Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

TERRALA

Patxi Ezkiaga

Loiola auzoko negua

 

 

Azken bi hilabete hauetako lehen euria

muturra garbituz doa Donostiko zeruari,

larrua zipriztinduz itsasoaren sabelari.

 

Urak, korritzearren, ildoak urratu dizkio

hare malgua babestu duen lurrari;

milaka ibai hondo ta milaka erreka eman berari.

 

Etxeetako armairu irekien ordu larria da,

aterkiak, kanguroak, gabardinak, botak

presaka ibiltzearen urteroko negu lasterketa.

 

Ama gazte txiklezaleak udaberria arte ezkutatu diote

eguzkiari gorputz lirain, beltzarana,

gainean izanik pobreen zuritzearen aroa.

 

Arratseko telesaioaren etxean bizi dira,

tragikomediaren ahots biguin, xuxurlariek

itoaz orain arteko itsas ertzeko uhainen kondaira.

 

Kafetegi atarietako burnizko besaulkiak

pilaturik dautza, gau triste oro nostalgiaz

galduz bakardadeak urraturiko pinturazko azala.

 

Hilabete batzutan ez diote keinurik egingo

Donostiko haur ederren jantzien ostadarrari,

kolore hotzen itzal zekena hedatzen doalarik.

 

Kurpiletaz halabeharrez asperturik, haurrek

etxeko ganbaran laga dituzte bizikletak,

haurtxoen amek triziklo ta patineteak.

 

Isil isilik luzatzen dizkiete aiton amonei masailak

ta ahots ezti, motz, desafinatuaz abesten

eskolan ikasi berri dituzten kantak.

 

Bapatean izadia hutsik dager anbizio ezaz,

abaraska ta horbela zikin, zaztar, ziztrindua

ibaien sabelean ta basoko bidezur ta mazeletan.

 

Bapatean haurren belarriak gurasoen gerorako

plan, egitasmo ta ametsez gainezka doaz...

ongi, bikain, nahiko eta suspentsoaz.

 

Eta halere inon ez dago lasaitasunik.

Turmisetik pasa gabe jaten gaitu lanbroak. Zaharregiak

gintezke bizitzaren grazia somatzeko, agian.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki