Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

LAN HAUTATUAK

Nemesio Etxaniz

Marrakatx

 

 

        Ura ere bazan, ba, gizona. Ta bazuan beste erriko guziak bezela bere gaitzizena». Marrakatx deitzen zioten eta izenik jakin nai bazendu ezingo nizuke esan. Gaitzezenez bakarrik ezagutzen baigenduen errian.

        Garizuman giñan eta Azkoitian Mixioak ziran gertaera borobiltzeko. Edozein erritan sasoi artarako ots aundikoak ziran Mixio-egunak, eta Azkoitian ezin aundiagoak. Erderarik iñork etzekian aldi aretan, eztakigu ze liburu txar arki zitezkean Azkoitiko etxetan. Bertso berdexkaren batzuek izan ezik. Baiña Mixioak, Mixioak ziran eta arratsalde artan, mixiolariak inpernuko garrak jendeari musu aurrean jarriaz, trumoi gogorrak jo zituan kulpitu gaiñetik.

        —«Liburu txarrak, nere kristau maiteok, liburu txarrak ondatu dute mundua! Liburu txarrak bere etxean sartzen dituanak, ondamendia dakar bere buru gaiñera. Zer dira izurriak? Zer lurrikarak eta ujolak? Ezer ez, liburu txarren kalteak gogoan artu ezkero! Kristau biotzekuok! Iñork orrelako zorigaitzik balu: norbaitek bere etxean liburu txarrik sartu badu, gaur bertan, biarko egun argiaren zai egon gabe, artu ta surtara bota bitza paper galgarri oiek».

        Etzan besterik bear, Marrakatxek elizatik atera zanerako, berarekin zeraman arra. Liburu txarrak... liburu txarrak... Arek egingo zuan garbitasuna etxean. Joan da sukaldeko alasera ta atera du andik kuadernotxo bat.

        Andrea konturatu baiño len, an dijoa surtara gure kuadernua. Ene bada! Ura zan andrearen larria, paperak erdi-erreak ikusi zituanean:

        —Baiña ze egin dezu, gizona? Zorretan dauzkagun ogien kontua ortxe genduen da!

        —Nik mixiolarien esanak bete bear ditut eta gaur garbi asko esan digu zer egin bear diegun liburu txarrei. Gurean liburu au baiño txarragorik ezta, bai, ta surtara lenbailen!

        Zorren kezka garbituta ondo biziko zan bere etxepean. Pepito Mitxel bigarren bizitzan izan ezpalu. Marrakatx irugarrenean bizi zan eta Pepito Mitxel bigarrenean, esan degun bezela. Mitxelek gabero, egundoko legatza arrapatzeko oitura santua zuan. Jakiña! Aren legatza legorrekoa zan; Goiko tabernan-edo eskuratutakoa.

        Marrakatx lorik ederrenean zegoela, an etorriko zan Mitxel upel batek aiña ardo barruan zuala, ta gabero-gabero, kale osoa esnatuaz, asten zan aldaba joka:

        Dan!.., dan!. ..dan!...

        —Genanio alue! Bigarrenean bizi ta iru aldabakada jo bear.

        Marrakatx bere lo betetik esnatu ta an jetxiko zan prijipriji eginda atea irikitzera.

        —I al itzean? Genanio arraijue! Auek al dittuk jendie esnatzeko orduek?

        Baiña biotz ona zuala bazekian Mitxelek, eta urrengo egunean ere, an joko zizkion berriro iru dan-daneko ederrak. Iru trumoi baiño gogorrago entzungo ziran gabeko ixillean:

        Dan!. ..dan!...dan!...

        Or dator Marrakatx ixkillaretan bera, su ta gar:

        —Aizak, Mitxel. Nei eztiek adarrik joko geijo. Emendik aurrera, Dan!... dan! Joko dek eta ez Dan!.. dan!.. dan!... Neu jatxiko nauk, baiñe ez daijebela esan: or zitorrek Marrakatx moxkortute. Bakoitzei berie, e? ta kitto!

 

(Zeruko Argia, 1964- IV- 5)

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki