Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

POLIEDROAREN HOSTOAK

Joan Mari Irigoien

Hego Amerikako lagunei:

eskaini zenizkidaten eguzki puska haiek eskertuz

 

 

        Aspaldidanik nengoen zuekin zorretan. Egunero oroitzen zaituztedala esatea ez zitzaidan aski iruditzen. Honegatik dedikatzen dizuet liburu hau, ongi jakinarren oraindik ere zorretan geratzen natzaizuela.

        Egunero oroitzen zaituztet, bai. Nola ez gogoratu nire lehenengo amodioa zirudien Caracasko eguzki hura? Nire bigarren hiri bilakatu den Caracas, bizitza bezala kontraesanez jositatako Caracas hori, hiri maitagarria, hiri gorrotagarria: palmondoz inguratutako mantsio haien kontrastean, Monte Avila mendian behera hiriko ahots-lokarriak diruditen zoritxarreko txabola haiek latorrizko oihartzunetan desegiten; bizkarretik harro bihurrita, asfaltozko suge zabal dinamikoak diruditen autobideak alde batetik, eta bestalde, oinazearen norabidean harrapaturik gelditu bailiren, zeharka begiratzen duten kale estu oker haiek; zoriontsuak ziruditen exekutibo itxurako gizon korbatadun haien ondoan, BAR iragartzen zuten neonargi izpietatik esperantza bat eskegi nahian zebiltzan puta haiek. Eta hala ere...

        Nola ez gogoratu Cartagena de las Indiasko eguzki urdina, hango itsasoa inongoa baino argiagoa iruditu zitzaidan, kristal urdin batetatik uhin bare aierukorrak sortzen ari zirela zirudien, eta han, harearen kontra, etengabe, kristal zurizko besarkada linealetan desegiten zen Bakearen irudia marrazteko. Ni nengoen talaitik gezurra ziruditen pirata eta korsarioen ibilaldiek, gezurrezkoak hango gazteluek, zeintzuek guduetarako eraikiak baino gehiago itsasertzeko ispiluari so zirauten harri zamalkatuen sinfonia bait ziruditen, eta han ere, Blas de Lezoren gizairudia, hankamotz, besomotz eta begibakar, hantxe Blas de Lezo itsasoari begira, agian, nork daki, itsaso berbera iraganaren ametsezko luzapen bat bezala sentitu nahi eta ezinean, hala zirudien behintzat begi galduan zirakion itsasaparragatik. Eta hala ere...

        Eta Medellíngo eguzki laurdena, Caracas baino herri tormentatuagoa eritzi nion Melleníni, ez nituen sekula hainbat elbarri, hainbat itsu, hainbat herren, hainbat besobakar, hainbat puta gazte, hainbat eskale ikusi, ebanjeliotik ateratako eskena bat zirudien baina han ez nuen ikusi besoa berreskuratuko zuen besobakarrik, ez ikusmena berreskuratuko zuen itsurik, ez loteria tokatuko zitzaion eskalerik,

 

                eta han

                Medellíngo banku hartan,

                goseak,

                etzanda,

                ehundazazpi adabaki galtzetan,

                zer balio du hitz batek,

                zer nire hitzak,

                epilepsiak eraginda

                bizitza ahotik okatzen denean,

                bizitzak beazun forma hartzen duenean,

                zer balio du hitz batek

                zer poema batek

                Medellíngo banku hartan,

                erlojuaren orratzetako berunezko besoetan.

 

        Eta hala ere...

        Eta Ecuadorko eguzki konikoa, mila arlotan ebakitako lurra, eta hantxe Quito, Pichincha-ren magalean, denboraren poderioz kale zahar mehar haiek sumendiaren zain bilakaturik, sumendiaren taupada ezkutuen eraginaz kolore orotako odola gora eta behera zirkulatzen, eta han, honuntzago edo haruntzago, beste sumendi bat, eta beste bat, horra Cotopaxi, Chimborazo, Iliniza N eta Iliniza S, eta hantxe ere indiarrak, esku hutsik, mendi gailurrei so, agian, nork daki, haritan zirpiltzen ziren hodeiez elurrezko esperantzak bordatu nahi eta ezinean. Eta hala ere...

        Eta Guayaquil, Medellíngo eguzki laurdenaren eguzki laurden simetrikoa, non nerabe haiek beren laguna makiladaz astindu bait zuten, nork daki zergatik, nork daki tripa hustu batetan zer gerta daitekeen, eta inpotentzia, eta nazka eta ezina eta inpotentzia, eta nazka eta ezina berriro. Eta hala ere...

        Eta Lima, hiri handietako kontraste beretsuekin baina beti lanbroaren pean, maindire gris haren pean fantasma bihurturik... Eta Huancavelica, Huancayo, Abancay... eta Cuzco, inca lurraldearen hiriburua, eguzkiaren sabeletik sortutako luma: nola ez gogoratu Andesetako mendi mazelez osatutako Jose Maria Arguedasen poliedro itxurako gorputz hautsiaz eta haren jadanik sufrimendua inon kabitzen ez zitzaioneko suizidioaz, indiarragotzat zuen bihotz hura ezpata zuriak iragana, Limako espazio goibel hertsian kondorearen hegalada mugagabea berraurkitu nahi eta ezinean, Tupac Amaru-ren hilobitik sortzen zinen dei erdinagarrietatik ezinezko ametsak gorpuztu nahian, zumbaylluaren antzera, ezerezaren inguruan etengabeko zirkuluak osatu nahiz jirabira desesperatutan ibili zena. Eta desesperoa ezina, eta ezina jasakaitz bilakatu zitzaion. Eta Limako hodeiek, agur gisa, pistola baten irudia marraztu zuten unibertsitateko enparantzan eta agur Arguedas, se suicidó José M.ª Arguedas, hori zioten egunkariek eta hala ere...

        Hala ere, bere burua hilarren ez zen Arguedas hil, nik ikusi bait nituen haren begi tristeak ibai sakonenetan harribil distiratsu bilakaturik, nik entzun nuen haren ahotsa Andesetatik behera amiltzen diren erreken gurguraian, nik usaindu nuen haren izpiritua Andesetako gailurretan kondorearen elurrezko hegalada bihurturik, nik dastatu nuen Sacsahuaman gordelekuko harri zirrituetatik zehar isurtzen ari zen Arguedasen malenkoniazko begirada, eta lau mende luzenen zehar umilatutako inca indiarren azala ukitutakoan Arguedasen azala ukitzen ari nintzela konturatu nintzen, bai, nik, nik neuk sentitu nuen haren poza zumbayllu burrunbariaren dantzan, nik neuk nabaritu haren sufrimendua llamen oinots pausatuetan, nik neuk irakurri haren suizidioa Eguzkiaren Tenpluko ezinezko eguzkian. Baina ez, suizidatuagatik ere hil zenik ezin esan, nik ikusi, nik entzun, nik usaindu, nik dastatu eta nik neuk ukitu egin bait nuen Arguedasen izpiritu indiarra ezpata zuriak iragana, nik neuk sentitu, nabaritu, irakurri bait nuen, oihartzunak bultzata, Andesetako gailurretik gailurrera jauzika zebilen izarmairezko melodia:

 

                Kausarak'mi kani

                alconchas nisunki

                luceros nisunki

                kutimusk'rak'mi

                vueltamusak'rak'mi

                Amarak'wak'aychu

                muru pillpintucha

                saywacha churusk'ay

                manaras tuninchu

                apurikamullay

 

                (Oraindik bizi naiz

                aztorea nitaz mintzatuko zaizu

                goiko izarra nitaz arituko zaizu

                oraindik itzuli beharra dut

                itzuli beharra dut oraindik.

                pinpilinpauxa narriotsu hori.

                Gailurrean altxa nuen harri-meta

                ez da desegin,

                nitaz galde egiozu)

 

        Ez, hala ere ez da nigar egiteko ordua, eguzkiak Andesetako gailurretan altxa bait zuen harri-meta. Ameriketako esperantzaz galde egiozu.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki