Egun on, andre Klara; zer darama hor, legatza?
Bai zera, enplastua! la erotu naiz, andre Karmen!
Zer du, hagineko mina?
Andre Paula joan da kofrea ixtera eta burua ez zaio bada gelditu barrenen? Hain gutxi ikusten du, ez daki nolako ikara eman digun.
Jesus mila bider.
Graziak beheko zapatagileari, atera diola batere mailatu gabe.
Ez zitzaion hortzik eroriko?
Nola erori, ez badu!
Horregatik diot bada, ez zitzaiola eroriko. Eta adi beza, bart komerian omen zan?
Nere santu hartuari eskatu diot, ni ez eramateko berriz teatro komerira. Kartzelan sartu ez nindutenean!
Zer esaten dit!
Aditu beza, Andre Karmen, aditu beza! Berorrek badaki aktoa akabatzean nola kurtina haundi bat jatxitzen duten.
Bai.
Bada hura jatxi eta laister, gure behean zeuden hiru edo lau kabailero, ez bat eta ez bi, non jarri diran neri begira, bastoien kirtena erakutsiaz eta esanaz:
Hori da, bai, hori: esa bruja, esa.
Eta beste kabailero moduko bat, burutik txirrioan odola burutik barrena dariola.
Jesus, Aita eta Semea!
Batek neri begira antiojoak kopetan jarri eta hala zion ojuka:
Hori da hori, harri koskorra tiratu duena. ¡A la cárcel!
Harri koskorra, andre Klara!
Haien iskanbilak! Jende guzia nabarmendu zan berehala eta arrantzale batek hala dio aldamenetik:
Lupiak izutzen hasiko zan eta gero hala dio berriz farrez, hots haundiko haize bat boteaz:
Etxekoandre, aguro ibildu, galerna gainean degu eta.
Pentsa beza zer lotsa!
Berriz esan beza!
Han etorri ziran hiru zeladore eta beste bi ezpatekin, uste det gerrako ontzikoak zirala, eta hala dio batek:
Berorri al da harria tira eta beheko kabaileroari buruan zuloa egin diona?
Ni?
Berorrek egin du, harria tira eta eskua gorde.
Aita San Antonio jartzen det testigu... eta hala dio arrantzaleak:
Laja bezaio San Antoniori, lotara joana da eta.
Bat dala edo bestea dala, harria hemendik tirea da dio zeladore batek, biboteari tireaz pezetako eraztun dublezkoa erakusteagatik.
Baina, andre Klara, berorri ez zan izango? dio andre Karmenek arkakusoa disimuloan harrapatuaz.
Pentsatzea ere hori!
Hontan altxa da nire aldamenean zegoen gizon bat eta hala dio zeladore lepoan hiru gulintxo dituen bati:
Inork ez du kulparik, zergatik inork ez du harririk tiratu.
Zer esan dezu? dio gerrako ontziko jeneralak sablia aterata.
Garbitzera noala painueloakin, neri erori zait...
Zer! diote denak batean.
Begia!
Eta begiarekin jo eta gizona odoletan laja dezu? Gezurra da hori, begian igartzen dizut.
Ez, jauna, egia da, zergatik begia zan kristalezkoa, bestela ikusi nahi duenak bere begi zuloa.
Rekontra, eta egia da; arratoi zuloa dirudi.
Egingo balidakete mesede bilatzea.
Honela jatxi ziran esan bezala eta bilatu dute kristalezko begia txoko batean tristiago, bazirudien alkatearen aurrera eraman behar zutela.»
Jende guzia farrez zeguela hala dio arrantzaleak:
Kaieko enpleatuen begia da hori.
Zergatik?
Ikusten ez duelako.
Horra zer lotsa, andre Karmen.
Eta zer egin zioten gero begiari?
Jabiari entregatu eta gizarajoak presaka jartzeko zorian, okerreko aldera sartu zuen begi zuloan.
Okerreko aldera?
Bai; begia barnera eta txuria kanpora; usoen arraultza zirudien jarri zuela. Ez neukan gogo handirik baina harri begira farra egiten nuen.
Sikiera horrela pasa zenean...
Hala da, andre Karmen. Presa det eta banua.
Neronek ere presa det; adio, adio, andre Klara.
Bijua ondo, andre Karmen.