Marka guztiak haustera dator Joan Mari Irigoien nobela berri honekin: «Lur bat haratago» euskaraz inoiz idatzi den eleberri mardulena da, eta askoz gauza gehiago ere bai. Historia handi, eder, mamitsu, liluragarri bat kontatzen digu beste hamaika istorio txiki, bitxi, jakingarriren bitartez, irakurlea bere giroan blaituz eta bere sarean harrapatuz, denbora luzerako. Izan ere, XVII. mendeko Nafarroara garamatza egileak: familia handikia dira Etxegoiendarrak, urte luzez erbestean egonak Gaztelako inbasioari aurre egiteagatik baina agintari berriekin ostera adiskidetuak, eta etxeko seme bigarrena dugu Joanes, eleberriko protagonista eta kontalaria. Bi munduren artean sentitzen da etengabe Joanes Etxegoien: arbasoen heroitasuna eta gurasoen pragmatismoa, zientziaren argia eta erlijioaren abaroa, tradizioaren babesa eta modernitatearen deia, lurra eta itsasoa, Europa eta Amerika, katolikoak eta luthertarrak... Halakoxea baitzen sasoi hura ere, kontraesanez eta zalantzaz betea.
Garaiko pentsaeran eta bizimoduan erabat murgildu da Irigoien, girotze lan bikain bat eginez, baina, horren gainetik, sentimenduz taupaka eta indarrez gainezka dagoen kontakizun biribila eskaintzen digu, eleberri historikoaren jantzipean egungo irakurleentzat gaurkotasunez beteriko gaiak eta gogoetak proposatzen dituena: boterearen dogmatismoa, etsaiaren satanizazioa, libertatearen aldeko kantua... Horri guztiari, bestalde, hizkuntzaren ederra erantsi behar zaio, barrokoaren kutsua eta zaporea duen euskara erabili baitu Axularren omenaldi modura baina aldi berean ulertzeko erraza eta irakurlea gozo bilduko duena bere doinu eta erritmo berezian.
Nobela eder ugari eskaini dizkigu Joan Man Irigoienek orain arte (gogoan izango ditu irakurleak hainbat titulu), baina esan liteke gutxitan jotzen den bezalako gailurra iritsi duela oraingoan, abentura eta hausnarketa, emozioa eta jakintza inoiz ez bezala elkartzen dituena. Gonbidapen bat da hau, «Lur bat haratago»-ren mundura sartzeko: urratsa eginez gero, literaturaren sorgintzeak luzaro iraunen du.