartu eta hondatu horrekin ikustea. Janzki garbiak aterako dizki...
Ez zuen bukatzerik izan. Beltran konturatu zen bere emaztea luzapen haien bitartez denbora irabazi nahian ari zela, eta beso batetik helduz eta astinduz esan zion zorrotz:
Berriketa gutxi eta goazen!
Senar-emazteak abiatu ziren zurubian gora, Belabeltz eta bi ahizpak elkarren artean zizaka eta txutxu-putxuka gelditu ziren mean. Lehendabiziko bizitzara heldu zirenean jauregitarren logelak zeudena, alegia, Otxandak bigarren bizitzara igotzeko zurubia hartu zuen. Beltran harritu zen, zeren bigarrenean morroi eta neskameek bakarrik lo egiten baitzuten, eta honexegatik galdetu zion andreari errezeloz:
Zertara naramazu bigarren bizitzara?
Ez al duzu Usoa ikusi nahi?
Noski, baina jauregitarren etzangoak lehendabiziko bizitzan daude eta ez bigarrenean, eta ni gaztelu honetatik atera artean, Usoak, guk bezala, lehenengo bizitzan lo egiten zuen.
Orain, bigarrenean, neskameekin batera, berak hala nahi baitzuen.
Berak hala nahi zuela?
Bai, berak eskatu zidan; gusturago omen zegoen. Otorduak ere morroi-neskameekin egiten ditu. Zer nahi duzu? Berak hala nahi du.
Sorgina zeu! Zer tratu eman diozue zerbitzariekin bizi nahi izateko? Deabrukumeak ez besterenak! Ustekabean harrapatu zaituztet eta zuen bekatua ezkutatzeko denborarik ez duzue izan. Horra ba, nik esan: erein duzuena bilduko duzue.
Otxandak, hitzik erantzun gabe, Usoaren etzangoraino eraman zuen eta atea irekiz esan zion:
Hauxe da Usoaren logela, baina orain hutsik dago, berak hala nahi izan duelako.
Berak hala nahi izan duelako? Zer esan gura duzu horrekin?
Horra, Usoa aspaldion inbidiaz erretzen zegoen Antxaren perlazko koilareaz, eta gaur zortzi, suntsitu egin zen gure alabak gordeta zeukan kaxoitik. Berehalakoan, morroiren edo rniraberen batek ebatsiko zuela pentsatu genuen, baina, bazterrak miatzen hasita, Usoaren logelako kajoi batean agertu zen, eta berak aitortu zigun, bekaitzez erreta ebatsi zuela asmatu zuen bat-batean Otxandak gezurretarako zuen erraztasunez, bai baitzekien Belabeltz eta bi alabak bere irainak sendoesteko beti prest zituela. Orduan nik jarraitu zuen behazuna zeriola zortzi egun dorreko ganbaran giltzapeturik egotera kastigatu nuen. Berak egindakoarentzat ez da zigor handia.
Ez ezan jarrai aho-ustel horrek bota zion Beltranek bere irakinean zukatik hikara pasatuz igarri gabe zapokeria berriak asmatuz. Hamaika aldiz iruzur egin didan, baina ez didan hamabigarrenik egingo. Beraz, dorreko ganbaran daukan?
Bai, merezi baitzuen. To giltza eta ikus ezak herorrek jarraitu zion hika Otxandak, nik ez zeukanat zertan joanik hara.
Beltranek, ganbarako giltzatzar herdoildua andreari eskutik kenduz, honela esan zion:
Ganbaran eta giltzapeturik! Urdakumea! Hoa, ez haut begien aitzinean gehiago ikusi nahi; baina, Usoa honetatik bizirik ateratzen ez bada, heu joango hatzaio gibeletik hilobira.
Beltran badoa lasterka dorreko ganbarara, sartzen du giltza sarrailan eta bihurtzen du emeki baina sendo. Sarraila herdoilak jana zegoen eta irekitzerakoan karraska garratz bat egin zuen. Giltzaren karraskotsa entzutean, ahots erne ahul bat atera zen gelaren barrutik eskarikor. Beltran gelditu zen pitin bat ahots gupidagarri hark zerion hitza entzutearren: