Koldo Izagirre
Panpinen Erreinuan panpina desberdinak ageri dira, eta desberdinak dira bizi diren eta ito egiten dituzten munduak ere. Zoramenean zorrotz, hankapean etsikaitz, inuzentkerian maltzur, Egileak manipulatzen dituen hariak eten eta bizitza autonomo bana hartzen dute marioneta bihoztunok: Egilea ez da ez izakien ez hitzen Jainko. Mikel Hernandez Abaitua literatoa da.
Literatoa da euskal idazlari guztiak bezala hizkuntza ikasi behar izan ondoren, euskal literato bakan batzuek bezala hizkuntza desikasten jakin duelako. Hernandez Abaituak badaki noski zein garrantzizkoa den hitzaren halakoa edo bestelakoa. Badaki orduak ematen hitz egokiaren hautaketan. Badaki adjetibo bakar batek ezin duela obra bat ondu, baina bai hondatu. Eta hau, amigo, dohain garestia da.
Hernandez Abaitua zenbait lehiaketatan saritua izan da, ezaguna da bere izena, Susa-n eta Oh! Euzkadi-n kritika lanak idatzi ohi ditu. Baina autore aipatua izatetik autore irakurria izatera pasa zedin, derrihorrezkoa zuen liburu bat plazaratzea. Honetan, bere kezka literarioak garbi isladatzen dira estilo eta gai desberdinen esplorazioan, «Sudurra» bezalako josteta-ipuinetik «Nota urdinak» nobela saioraino, influentziak eta makurtasunak izkutatu gabe, benetako biluztasunean. Konplejurik ez, ironian babestua hala ere, Hernandez Abaitua azken urteotan sortutako idazle eginenetako bat dugu, eta Panpinen Erreinuak ez dirudi estrainaldiko liburua.
Alabaina, talentoak ematen duen heldutasun goiztiar eta gehiegitan traidore horrekin, ez lukeela liburu hau argitaratu behar dio aldizka, orijinala eskuz esku erdi galduan ibili eta editorialean txanda zain hautsak ia jan arte egon ondoren, zaharkitua edo irizten dio egileak, badu bestelakorik burututa. Baina nahitaezkoa du argitaratzearen biluztasuna sentitzea, bere lehen liburuaren beldurra eta lotsa jasan eta garaitzea. Irakurleak ez du sentituko auzo-lotsarik.