Osaba Jexux: osaba sozialista. Nerabe nintzelarik ongi oroitzen naiz sozialista (nahiz nazionalista, nahiz errepublino, nahiz anarkista...) hitzek nigan sortu zuten liluramendua. Niretzat ez zen osaba Jexux osaba, sozialista baizik. Urteek soilik erakutsi didate jazoera haren arrazoia izen-deitura nagusitzat elkarte batzuen siglak eta sloganak hartu dituen herri batetan: paso handira.
Siglen garrantzi handia, izenaren garrantzi txikia: enbido, txikira.
Sigla batzuk eta besteak: parerik ez.
Sigla batzuen zerbitzuen jokatu: hordago!
Hor dago kroska.
Esan nahi nuen, bada, nire osaba Jexux muslaria hil zutenean, izeba Teresa, alargundurik, bakarrik geratu zela. Handik zortzi hilabetetara nire lehengusua, W jaio zen.
Osaba Jexuxen adineko jendearen informazioegatik, baina batez ere guraso eta osaba Lazaroren datuegatik, W-i jarritako izen arrotzaren misterioaren erraietara iritsi eta gertaera erabat berreaiki ahal izan dut.
Honela, gerra osteko diktaduran, herriko parroko bezala urtetan jarraituko zuen don Felixen sermoi itogarriak jasan behar izan zituzten herritarrek. Don Felixen sineskeria nagusienetako bat aingeru goardakoaren eta gorputzak projektatutako itzalaren identifikazioan zetzan.
Aingeru goardakoa, teologiaren ardatzetako bat, eta ez ahantz gurekin bizi denik, gure oinetatik luzatzen den itzala berbera dela hori zioela bere sermoietan esan zidan osaba Lazarok eta hori neronek ere berretsi ahal izan dut, don Felix ni ume nintzelarik hil bait zen, eta ilunetan bada ere, halako zerbaitetaz gogoratzen bait naiz. Eta nire gurasoek eta osaba Lazarok diotenez, izeba Teresak, senarraren hilketaren berria hartu zuenean, umontzia eskuetaz estutuz hauxe esan ornen zuen:
Politika, horrek hondatu gaitu, asabak karlistak zirenean karlistak zirelako, gurasoak nazionalistak direnean nazionalistak direlako eta Jexux, berriz, sozialista delako..., baina hau bukatu da.
Eta ondoren gelako gurutzearen aurrean belaunikatuz hitz hauek esan bide zituen:
Jexux, gurutze honen aurrean zin dagizut nire sabelean daramadan haurrak ez duela politikaz hitzik egingo, bake santuan biziko dela eta beharbada ere, betirako baketan utz dezaten ezin ahoskatu den izena jarriko diodala.
Eta haurra jaiota, handik laster, haurrari izena jarri behar zitzaionean, apezarengana hurbildu zen izeba Teresa:
Apez jauna, inork ezin ahoska dezakeen izena jarri nahi diot haurrari.
Baina pentsa, Teresa ihardetsi zion don Felixek, pentsa Eliz Ama Santak bere arauak dituela eta nahi eta nahi ez santu baten izena jarri behar diozula.
Apez jauna, santu baten izenaren itzalaren izena jarri nahi diot.
Aingeru goardakoarena ezta? eta orain don Felix arras animatu zen izebaren ideiarekin.
Bai, bai.
Eta zein da izen hori?
W.
San Wenceslaoren aingeru goardakoaren izena, ezta?
Horixe, don Felix.
Eta egun haietan, herritarrek diotenez, orduantxe hasi zen santu izenen ordez goardako aingeru izen ugari ipintzen don Felix. «Hobe da itzal bat bezala iragan mundu honetatik ze eta ez gerra eta istilutan» pentsatzen zuten nire izeba Teresaren antzeko familia haiek, eta horrela, teoria horren arabera, lehenengo 28 familiek alfabeto gaztelaniaren hizkiak agortu zituzten. Hogeitabederatzigarrenari TZ izena, ezinbestean, aukeratzea bururatu zitzaion. «Euskal hotsa da hori esan zioten ahots aholkulariek, problemak izango ditu, ez du bakerik izango» eta orduan AB izena jarri zioten Absalonen goardako aingeruaren izena zela pentsatuz. Beraz, handik aurrera, saindutegiaren izenei jarraiki nahi ez zitzaizkienak (hizki bateko izenak ahituta, don Felixek, nork bere goardako aingerua guztiz berezia zuela aitortuz eta aingeru goarda bakoitzaren nortasun berezia salbatzearren, izen desberdina jartzera behartu zituen herritarrak) bi hizkitako konbinapenarekin hasi ziren beren haurrak mundu honetatik, ahal izanik, buruhausterik gabe, itzal batzuk bezala iragan zitezen.