XXIII gandua biotzera
Ala gauzak, egun batean uste gutxiena zuana gertatu zitzaion. Ari zan etxe batean neskatxa batekin izketan, ezeren susmo ta asmo txarrik gabe. Neskatxa ura urrea baiño piñagoa zan eta ongi ezagutzen zuan don Ximonek. Mutil bati etzion emakume arek urreratzen ere utziko. Baiña abadea, arekiko, beste ama bat bezela zan, iñolaz ere. Etzekian gaixoak abadearentzat bera alaba bezela etzanik.
Izketan ari zirala, don Ximonek erdi-parrez, asarrerik gabe, zerbait esan dio. Neskatxak itz aiek benetan artu dizkio, asarre itzak ziralakoan, eta negarrari emanaz, or dijoakio apaizari bere burua aren bularrean izkutatzera. Don Ximon etzegoen artara oitua. Emakumea bere bizi guzian urrutitik artua duan gizakumearentzako, emakume bat biotz gaiñean artzea kontu ikaragarria da.
Aurrenengo, etzuan asmatzen zer egin ain ustegabean itsatsi zitzaion emakumeari. Erromako irakaslearen iritzi ura entzun aurretik izan balitz, emakumea beregandik aldenduko zuan azkar asko. Seigarrenean dena oben astuna bazan, arrixku geiegia zan emakumea era artan artzea; baiña orratx!, iritzi arek orain beste jokabide bat artzeko zalantza jartzen zion. Seigarreneko gauzak ain astunak ezpaziran guziak, zertarako bota beregandik ain asmo onez bularreratu zitzaion neskatxa?
Utzi zion, ba, pixka batean egoera artan; lepotik eldu ta itz gozo batzuen bidez baretu zuan emakumea. Gero, bere buruari indar aundia egiñaz, atzeratu zan, gauzak aurreregi joan etzitezen bien artean. Jainkoak bakarrik daki ogei ta amar urtetik gorako abadeari zenbat kosta zitzaion egoera ura onela etetzea. Odol guziak buruan zituala atera zan etxe artatik.
Abadearentzat, emakumearen jokaera ura, Colon-entzat Ameriketako lurrak arkitzea baiño arrigarriagoa izan zan. Kulpito ta aitorlekuetan ezer aitatzen eta madarikatzen bazan, emakume ta gizakume arteko griña ori zan. Abade-artean zebiltzan emakumeak, beraz, milla aldiz entzunak zituzten lizunkeriarekiko arrixku ta madarikapenak. Ta ala ere, abadearekin ain estu egoteak etzion kezkarik ez asmo txarrik sortzen. Ura mundu berri bat zan don Ximonentzat.
Eta orduan erori zitzaion beste laiño beltza: bere buruaren konpiantzarik eza!
«Zer naiz ni? zion berekiko. Zer dira nere siniste ta iritziak? Apaizgaitegian eta geroko urtetan seigarren aginduan utsegite ariñik etzala erakutsi zidatenean, ontzat ematen nituan ortarako aitatzen zizkidaten arrazoibideak. Eta orain, Erromako irakaslearen iritziak jakin nituanetik, lengo arrazoibide aiek oso aultzat jotzen ditut. Noiz nebillen zuzen? Len ala orain?... Eta orren errez aldatzen dan nere irispide onek, zer balio du?»