Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

IZOTZ-KANDELAK

Nemesio Etxaniz

        Nemesio Etxaniz (Azkoitia 1899-Donostia 1982) apaiz euskaltzale eta langile nekagaitza izan zen bere aldi guztian. Ipuin, antzerki, olerki, abesti, irrati-gidoi eta abar idatzi zituen: euskarak zer behar, berak hura egin, agintariekin beti lehian eta borrokan, frankismoak uzten zuen zirrikitu txikiena baliatuz euskarari bultza egiteko. Izan zen, hala ere, argitara gabe utzi zuen lan bat, zentsuraren eraginez baino gehiago bere lankideen eta gogaideen beldurrez: hain zuzen ere, gaur estrainekoz plazaratzen dugun «Izotz-kandelak» eleberriak apaiz baten bizitza eta gorabeherak kontatzen ditu; don Ximon du izena apaizak, eta hainbat zatitan don Nemexioren beraren bizitzaren antz nabarmena. Autobiografiko samarra ote den, alegia. Horrez gain, eleberriko protagonistak fedeari buruzko zalantzak eta seigarrenaren inguruko duda-mudak erakusten ditu, eta horrenbestez ez da harritzekoa ere Etxanizek halako kezka izatea, liburua kaleratzeko une egokia ote zen; kezkak kezka, argi eta garbi azaldu zuen, behin baino gehiagotan, bere lana moldiztegira eramateko gogoa eta, urte batzuk ezkutuan eman ondoren, Mikel Atxagak berreskuratu du eskuizkribua eta Iñaki Segurolak prestatu edizioa.

        Liburu honen bigarren zatia ez zen jendarterako idatzi, hasiera batean. Gipuzkoako Gobernadore jaunari eta beste zenbait jaun eta jauntxori eskutitz ugari idatzi zien don Nemesio zenak, euskararen eta euskaldunen zapalketa behin eta berriro salatzeko, eta herri honekiko erruki eta errespetua eskatzeko. Bere apaiz izaera erabiltzen zuen errejimen katoliko hari kontraesanak sortzeko, eta ez beti eraginik gabe: Valencia Remón gobernadoreak kontzientzi arazoak zirela eta utzi zuen bere kargua. Irakurtzeko zoragarriak izateaz gain, balio historiko aparta dute gutunok, bai eta eranskin gisa Segurolak prestatu dituen agiriek ere.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki